Pasa den azaroaren 6an, Euskal Autonomia Erkidegoko Segurtasun Sailak 2024an izango duen aurrekontua aurkeztu zuten Eusko Legebiltzarrean. Josu Erkoreka (EAJ) sailburuaren hitzetan, 790.157.000 euro bideratuko dituzte Segurtasun Sailera datorren urtean, alegia, aurten baino %5,9 gehiago.
Zifra absolotutan, 43.829.000 euro gehiago izanen ditu Sailak. Azken urteetako bilakaerari erreparatuta eta 2024ko datuak barne hartuta, 2021etik, %13,7 handitu da Segurtasun Sailaren aurrekontu orokorra, %4,8 2022an eta %3, berriz, 2023an.
Aurrekontuetako igoera hori zertara bideratuko den ere zehazten da, eta honakoak dira gasturik nabarmenenak: 24,1 milioi euro soldata-gastuak finantzatzeko izanen dira. 22,5 milioi Poliziarentzako ibilgailu hibridoak erosteko eta Ertzaintzaren eraikinak "energetikoki efizienteagoak" izan daitezen erabiliko dituzte. Gasturik handiena, 41,4 milioi eurokoa, hain zuzen ere, Ertzaintzaren eta 112 larrialdi-zerbitzuen "eraldaketa digitalera" bideratuko dira, "azpiegitura teknologiko eta zerbitzuen kudeaketa optimizatzeko" helburuarekin.
Beste pare bat milioi euro sortu berria den Euskadiko Zibersegurtasun Agentzia hornitzeko gastatuko dituzte, Ertzaintzarekin elkarlanean, "ziberdelituak" jarraitzeko xedearekin. Bestalde, 11 milioi euro erabiliko dituzte Eusko Legebiltzarra hautatzeko 2024an izango diren hauteskundeetan. Arkauteko Akademiari dagokionez, datorren urterako aurrekontua 19.835.000 eurokoa izanen da.