Walid Jaled Abdulá Ahmed izeneko palestinar presoaren heriotzaren berri eman dute Hamas Erresistentzia Islamikoaren Mugimenduak eta Palestinako Agintaritzak. 17 urte besterik ez zituen, eta 2024ko irailean atxilotu zuten Israelgo Estatuko indarrek. Zisjordaniako Silwad herrikoa zen, baina, une honetan, sionistek Megidoko kartzelan zeukaten gatibu. Ez dute lortu heriotzaren arrazoiak baieztatzea, baina Hamasek salatu du "torturen eta abandonu medikoaren emaitza" izan dela.
Preso eta Preso Ohien Auzietarako Batzordeak eta Palestinako Presoen Klubak egindako zenbaketen arabera, 2023ko irailetik hona, gutxienez 63 palestinarrek galdu dute bizia Israelgo Estatuaren espetxeetan, Walid kontuan hartuta. Hildako presoen artean 40 ziren Gazako Zerrendakoak. Horregatik seinalatu dute bi elkarteek "1967az geroztik izandako garairik odoltsuena" izaten ari dela gaur egungoa: urte horretatik hona, gutxienez 300 preso palestinar erail dituzte sionisten kartzeletan, eta zenbaezinak dira "indarrez desagerrarazi" dituztenak. Gainera, 72 pertsonaren gorpuak bahiturik dituzte oraindik agintaritza israeldarrek.
Indar sionistek palestinar presoei emandako tratu txarren erakusle dira bai ehunka hildakoak bai aske geratutako pertsonen testigantzak. Preso eta Preso Ohien Auzietarako Batzordeak eta Palestinako Presoen Klubak gogorarazi dituzte presoek jasan beharreko "krimen sistematikoak": "Tortura, gosea, edozein motatako erasoak, delitu medikoak, sexu-erasoak, eta gaixotasun larriak eta kutsakorrak harrapatzera bideratutako baldintzak nahita inposatzea". Hamasek adierazi du "okupazio-gobernuaren muturreko politikaren" parte dela palestinar presoen "exekuzio motela" kartzeletan.