Joan den ostegunean, Donostiako (Gipuzkoa) Easo plazan bildu ziren abortuaren kontrako pare bat andre, Askabide klinikatik gertu. Beste urte batzuetan egin duten modura, haurdunaldia eteteko asmoa edo beharra izan dezaketen emakumeak eta klinikako beharginak jazartzea bilatzen dute antiabortistek, abortuaren kontrako mezuekin. Oraingoan ere, ordea, oposizioa izan dute: Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak deituta, abortuaren kontrakoei aurre egin zieten ostegunean hainbat emakumek, Abortuaren kriminalizazioa borrokatu! lelotzat hartuta.
Itaiako kideek azaldu dutenez, abortuaren kontrako kriminalizazioa salatzeaz gain, doakoa eta unibertsala izango den abortua aldarrikatu zuten. Askabide ondoan izandako oihuen artean entzun ziren, adibidez, "Abortu eskubidea defendatu", "Alde hemendik, utzi bakean" edo "Erreakzionarioei aurre egin". "Ideia erreakzionarioak gero eta onartuago daude, eta garrantzitsua da beti existitu diren ideia antiabortistei aurre egitea, gehiago hedatu ez daitezen", gaineratu dute.
Bizitzaren Aldeko 40 Egun (40 Días Por la Vida) mugimendu ultrakatolikoak sarri egin ditu abortuaren aurkako protestak Euskal Herriko hainbat tokitan, eta Donostiako nahiz Gasteizko (Araba) Askabide kliniken aurrean elkarretaratu izan dira zenbait pertsona. Garizumarekin batera (apirilaren 17an bukatuko da), urtero egiten dute protesta. Abortuaren Lege berrituaren arabera, teorian, debekatuta dago kliniketara doazen emakumeak edo langileak hurbiletik jazartzea: 100 metroko distantziara jarri behar dute.
Easo plazako kontzentrazioen kasuan, badirudi Errezatzea Ez Da Delitua (Rezar No Es Delito) elkarteak antolatzen dituela gaur egun; Irutxuloko Hitza-ren esanetan, Vox, Enraizados edo Hazte Oír bezalako talde ultraeskuindarren babesarekin.