48 pertsona atxilotu dituzte Alacanten (Valentzia), sexu-esplotazioa helburutzat izanik, pertsonen salerosketan jardutea leporatuta. Polizia-iturrien arabera, prostituzio-sare horrek 1.000 emakume baino gehiago esplotatu ditu azken urtean, batez ere jatorri latinoamerikarrekoak. Salaketa anonimo baten ondoren hasi zen ikerketa, eta Alacanteko, Elcheko eta Orihuelako hiru klub itxi dituzte operazioan. Sarean harrapatutako 48 emakume aurkitu dituzte horietan.
Egitura hierarkiko bat identifikatu dute esplotazio-sarean, ustez, jatorri kolonbiarreko bi emakume eta nazionalitate espainiarreko gizon bat buru zirela. Sexu-esplotazioaz gain, kapitalak zuritzea eta substantzia estupefazienteekin trafikatzea ere egozten diete. Debekatutako zortzi arma, 150.000 euro eskudirutan, 26 gramo kokaina, 938.000 eurotik gorako banku-kontuak eta 1,3 milioi euroko balioa duten hamazazpi jabetza konfiskatu dituzte poliziek.
Lan-eskaintza faltsuak hitzemanez egiten zieten iruzur biktimei, eta Espainiako Estatura mugitzen zirenean, prostituitzera behartzen zituzten. Ikerketak erakutsi du etengabe kontrolatzen zituztela esplotatutako emakumeak, eta nahi bezala mugitzea eta irtetea debekatzen zietela. Sexu-esplotazioak sortutako diru-sarreren %40, gutxienez, proxenetek eskuratzen zuten zuzenean. Atxilotuetako sei behin-behineko espetxealdian sartu dituzte, eta ikerketa zabalik dago oraindik.