AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/09/28 19:16

Elkarretaratzeak egingo dituzte Hego Euskal Herriko Banc Sabadelleko langileek, 82 behargin kaleratzeko arriskuan jartzen dituen enplegu-erregulazioko espedientearen (EEE) aurka. Aurretiazko erretirorako plan baten ondoren gauzatuko dira kaleratzeak; modu horretan, dagoeneko 1.800 langile kaleratu dituzte estatu mailan, plantillaren %13, hain zuzen ere.

Mobilizazioak gaur arratsaldean izango dira  Iruñean (Nafarroa), Donostian (Gipuzkoa) eta Bilbon (Bizkaia). Protesta horien bidez kaleratzeak gelditzen ez badituzte, lanuzteei ekingo diete langileek. Urriaren 6an eta 8an emango diote hasiera grebaldiari, kasu horretan.

Egiturazko aldaketak Banc Sabadellen

Bankuak hainbat neurri hartu ditu Espainiako Estatuan azken hilabeteetan: 320 bulego itxi eta 1.820 langile kaleratu ditu aurretiazko erretiroen bitartez, bai eta sukurtsalen %22 itxi ere. Neurri horiek banketxearen "eredu berriaren" beharrei erantzuteko egin dira, izan ere, "kutxa aurreratua" deituriko eredua ezarri nahi du zuzendaritzak: zuzendaritza-bulego funtziorik edota funtzio komertzialik ez duten sukurtsalak irekiko lituzkete, eta "beste establezimenduak" sostengatzea izango lukete helburu.

Banc Sabadell ez da egiturazko neurriak hartu dituen banketxe bakarra. Caixabank, BBVA edota Santander bankuek ere aurretiazko erretiroak, kaleratzeak eta sukurtsalen itxierak jarri dituzte martxan azken urtean.

Kaleratzeen bidez "errentagarritasuna handitzea" bilatzen dutela azpimarratu du Banc Sabadelleko zuzendaritzak, eta bankuaren digitalizazio-prozesuak horri erantzuten diola aitortu du. "Negozioaren eredua eraldatzeko kostuak txikitzea, automatizazioa bultzatzea eta prozesuak sinplifikatzea" bilatzen dute neurri berriekin.

EZ DAGO IRUZKINIK