AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/05/19 11:27

Amerikako Estatu Batuetako Defentsa Departamentua munduko petrolio kontsumitzaile instituzionalik handiena da, eta, ondorioz, baita berotegi-efektuko gasen isurlerik handiena (BEG) ere. Bostongo Unibertsitateko (Massachusetts, AEBak) Pentagon Fuel Use, Climate Change, and the Costs of War ikerketa-proiektuan zehazki aztertzen dute erregai militarraren erabilera AEBen gerretan, horrek berotegi-efektuan duen eraginarekin batera.

2001etik 2017ra arte, Pentagonoaren berotegi-efektuko CO2 gasen emisioak 1.212 milioi tona metrikokoak izan dira gutxienez; hau da, 255 milioi ibilgailu motorizatu baino gehiagoren urteko isurketen baliokidea. Beraz, AEBetako Defentsa Departamentuak, aldi horretan, urtean 67 milioi tona CO2 isuri ditu errekuntzatik batez beste; petrolioaren erabileratik soilik.

2001etik 2017ra arte, Pentagonoaren berotegi-efektuko CO2 gasen emisioak 1.212 milioi tona metrikokoak izan dira gutxienez; hau da, 255 milioi ibilgailu motorizatu baino gehiagoren urteko isurketen baliokidea

AEBetako armadaren isuriak 766 milioi tona metrikokoak direla uste da, aldi horretako operazio militarretan soilik; 2001. eta 2017. urteen arteko kutsadura militar osoaren %63 inguru. Zehazki, Afganistan, Pakistan, Irak eta Siriako gerra-eremu nagusietako "atzerriko kontingentzia-operazioak", gerrarekin hertsiki lotutakoak, 400 milioi tona CO2e baino gehiagotan zenbatu dira; hots, 85 milioi auto ingururen urteko isurketen baliokidea. Gainontzekoa bere instalazioei dagokie, izan ere, Defentsa Departamentuak 560.000 eraikin baino gehiago ditu AEBetako zein atzerriko 500 instalazio militarretan, bere berotegi-efektuko gasen isurketen %40 inguru eragiten dutenak. Hori gutxi balitz, arma kimikoek, leherketek eta gerraren gainerako albo-kalteek eragindako kutsadura gehitu behar litzaioke.

Petrolioak kargatutako armak

2017an, AEBetako indar militarrek 269.230 petrolio upel inguru erosi zituzten egunean, eta 25.000 kilotonelada karbono dioxido isuri zituzten erregai horien bidez. Horrek Defentsa Departamentua AEBetako gobernuaren erregai fosilen kontsumitzailerik handiena bihurtzen du, gobernu federalaren energia-kontsumo guztiaren %77 eta %80 artean eraginez. Enpresa-hornidurarako kateek bezala, edukiontzien, kamioien eta karga-hegazkinen mundu-mailako sare zabala erabiltzen dute beren jarduerarako, hala nola bonba, ibilgailu, hidrokarburo eta bestelako materialez hornitzeko.

2017an, AEBetako indar militarrek 269.230 petrolio upel inguru erosi zituzten egunean, eta 25.000 kilotonelada karbono dioxido isuri zituzten erregai horien bidez

Zentzu horretan, berotegi-efektuko gasen emisioak kontabilizatzeko gutxitan hartzen dira kontuan azpiegitura logistiko militar horiek guztiak, eta arreta mediatiko zein politiko soberan jartzen zaio biztanleria zibilak kontsumitzen duen energia- eta erregai-kopuruari. Baina, horrelako ikerlanek erakutsi dutenez, AEBetako indar militarrak historiako kutsatzailerik handienetako bat dira bere horretan, erregai likido gehiago kontsumitzen dutelako eta berotegi-efektuko gas gehiago isurtzen dituztelako munduko herrialde gehienek baino.

Izatez, Pentagonoko berotegi-efektuko gasen isurketak potentzia kapitalista aurreratu askorenak baino handiagoak izaten ari dira; Portugal, Suedia edo Danimarkarenak baino altuagoak, adibide batzuk ematearren. Pentagonoa herrialde bat balitz, bere erregai kontsumoarekin bakarrik, munduko berotegi-efektuko gas-igorle nagusien artean kokatuko litzateke, 55. postuan, Peru eta Portugalen artean. Hau da, munduko 139 herrialdek baino CO2 gehiago isurtzen dute.

Pentagonoko berotegi-efektuko gasen isurketak potentzia kapitalista aurreratu askorenak baino handiagoak izaten ari dira; Portugal, Suedia edo Danimarkarenak baino altuagoak

EZ DAGO IRUZKINIK