AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/07/02 08:47

Albiste digitalen kontsumoari buruzko gako berriak erakusten dituen txosten bat kaleratu du Reuters Institutuak berriki, YouGov merkatu-ikerketarako nazioarteko enpresaren datuetan oinarrituta. Munduko biztanleriaren erdia biltzen duten sei kontinentetako 46 merkatutan 93.000 pertsonatik gora galdekatu ostean, "iazkoak baino emaitza ezkorragoarekin" egin dute topo.

Hedabideen egoerari "perspektiba zabalago" batetik erreparatuta, albisteekiko interesa eta kontsumo orokorra "nabarmen murriztu direla" ondorioztatu du Oxfordeko Unibertsitatearen ikerlanak, hainbat herrialdetako estatistikak kontuan hartuta. Gainera, hedabideekiko konfiantzak "ia merkatu guztietan atzera egin duela" nabarmentzen dute hasieratik. Politika parlamentarioaren, COVID-19aren zein bestelako gaien inguruan "neke informatiboa" gailentzen ari dela nabarmentzen da albiste digitalen inguruko txostenean. "Nabarmen hazten ari da albisteak saihestea erabakitzen duten pertsonen kopurua", gaineratzen du.

Espainiako Estatuaren kasua

2015etik 2022ra, %85etik %55era jaitsi da albisteekiko interesa duten pertsonen kopurua Espainiako Estatuan, beste inon baino gehiago. Hori gutxi balitz, albisteak zuzenean saihesten dituzten biztanleen ehunekoa %26tik %35eraino igo da 2017tik gaur egunera arte, hedabideekiko konfiantza gutxitzearekin batera. Izan ere, albisteengan konfiantza duten pertsonak (%32) baino eszeptiko gehiago (%39) dauden lehen aldia da. %3ko igoera izan du eszeptizismoak 2021-2022 epean, urrutira joan gabe. Aipatutako datuek hedabide guztiei eragiten diete, Espainiako Estatuko hedabide bat bera ere ez baita publikoaren %50en konfiantza irabaztera iritsi.

Gainera, Espainiako Estatuan gero eta gehiago dira hedabideak alderdi politikoen zein enpresarien eraginpean daudela uste duten pertsonak. 2022an, adibidez, biztanleriaren %13k baino ez dute uste hedabideak alderdi politikoekiko independenteak direla; 2017an baino %6 gutxiagok. Hedabideak enpresen eraginarekiko independenteak direla uste dutenak, berriz, %15 baino ez dira aurten, duela bost urte baino bost puntu gutxiago.

Deskonexio orokorra

Ikerketaren nazioarteko lagin osoa hartuta, 2022an galdekatuen erdiak baino gutxiagok (%47) diote interes handia edo oso handia dutela albisteekiko. 2015ean, aldiz, %67 ziren. Albisteekiko konfiantzak ere behera egin du aztertutako herrialdeen ia erdian, eta zazpi herrialdetan baino ez da igo. Horrek pandemiaren puntu gorenean izandako hazkundea deuseztatzen du neurri batean. Batez beste, lagin osoko hamar pertsonatik lauk (%42) baino ez dute albisteekiko ia erabateko konfiantza 2022an. Hedabide bakoitzarekiko konfiantza ere, banaka hartuta, beheranzko joerarekin mantentzen da herrialde gehienetan.

Ikerguneak xehetasun bat argitu du: leku batzuetan ez dira joera guztiak egiaztatzen, edo publikoaren erorketa motelago gertatu da. Hori bai, Europa erdialdeko eta mendebaldeko herrialde aberatsenetan gertatzen da hori gehienbat, "azken urteetan asaldura politiko edo ekonomiko txikiagoa jasan baitute".

Paradigma aldaketa

Azken hamarkadako datuak aztertuta, "merkatu guztietako prentsa idatziaren, irratiaren eta telebistaren irismenak etengabe behera egiten duela" ikusten da txostenean. Aldi berean, online irismena egonkor mantentzen dela edo, kasurik onenean, pixka bat handitzen dela antzeman dute. Hala ere, igoera apal horrek ez omen du deskonexioak eragindako aldea estaltzen.

Komunikabide digitalek eta sare sozialek inoiz baino informazio gehiago eskaintzen duten arren, ingurune hori, askotan, "izugarria eta nahasia" izan daitekeela ondorioztatzen du Reutersek. Online albisteak gertutik jarraitzen dituen biztanleria masa bat egon badagoen arren, aukeren ugaritasunak "lehen baino askoz ere erregulartasun gutxiagoz parte hartzea" eragin dezake beste batzuengan.

Gazteen lehentasunak

Digital News Report-ek ikerketan parte hartu duten gazteen albiste-iturri nagusiak ere arakatu ditu, eta "sare sozialek albistegiak ordeztu dituztela" ondorioztatu du. Hamabi bat merkatutako emaitzei begira, natibo sozialen (sare sozialekin hezi direnak) multzoa osatzen duten 18 eta 24 urte arteko gazteen %39k sare sozialak erabiltzen dituzte informazio-iturri nagusi gisa. %34k, berriz, albiste-atari edo aplikazioren bat bisitatzea aukeratzen dute. Halaber, detektatu dute natibo sozialek "helduek baino joera handiagoa dutela" sareen edota bilatzaileen bidez informatzeko.

Nolanahi ere, online bideoa bezalako formatuen ospe gorakorrak ez ditu idatzizko testua eta audioa erabat alboratzen, inondik inora ere. Areago, 35 urtetik beherakoek, informazioa jaso nahi dutenean, nahiago dute albisteak irakurri (%58) bideoan ikusi baino (%15). Hori are gehiago nabarmentzen da zuzeneko eguneraketak eta laburpenak bilatzen dituztenean, edo "gertakarien inguruko jakinminagatik" informazio bila dabiltzanean. Gainera, batzuek testu idatziaren eta ikus-entzunezkoen konbinazioa bilatzen dute, "informazioa hobeto barneratzeko".

Plataforma arrakastatsuak

TikTok hazkunde azkarrena izan duen plataforma dela azaltzen du aurtengo txostenak: 18 eta 24 urte arteko gazteen %40engana heldu da dagoeneko, eta %15ek albisteetarako erabiltzen dute. Hain zuzen ere, adin-segmentu horretan boskoiztu egin da TikToken erabilpen informatiboa, 2020an %3koa baitzen merkatu guztietan.

Zentzu horretan, sare sozialen egoerak "bilakaera izugarria" izaten jarraitzen duela berresten du ikerketak. Oro har, ikus-entzunezkoen arloan espezializatutako plataformak dira gazteen arreta gehien deitzen dutenak, hala nola, Tiktok, Instagram, YouTube eta Twich. Bestalde, gazteek gero eta interes gutxiago dute Facebook bezalako plataformetan; kasu askotan, ez dira sare sozial hori erabiltzera ere iritsi.

Eskaintza zabala

Bada, ikerketan zehar egindako elkarrizketa kualitatiboek agerian uzten dutenez, "ikus-entzunezko plataformen estilo informal eta entretenigarriak" erakartzen ditu gazteak, eta bereziki, online bideoaren formatuak. "Telebista baino pertsonalizatuagoa eta anitzagoa" dela diote gehienek, "gertakari aldakorren aurrean baliabide aproposa" direla iritzita. Horrez gain, "segmentatuta azaltzen diren bizi-estiloetarako abaguneak" eskaintzen omen dituzte aipatutako plataformek: pop kultura ugari, bidaiak, kirola, entretenimendua...

Gazteak mesfidatien

Hala ere, gero eta lehia estuagoa dago hedabideen zein formatuen artean, arreta-denbora eta ikuslegoa bereganatzeko gaitasuna murrizten ari baita pixkanaka. Albisteekiko interesa eta konfiantza, beraz, nabarmen jaisten ari dira adin-talde eta merkatu guztietan, baina batez ere, gazteenen artean. 35 urtetik beherakoek osatzen dute talderik mesfidatiena: oro har, 18 eta 24 urte arteko eta 25 eta 34 urte arteko segmentuaren herena (%37) baino ez dira albiste gehienen egiazkotasunaz fio. 55 urtetik gorakoen artean, berriz, ia erdiak (%47) sinesten dituzte jasotako albiste gehienak.

Gazteek ere gero eta gehiago saihesten dituzte albisteak. Izatez, galdeketa berbera egin zuten azken alditik, 2019tik, fenomenoak gorakada nabarmena izan du natibo sozialen artean. Merkatu guztietan, 35 urtetik beherako biztanleen hamarretik lauk, gutxi gorabehera, albisteak saihesten dituzte sarritan edo batzuetan, 35 urtetik gorakoen herenarekin alderatuta (%36).

Ihesbide selektiboa

Fenomenoaren inguruan gehiago galdetu ahala, nahiko argigarriak dira 35 urtetik beherakoen erantzunak: %34k esan ohi dute albisteek eragin negatiboa dutela beren aldartean, eta oraintsuago, "politika edo koronabirusa bezalako gaien inguruan informazio-estaldura handiegia dagoela" diote %39k. Gazteen iritzien artean, eskaintzen diren albisteak "etsigarriak" eta "ikaragarriak" direla nagusitzen da.

Gazte askok ez dituzte nahitaez albiste guztiak saihesten, ordea. Politika instituzionala eta koronabirusa bezalako gaiei selektiboki izkin egiten dietela erakusten dute estatistikek. Digital News Report-en laburpen exekutiboak adierazten duenez, "albisteen ihesbide selektiboko eredua" nabari da gazteen artean. Hala ere, bestelako adin-tarteetan ere egonkortzen ari den joera bat dela zehazten du. Albiste jakinok saihesteko arrazoi nagusien artean, berriz, "negatibotasuna", "inpotentzia", "erabilgarritasun urria", "ulertzeko zailtasuna" edota "bestelako albisteak baino fidagaitzagoak iruditzea" aipatzen dira. Laburbilduz, albisteak saihestu baino gehiago, gazteen artean "saihestu beharreko albisteak" gero eta zehaztuago daudela azpimarratu du Reutersek.

Bestelako agendak

Gazte ugarik "albiste kontzeptuaren inguruko ulermen zabalagoa" dutela gehitu du ikerguneak, hau da, "albiste denaren eta ez denaren inguruko interpretazio malguagoa" garatzen ari dela belaunaldi berrien artean. Bestalde, politika instituzionala eta "gaurkotasunaren agenda estu eta tradizionala" deritzona bereizi egiten dituzte bestelako gaiengandik; kirola, entretenimendua, ospetsuen inguruko esamesak, kultura eta zientzia bezalako gai "arinagoengandik", alegia.

Politika bera, gainera, politika insitituzionalarekin identifikatzeko joera handia dago, eta ez, adibidez, eguneroko arazo sozialekin edota aldaketa klimatikoarekin. Gauzak horrela, zaletasun handiagoa sortzen dute "entretenimendua eta ospetsuak" (%33), "artea eta kultura" (%37) edota "hezkuntza" (%34) izendaturiko kategorien baitan azaltzen diren edukiek; gutxiago edo oso gutxi, berriz, politika instituzionalei, ezbeharrei, nazioarteko auziei edota koronabirusari buruzko edukiek.

EZ DAGO IRUZKINIK