AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Roger Pi de Cabanyes/ACN
2026/01/20 12:05

Igandean Adamuzen (Kordoba) gertatu zen istripua izan da abiadura handiko trenek Espainiako Estatuko historian izandako larriiena. Orain arteko ikerketek trenbidearen haustura posible baten berri eman dute, baina oraingoz ez dute argitu ea hori izan zen trenetako bat errailetik atera izanaren arrazoia edo ondorioa. Gutxienez 41 hildako eta 152 zauritu zenbatu dituzte behin-behineko balantzean, eta 43 desagerpen-salaketa aurkeztu dituzte gainera Huelva, Madril, Malaga, Kordoba eta Sevillako komandantzietan.

Agentziek eta hedabideek kontsultatutako iturrien arabera, orain arteko zantzu tekniko nagusia "errailaren mozketa garbi" bat da, bide-aldaketaren gunean aurkitutakoa. Trenbide-Istripuen Ikerketa Batzordea (CIAF), organo independente bat, frogak biltzen hasi da, eta istripua giza-akatsen batek eragin izana baztertu du a priori. "Bidearen eta ibilgailuaren arteko elkarrekintzan" zentratu du lanketa.

Igandeko gertakarien katea hilgarria eta oso azkarra izan zen. 19:45ean, Iryo 6189 trena (Malaga-Madril, 294 bidaiarirekin) errailetik atera zen 205 km/h-ko abiaduran, 250 km/h-ko tarte zuzen batean. Horrela, hiru bagoik ondoko bidea hartu zuten. Handik 20 segundora, Alvaro Fernandez Heredia Renfeko presidenteak jakinarazi duenez, 210 km/h-ko abiaduran zihoan Alvia 2384 (Madril-Huelva, 187 bidaiari) trenak zuzenean egin zuen talka. Bi kilometro inguruko marjina hori ez zen nahikoa izan LZB segurtasun-sistemak larrialdiko balaztatze automatikoa aktibatzeko, nahiz eta diseinatua dagoen oztopo bat gutxienez 20 kilometrora detektatzean jarduteko. Alviako gidaria, 27 urtekoa, hildakoetako bat izan da.

Biktimak identifikatzea lan konplexua izaten ari da. Kordobako Auzitegi Medikuntzako Institutuak 37 gorpu jaso ditu eta 23 autopsia egin ditu, baina bost pertsona bakarrik identifikatu ahal izan dituzte hatz-marken bidez. Bost hiritan (Kordoba, Huelva, Malaga, Madril eta Sevilla) ari dira senideen DNA laginak jasotzen, gorpuak identifikatu ahal izateko.

152 zaurituetatik 43 ospitaleratuta daude, horietatik hamabi ZIUn. Andaluziako Juntako presidenteak, Juanma Morenok, ohartarazi du gorpuak ateratzea oso zaila dela bagoien egoeragatik: "Burdin-pilaketa bat da hura".

Ikerketa teknikoa hainbat hilabetez luza daitekeela diote, eta azpiegitura nahiz material ibiltaria aztertzen ari dira. Istripua gertatu den bide-zatia Madril-Sevilla norantzan dago, eta 2025eko maiatzean amaitu ziren hura erabat berritzeko obrak, 700 milioi euroko inbertsioarekin. Hala ere, geroztik hainbat gorabehera tekniko erregistratu dira eremu horretan.

Inplikatutako Iryo trena 2022an fabrikatutako Frecciarossa modelokoa da, eta joan den ostegunean, urtarrilaren 15ean, igaro zuen azken berrikuspena. Madril eta Andaluzia arteko abiadura handiko linea itxita egongo da gutxienez asteazkenera arte, eta otsailaren 2ra arte ez da zirkulazio osoa hasiko. Istripuak Espainiako Estatuko agenda politikoa markatu du, eta Pedro Sanchez presidenteak bertan behera utzi du Davosko Forora joatea, besteak beste.

EZ DAGO IRUZKINIK