Las Carrerasen (Abanto, Bizkaia) saihesbide bat egiteko proiektua dauka esku artean Bizkaiko Foru Aldundiak, baina lan horrek ingurumenean izango lukeen eragina aztertuko du orain Europako Batzordeak. Stop Variante Las Karreras plataformak eskatu zuen ikerketa hori egin zedila, eta atzo eman zuen berria: Europako Parlamentuko Eskabideen Batzordeak tramiterako onartu du plataformaren eskaera, eta aurretiazko ikerketa bat jarriko du martxan, Abantoko saihesbideak izango lituzkeen ondorioei buruz. Horrez gain, aipatutako batzordeak plataformaren eskaria "informazio gisa" bidali dio Europako Parlamentuko Ingurumen, Klima eta Elikagaien Segurtasuneko Batzordeari.
Las Carrerasen 2023tik ari dira proiektu txikitzailearen kontra borrokan, eta 100 helegite baino gehiago aurkeztu dituzte obraren aurka. Horien ondorioz, Azpiegitura Sailak behin eta berriz aldatu behar izan du proiektua, baina saihesbidea eraikitzeko asmoari eusten dio, bizilagunen kexei eta mahaira ateratako arrazoiei entzungor eginez. Bizilagunek etengabe salatu duteĀ "funtsezko berdeguneak suntsitu, kutsadura eta zarata areagotu eta tokiko biodibertsitateari larriki eragingo" liokeela obrak, besteak beste.
Makroproiektuaren aurkako jarrera zabala da, eta horren isla da, esaterako, joan den martxoan Las Carrerasen bertan izandako manifestazioa: 1.000 lagun baino gehiago mobilizatu ziren saihesbidea eraikitzearen kontra.