Ostiral arratsaldean, Abortu eskubidea defendatu! Emakumeon aurkako jazarpenik ez! lelopean egin zuen kontzentrazio bat Gasteizko (Araba) Itaiak, Correos aurrean. Izan ere, aurreko astean jakin zen Gasteizko epaile batek absolbitu egin dituela azaroan epaitutako 21 manifestari antiabortista: Askabide klinikatik gertu elkarretaratzen ziren, haurdunaldia etetera zihoazen emakumeei eta langileei jazartzeko. Itaiak ostiraleko protestan salatu zuenez, abortuaren aurkako manifestarien "helburu bakarra" izan da "emakumeak eta klinikako langileak kriminalizatzea".
"Behinola lorturik ziruditen eskubide formalek eskuetatik ihes egiteko arriskua etengabea da. Horregatik, abortu eskubidearen aldeko borroka ere gurera ekarri behar dugu", azaldu zuen Emakumeon Antolakunde Sozialistak: "Egun bizi dugun zerbitzu publikoen desegitearen eta pribatizazioaren aurrean, beharrezkoa da paper errea diren neurrien ezintasuna seinalatzea eta errentagarritasun ekonomikoan oinarritutako osasun-sistemarekin amaitzea". Hain zuzen ere, ohartarazi zuen "interes ekonomikoen menpe" dagoela osasun-sistema, eta abortuen %95 klinika pribatuetan egiten direla EAEn. "Horrek abortua kalitatezkoa eta unibertsala izatea eragozten du".
Itaiak, beraz, ezinbestekotzat hartu du abortatzeko eskubidearen alde borroka egitea, eta bi eginkizun nabarmendu ditu bide horretan: "eskubide hori urratzen duen neurri orori zein abortuaren aurkako posizionamendu erreakzionarioei aurre egitea"; batetik, eta "doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa izango den abortuaren alde egitea", bestetik.