Abiadura Handiko Trena (AHT) eraikitzeko lanak "XXI. mendeko esklabotzaren adierazle nagusietako bat direla" salatu du Nafarroako AHT Gelditu! plataformak. Obretan lanean ari diren hainbat pertsonaren lekukotza jaso du, eta aurreko astean eman zuen izaten ari diren lan-abusuen eta askotariko urraketen berri, agerraldi baten bidez: 18 ordurainoko lanaldiak, nomina faltsuak, erabateko segurtasun falta, makineria zaharkitua, baldintza osasungaitzak, ustelkeria...
Hainbat kolektiboren babesa izan zuen salaketa egitean, hala nola Iruñerriko (Nafarroa) Kontseilu Sozialistarena eta bertako Laneko Autodefentsa Sarearena (LAS). Orain, horien guztien babesarekin berriz ere, mobilizazio deialdi bat egin du AHT Gelditu!-k: manifestazio bat antolatu du otsailaren 15erako, Iruñean, AHTak esklabo bihurtzen gaitu. Progresoaren kateak hautsi lelotzat hartuta. 12:00etan hasiko da mobilizazioa, diputazio aurretik.
AHTaren eraikuntzak esklabotza islatzen duela esatean, bi zentzuri buruz ari da plataforma: "Eraikitzen duten langileak ez ezik, hura finantzatzera behartuta dauden gainerako langileak ere esklabo bihurtzen ditu, haien bizi-baldintzak pixkanaka hondatzen diren bitartean". Salatu du makroproiektuak "esklabistei bakarrik" egiten diela mesede, alegia, "eraikuntza enpresei, bankuei eta klase politiko ustelari". Gogora ekarri du, bere garaian, "aurrerapenaren adierazpen nagusi" gisa saldu zutela AHTa, baina, kontrara, "kolapsora garamatzan egungo krisi ekosozialaren" adierazle dela. AHT Gelditu! -k, beraz, dei egin du "aurrerapenaren kateak apurtzera".