AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / EFE
2024/10/09 11:00

Etxebizitza, eskubide izatetik urrun, finantza- eta errenta-eragile handiek milioika pertsonaren kontura aberasteko darabilten merkatu-ondasuna da, datuek adierazten duten moduan. Espainiako Etxebizitza eta Hiri-Agenda Ministerioaren azken datuen arabera, alokairuko 3 milioi etxebizitza baino gehiago daude erregistratuta (3.084.918), eta horien %15 daude "etxejabe instituzionalen" esku; hau da, 400.000 etxebizitza baino gehiago kudeatzen dituzten inbertsio-funtsen eta bankuak bezalako enpresa handien esku.

Ehuneko horretatik, 175.000 "putre-funts" direlakoen zuzeneko kontrolpean daude. Beste 270.000 etxebizitza, berriz, merkataritza-sozietateenak dira, euren praktiketan putre-funtsetatik ia bereizezinak direnak eta banketxe handiekin erabateko harremana dutenak.

Erakunde pribatu handien kontrolpeko %15 horri, titulartasun publikoko 320.000 etxebizitza gehitzen zaizkio, guztizkoaren %10 baino ez. Hala ere, jabetza publikokoak izan arren, unean uneko politikari profesionalen interesen arabekoa da horien kudeaketa, eta ez benetako etxebizitza-beharren araberakoa. Gauzak horrela, panorama ilun bihurtzen da: alokairuko lau etxebizitzetatik bat (%25) erakunde espekulatzaileen esku daude, hala nola, putre-funtsak edota bankuak.

Etxejabe partikularrak

Bestalde, alokairuko etxebizitza guztien %75,2 dira etxejabe partikularrenak, 2,3 milioi higiezin baino gehixeagorekin. Hala ere, zifra horrek ere azterketa kritiko bat merezi du, "partikular" etiketaren atzean errealitate konplexua eta desberdina baitago.

Aipatutako ministerioaren arabera, jabe horien erdiak (1.163.504) errentatzaile "txikiak" dira, eta urtean 30.000 euro inguruko diru-sarrera gordinak lortzen dituzte etxebizitza bat edo bi alokatuta. Gainera, Etxebizitza Legeak aurreikusten duen "gune tentsionatu" izendapena indarrean sartzen bada nonbait, bertako jabe txikiek alokairuagatik jasotzen duten sarreren %50 eta %90 artean desgraba dezakete.

Errentatzaile partikularren beste erdiak, berriz, bestelako profil bat du: jabe handiarena. Talde horretan, 913.000 etxejabe dira hiru eta bost etxebizitza artean dituztenak, 204.000 sei eta hamar artean dituztenak, eta 38.454 hamar etxe baino gehiago kontrolatzen dituztenak.

Errentari handien segmentu horrek, partikular soilak izatearen itxurapean, eragile garrantzitsu gisa jarduten du higiezinen espekulazioaren fenomenoan. Madrilgo hirian, adibidez, etxejabe partikularren %66k hiru eta hamar higiezin artean dituzte, eta etxejabe gehiago dago bost etxebizitza dituenik, bakarra duenik baino.

EZ DAGO IRUZKINIK