Merkatu-ikerketetako datuak eta komunikabideak maizterrei arrazoia ematen hasi dira: alokairuak inoiz baino garestiago daude Espainiako Estatuan. UrbaData Analytics (uDA) aholkularitza-enpresak El País egunkariari emandako datuen arabera, 50.000 biztanletik gorako udalerri guztietan historiako preziorik altuenak ikus daitezke, edo horietatik oso hurbil daude behintzat. Pandemiak alokairuen kostua aldi baterako bakarrik arinduko zuela zioen susmoa berretsi da. Hiriburu bakar batek ere ez du metro karratuko prezio unitarioan (hamartarrik gabe biribildutako zenbatekoan) izan duen errekor historikoa baino zifra txikiagoa.
Madrilen, Bilbon edo Sevillan, esate baterako, alokairuak 2019ko prezioekin parekatu dira berriro. Baina ohiko joera ez da hori, gehienetan gainmarkak hautsi baitira berriki: erdiak baino gehiagok jo dute goia azken bi urteetan; eta hamarretik ia lauk, Bartzelonan, Valentzian edo Malagan gertatu den bezala, 2022an egin dute. Jordi Bosch Bartzelonako Etxebizitzaren Behatoki Metropolitarreko zuzendariaren ustez, "bizileku-larrialdia" nagusitzen ari da Espainiako Estatuan, kronifikatzen ari dena. Batez beste, 11 euro ordaintzen dira metro koadroko, hau da, 880 euroko errenta 80 metroko pisu bakoitzeko.
Marka-hauste orokortua
Egoera aldakorra da tokiaren arabera, baina igoerarik bortitzenak jasan dituzten guneen zerrenda ez da inondik ere laburra. 2022an alokairuaren alorrean klase-kontraesanak gehien bizkortu ziren eremuak probintzietako hiriburuak, hiri handiak eta hamabi erkidegotako hirigune ertain zein txikiak izan ziren, baita Ceuta eta Melilla ere. UDAk higiezinen analisirako Pulse softwarearen bidez ateratako adierazleen arabera, azken urtean 72 udalerritan %10etik gorako prezio-igoerak izan dira.
Eivissa uhartea izan da Espainiako Estatuko garestiena (22 euro metro koadroko, 1.760 euro 80 metroko etxebizitza batengatik). Han erregistratu da igoerarik handiena ere: 2022ko hirugarren hiruhilekoan, alokatzea 2021eko aldi berean baino %30 garestiagoa zen. Igoerarik handienak Mediterraneoko kostaldeko hirietan sumatzen dira, hein handi batean turismoaren eraginez. Baina ez dira falta barrualdeko eta tamaina txikiko udalerriak ere, hala nola, Cuenca, Caceres edo Ciudad Real. Fotocasako Azterlanetako estatistikak bat datoz. Higiezinen atariak eskaintzari buruzko datuei erreparatu die, eta zera ondorioztatu du: "Alokairuen prezioa maximo historikora heldu da, goranzko joerarekin". Areago, merkatu horrek bederatzi hilabete daramatza etengabeko igoerekin, eta erregistroak daudenetik jaso diren igoerarik handienak dira.
Gero eta maizter gehiagori ari zaie heltzen aipatutako egoera, eta hilaren amaierara iristeko zailtasunekin dabiltza. 2021ean Espainiako Estatuko biztanleriaren %15,7 alokairuan bizi ziren, merkatuko prezioan. Bestalde, hamar biztanletik lau etxebizitzagatik gainzorpetuta daudela azaldu du Eurostatek. Diru-sarreren %40 baino gehiago etxearekin lotutako ordainketetara bideratu behar dutenak direla azaldu du ikerguneak. Horren arabera, Espainia finantza-egoera konprometituan errentari gehien dituen Europar Batasuneko laugarren estatua litzateke. Etxea jabetzan dutenen eta hipoteka ordaintzen dutenen artean, %3,7 baino ez daude gainzorpetuta. Desoreka nabaria da maizterrekin alderatuz gero. Hector Simon Rovira i Virgili Unibertsitateko Unescoren Etxebizitza Katedrako zuzendariak ondoko arriskua mahaigaineratu du: "Pixkanaka, jabe aberatsen eta maizter pobreen gizarte baterantz goaz".
Alokairuaren burbuila
Arazo estrukturala ez dagokio Espainiako Estatuari soilik, alderantziz, etxebizitzaren eskuragarritasun-krisi bat ari da zabaltzen Europa osoan, Bartzelonako Behatokiko zuzendariak arrazoitu duenez. Hala ere, Espainiako Estatuko kasua are odoltsuagoa egiten duten berezitasunak daudela azpimarratu du: "Elementu bereizgarri bat bertako etxebizitza-politikaren ahultasuna da, historikoki jabetzan zentratua eta alokairu soziala inoiz zutabe izan ez duena". Etxe kalteberen errentamendura bideratutako pisua %2,5ekoa soilik izanik, kontinenteko batez bestekoaren ( 8) oso azpitik geratzen da, eta are urrunago Europako iparraldeko edo mendebaldeko herrialde gehienetatik.
Ondorioz, etxebizitza eskuratzeko aukera nabarmen murriztu da, bere forma guztietan. Beste erremediorik ezean, etxebizitza partekatzen duten familiak edo gutxieneko bizigarritasun-baldintzak betetzen ez dituzten espazioen alokairuak ugaritzen ari dira. Kaltetuenak gazteenak izan dira: 2011. eta 2020. urteen artean, 35 urtetik beherakoak buru dituzten etxekoen unitateen jabetza-tasa %69tik %36ra jaitsi da. Katedraduna argi eta garbi mintzatu da: "Alokairuaren burbuila bat eratzen ari da, eta ez dago arazo konplexu horientzako konponbide magikorik".
Klase ertainaren polarizazioa
"Klase ertain" gisa ulertu izan den blokea erdibitzen ari da etxebizitzaren alorrean ere. Alde batetik, higiezin bat baino gehiago jabetzan duten zenbait sektore biztanleriaren batez besteko ondasuna baino gehiago pilatzen hasi dira alokairuaren prezio gorakorrei esker. Txanponaren beste aldean, 2.200 euroko diru-sarrera finkoekin eta bakarrik bizi direnen poltsikoak ere orpoetatik buruz behera helduta bezalaxe husten ari dira. Alokairuaren gainkostuak direla eta, kopuru horiek ere dagoeneko ez dira nahikoa erosahalmenari eusteko. 2.200 euroko soldata duenak, bakarrik bizita, hilean 800 euro ordaintzen baditu, eta argiaren, gasaren zein interneteko gastuen fakturak gehituz gero, erraz gainditzen du soldataren %40ko muga.
Bestalde, inflazioaren egoera orokorrak ere ez du laguntzen, urriko datu aurreratuek %7,3ko marka erakusten baitute. Lehen, erosketetan hilean 180 euro inguru gastatzen baziren, orain 250 euro inguru izan daitezke, lasai asko. Halako kasuetan, lan finkoa izatea ere ez da nahikoa etxebizitza bat erosteko, ezinezkoa baita sarbidea ordaintzeko aurreztea.
Indar-korrelazioa alokairuan
Gauzak horrela, soka geroz eta tenkatuago dago maizterren eta etxejabeen artean. Espainiako Kongresuan izapidetzen ari den etxebizitzaren lege-proiektuak, bien bitartean, ez du PSOE eta Unidas Podemos ez beste inor asebetetzen: maizterrei gutxiegi iruditzen zaie, eta etxejabeei, berriz, gehiegi. Gainera, eskaintzaren eta eskariaren arteko desorekak are gehiago indartzen du jabearen posizioa edozein negoziazioren aurrean.
Bartzelonako Llogateres Sindikatuko Carme Arcazoren ustez, nabarmena da etxe bila dabilenaren eta alokatzeko etxe bat duenaren arteko desoreka: "Bi alderen arteko kontratu librea dela esaten da, baina errealitatea da maizterrari baldintza batzuk ezartzen zaizkiola. Eta hartu edo utzi egiten ditu". Aurrekoa gutxi balitz, jabeek geroz eta baldintza despotikoagoak ezartzen dituzte kontratuetan, hala nola, maizterrek nominak erakusteko betebeharra izatea edota hiru hilabetera arteko fidantzak ordaintzea. Zenbait kasutan, kontratua amaitzean, aitzakia txikienaz probesten dira etxebizitza "baldintza kaskarretan" utzi dutela esan eta zuzenean fidantzak osoki edota partzialki lapurtzeko.