Duela bi aste, Gurutzetako (Barakaldo, Bizkaia) ospitalean egin zuten agerraldi bat Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak eta Osakidetzako hainbat osasun-langilek. Osakidetzak abortatzeko eskubidea urratzen duela jakinarazi zuten hala, eta osasun-sare publikoari lotutako kliniketan emakumeei egiten dizkieten urraketak eta tratu txarrak azaldu zituzten. Aste honetan, Bizkaiko Osasun Ordezkaritzaren aurrean egin du protesta bat Itaiak, "Osakidetzan abortatzeko eskubidea behin eta berriz urratzen dela salatzeko". Doako abortu unibertsala eta kalitatezkoa! lelopean elkartu dira bertan hainbat kide.
"Gobernu eta instituzio publikoek abortu publikoa eta kalitatezkoa indartzen dutela saltzen diguten bitartean, EAEn, abortuen ehunekorik handiena zentro pribatuetan egiten da", jakinarazi du Itaiak. Horrela, "osasun-sistema pribatuaren atzean dauden enpresarien interes ekonomikoak lehenesten" direla seinalatu du, eta "emakumeon ongizatearen gainetik" jartzen direla horiek. Ohartarazi dute, bestalde, alderdi parlamentarioek ez dutela "osasun-sistema publikoa indartzen", "pribatizazioa" baizik, osasungintzari lotutako zerbitzuak azpikontratatuta adibidez.
"Doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala izango den abortatzeko eskubidea bermatzeko", Itaiak ezinbestekotzat jo du "errentagarritasun ekonomikoan oinarritutako osasun-sistemarekin amaitzea" eta "pribatizaturiko osasun-baliabideak sozializatzea". Zentzu horretan, abortatzeko eskubidearen alde eta eskubide horren urraketen kontra mobilizatzera deitu du. Protesta bat antolatu du ekainaren 19rako, asteazkenerako, Gurutzetako ospitalean. 18:00etan hasiko da mobilizazioa.
🗣 Gobernu eta instituzio publikoek osasun sistema pribatua indartuz, enpresarien interes ekonomikoak lehenesten dituzte emakumeon ongizatearen gainetik.
— ITAIA (@itaiasarea) May 29, 2024
Abortu eskubidearen urraketen aurka borrokatu! pic.twitter.com/vjX6iA9DKT