AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Pamplona Actual
2025/01/20 15:55

Joan den abenduan, Iruñeko (Nafarroa) hiri-garraioko autobus andanari egin zizkioten azterketa teknikoak, eta gehienek zeukaten matxuraren bat edo akatsen bat: %86k, hain zuzen ere. Hala jakinarazi du zerbitzu horretaz arduratzen den TCC enpresako langile-batzordeak, beharginak ari baitira berrikuste horiek egiten aldian-aldian. "Berehalako irtenbide" bat exijitu dute, ibilgailuen "mantenu falta eta matxurak" konpontzeko.

Beharginek urteak daramatzate lanerako erabiltzen dituzten ibilgailuen egoera negargarria salatzen eta neurriak eskatzen, bai TCC enpresari bai Iruñerriko Mankomunitateari. Baina abenduko azterketa teknikoetan ikusi dute, "arazoa konpontzetik urrun", gero eta gehiago direla autobusek dituzten akatsak; adibidez, ateetako frenoetan edo berogailu-sistemetan. Gaitzetsi dute gidariek egunero jasan behar dituztela baldintza horiek, eta erabiltzaileak direla "kaltetuenak", garraio-zerbitzuan ez baitaude bermatuta "erosotasuna, garbiketa edo segurtasuna".

Huts teknikoez gain, zerbitzuaren urritasunez ere mintzatu dira langileak. Ohartarazi dute ibilgailu falta nabaria dela puntako ordu batzuetan, eta horrek ezintzen duela hainbat zerbitzu indartzea, esaterako, eskola-orduen hasieran. Ibilgailu faltak eragiten du villavesak gainezka egotea, jendea ez kabitzea eta hurrengo autobusari itxaron behar izatea, atzerapenak egotea eta abar.

TCC-ren errepresioa

Beharginek iazko irailean esan zuten TCC enpresak lankide bat kaleratu zuela eta espedientea ireki ziola beste bati, autobusen egoera salatzeagatik. Autobus-tailerreko mekanikari arduraduna zen kaleratutako langilea, eta "enpresaren kudeaketarekin eta flotaren egoerarekin kritikoa" izan zen, langile-batzordearen esanetan. Espedientea ireki zioten langileari dagokionez, Whatsappetik jardun zuen ibilgailuen egoera txarraz.

EZ DAGO IRUZKINIK