AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/11/16 09:30

Mobilizazioekin jarraitzen dute Bizkaibuseko langileek, haien soldatetan igoerak lortzeko. Abenduaren 21ean, Bilbon (Bizkaia) San Tomas merkatua izango den egunean, lanuztera joko dute Bizkaibusen zerbitzua ematen duten hiru enpresa esleipendunetako langileek; alegia, Busturialdea Lea Artibai Bus (BLB), Ezkerraldea Meatzaldea Bus (EMB) eta Bizkaibus Vectalia Enkarterri enpresetako soldatapekoek. UGT sindikatuak eman du greba deialdiaren berri.

Horretaz gain, dena den, eskualde mailako lanuzteak egiten jarraituko dute beharginek. Gaur, esaterako, Busturialdeko eta Lea-Artibaiko Bizkaibuseko langileek etengo dute jarduna partzialki; azaroaren 18an, 21ean, 25ean eta 30ean eta abenduaren 19an eta 22an ere berdina egingo dute. Ezkerraldeko eta Meatzaldeko langileek, berriz, azaroaren 17an, 22an, 25ean, 28an eta 29an izango dituzte lanuzte partzialak.

Abenduaren 1ean, dena den, abenduaren 21ean bezala, egun osoko grebak izango dituzte BLBko nahiz EMBko langileek, eta manifestazioak egingo dituzte Bilbon.

Enkarterriko beharginei dagokienez, 24 orduko grebak izango dituzte azaroaren 21ean eta abenduaren 12an. Horretaz gain, esan bezala, abenduaren 21ean joko dute grebara, BLBko eta EMBko langileekin batera.

EZ DAGO IRUZKINIK