AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Institute For Government
2025/02/11 16:13

Erresuma Batuko gobernu laboristak, Keir Starmer buru duela, nabarmen handitu ditu egoera administratibo irregularrean dauden pertsona migratzaileen aurkako sarekadak, eta 4.000 atxilotu ditu sei hilabetean. Gobernuak berak zabaldutako datu ofizialen arabera, kopuru hori %38 igo da Rishi Sunaken agintaldi kontserbadorearekin alderatuta. Urtarriletik hona areagotu diren polizia-operazioetan 5.500 merkataritza-establezimendu baino gehiago ikuskatu dituzte, hala nola jatetxeak, ile-apaindegiak eta tailerrak. Yvette Cooper Barne ministroak publikoki defendatu du jazarpen hori, eta "migrazio irregularra geldiarazteko beharra" nabarmendu du. Gainera, pertsonalki parte hartuko du etorkizuneko sarekadetan.

Alderdi Laborista atxiloketen irudiak sare sozialetan zabaltzen hasi da, Donald Trump bezalako eskuin muturreko agintariek erabilitako kanpaina bisualak gogora ekarriz. Gobernuak ez du zuzenean bideo horien hedapenean parte hartu izana baieztatu, baina ez du egiletza gezurtatu, The Guardian egunkariaren arabera. Askoren arreta erakartzen du argitalpen horietan ikur laboristak saihesteak eta eskuin mutur britainiarrarekin lotutako koloreak erabiltzeak, hala nola urdin turkesa. Dirudienez, Nigel Farage buru duen Reform UK (Erresuma Batua Erreformatu) bezalako alderdiekin dagoen lehia gero eta handiagoari erantzuten dio taktika horrek, azken inkestetan indarra erakutsi baitu.

Gobernu laboristaren migrazio-politika gizartearen gorakada erreakzionario orokorraren eta eskuin muturreko alderdien igoeraren testuinguruan gertatu da, baita Erresuma Batuan ere. Joan den uztailean Southporten jazotako indarkeriazko gertakari baten ondoren, non migratzaile magrebtar bati hilketa bat egotzi zioten "akatsez", pogromoak piztu ziren etorkinen komunitateen aurka, nahiz eta gero frogatu zen zabaldutako kontakizunak faltsuak izan zirela. Giro hori aprobetxatu dute talde faxistek, ikusgarritasuna eta herritarren babesa lortuz. Azken inkestek diotenez, eskuin muturreko Reform UK alderdiak etorkizuneko hauteskundeetan laboristen eta kontserbadoreen botoak berdindu ditzake, Starmerren gobernuaren gaineko presioa areagotuz, migrazioaren arloan jarrera gogorragoak har ditzan.

EZ DAGO IRUZKINIK