AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/02/08 09:10

Abogados Cristianos fundazioak ere jopuntuan jarri du Zestoako Gaztetxea; zehazki, Zestoako Gazte Asanbladako "arduradunen" aurka jota. Joan den urtarrilaren 21ean, protesta-ekintza entzutetsu bat izan zen Zestoako elizan: hainbat pertsona sartu ziren barrura, Eliza diruzale, espekulatzaile. Gaztetxearen desalojoa gelditu zioen pankarta batekin. Izan ere, huste arriskuan dago Zestoako Gaztetxea, Elizak jarritako salaketa bat dela-eta. Ekintza hori seinalatu du, hain justu, Abogados Cristianosek.

Akusazio larriak egin ditu Zestoako Gazte Asanbladako "arduradunen" kontra. Urtarrilaren 21ean "meza moztu" zutela esan du fundazio kristauak, baita "gurtza geldiarazi, gorrotoa bultzatu eta profanazioa zein legez kontrako manifestazioa" egin zituztela ere. "Derrigortze delitu bat" ere egon daitekeela eman du aditzera, gainera. Azpeitiko 1. Instrukzio Epaitegian aurkeztu du salaketa.

Azken asteetan hamaika protesta-ekintza izan dira Euskal Herri osoan zehar, Zestoako Gaztetxearekin elkartasunez: askotariko propaganda eta salaketak, mobilizazioak (esaterako, aurreko igandean Zestoan bertan edota urtarrilaren 19an Donostiako Artzai Ona katedralean), eta abar. Abogados Cristianoseko presidente Polonia Castellanosen arabera, azken asteetan izan diren ekintzek "zuzenean" egiten diote eraso "erlijio askatasunerako oinarrizko eskubideari". Auziarekin "amaierara" helduko direla esan du, "gertakari horiek zigorrik gabe gera ez daitezen".

Kriminalizazio-kanpaina eta "fauna erreakzionarioaren" jazarpena

Aurreko igandean Gaztetxearekin elkartasunez Zestoan izan zen manifestazio jendetsuan, Gazte Asanbladak berriz salatu zuen azken asteetan jasandako kriminalizazio-kanpaina. "Elizaren nahiz udalaren zein komunikabideen eta alderdi instituzionalen partetik" jaso duten seinalamendua eta "manipulazio-kanpaina" gaitzetsi zituzten, ohartarazita horrek guztiak jazarpen-jarrera hori "normalizatzen" duela.

"Horren adibide da pasa den igandekoa, herrian izan genituelako espezimen horietako batzuk", jakinarazi zuten. Urtarrilaren 28an, hainbat pertsona bertaratu ziren Zestoara, Eliza babestera eta Gaztetxearen aldeko propaganda kentzera.

Erakunde kristauek hamaika aldiz aldarrikatutako "erlijio askatasunerako oinarrizko eskubideari" dagokionez, zorrotz hitz egin zuen Zestoako Gazte Asanbladak aurreko asteburuko mobilizazioan. Izan ere, Gaztetxearen alde bildu dituzten 700 apostasia eskaerak atzera bota nahian ari da Gipuzkoako Gotzaindegia: "Apostasiei uko egin nahian ari da mota guztietako aitzakiekin. Hori da fede askatasunaren aurkako benetako erasoa".

Gaztetxea, huste arriskuan

Gaur-gaurkoz, huste arriskuan jarraitzen du Zestoako Gaztetxeak. Aurrera jarraitzen du Gipuzkoako Gotzaindegiak espazioaren kontra hasitako prozedura judizialak, eta Gaztetxearen kontrakoa izan da Azpeitiko epaitegiaren ebazpena: Gaztetxea husteko agindua eman du epaileak. Oraindik ez dute huste data zehatzaren berri eman.

EZ DAGO IRUZKINIK