AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/11/08 13:37

Italiako Itsas Armadaren Libra itsasontzia aurreko ostiralean heldu zen Albaniako Shengjingo portura, atxilotutako zortzi pertsona migrante zeramatzala. Italian preso hartutako migratzaileak Albaniako deportazio-zentroetara eramateko bigarren saioa izan zen hura, migrazio-bidean dauden pertsonak kontzentrazio-esparru horietara deportatzen hasi baita jadanik Giorgia Meloniren gobernua.

Bi zentro eraiki ditu Albanian, Italiako mugetatik kanpo: Shengjinen dago bat, eta Gjaderren bestea. Hain zuen ere, bost urteko akordio bat sinatu dute Albaniak eta Italiak, Mediterraneoan legez kanpo migratzen ari diren pertsonak militar italiarrek bahitu ditzaten eta Shengjingo atxikitze-zentrora eraman ditzaten. "Identifikazio" tramiteak egingo dizkiete bertan, ondoren, Gjadergo zentrora tokialdatzeko, euren asilo-eskaeraren ebazpena iritsi arte. 880 plaza izango ditu presondegi horrek.

24 pertsona hartu dituzte jada Shengjingo deportazio-zentroan

Abian daude jadanik Albaniako bi kontzentrazio-esparruak, eta Italian atxilotutako 24 lagun deportatu dituzte hara dagoeneko. Duela hiru aste, Libra ontziak hamasei lagun utzi zituen Shengjingo zentroan. Aurreko ostiralean, berriz, militarrek Lampedusako uharte inguruan atxilotutako beste zortzi pertsona eraman zituzten Albaniara; Egiptoko sei eta Bangladeshko bi.

Meloniren migrazio-politikak ezartzen du "segurutzat" jotako herrialdeetakoak diren pertsonak deportatuko dituztela Albaniara. Hala ere, indarrean dago politika horren kontrako agindu judizial bat: deportazio horiek atzera botatzea exijitu zuen Erromako epaitegi batek, iritzita gobernuak kanporatu nahi dituen migranteen jatorrizko herrialdeak ez direla "seguruak". Meloniren gobernuak, baina, dekretu bat inposatu du, deportazioak ahalbidetzen dituen ekimena babesteko.

Italian, 1.200 migrante inguru daude atxilo eta kanporatuak izateko arriskuan, eta agintaritzek horien artean hautatu zituzten Albaniara eramandako azkenak. Erromako epaitegiak ebatzi zuen Egipto eta Bangladesh ez direla herrialde arriskutsuak, eta jatorri horretakoak dira Albaniara deportatutako azken pertsonak.

EZ DAGO IRUZKINIK