AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / @ehbildu (Twitter).
2023/05/30 12:23

Espainiako Estatuak ezin hobeto saritzen ditu bere sistema politikoan parte hartu eta irabazten duten alderdiak. EH Bildu horren adibide paregabea da: 576.812,16 euroko ordainsaria jasoko du Espainiako Estatutik, igandeko udal hauteskundeetan lortutako arrakastagatik. 366.339 boto eta 1.399 zinegotzirekin, Hego Euskal Herriko alderdi bozkatuena izan da. Espainiako Hauteskunde Legeak ezartzen duenez, Estatuak hauteskunde-jarduerengatiko dirulaguntzak ematen dizkie alderdi politikoei, deialdiro eguneratzen diren kopuruekin.

Kasu honetan, 270,90 euro ordainduko dituzte hautatutako hautetsi bakoitzeko, eta beste 54 zentimo inguru hautagai-zerrenda bakoitzak lortutako boto bakoitzeko (zerrenda bakoitzeko kide batek, gutxienez, eserlekua lortu badu). Infoelectoral Espainiako Gobernuaren atari ofizialak erakusten dituen behin-behineko emaitzen arabera, Arnaldo Otegik gidatutako alderdiak Espainiako Estatuaren kutxatik 378.989,1 euro kobratuko lituzke 1.399 hautetsiei esker, eta beste 197.823,06 euro tokiko hauteskundeetan lortutako 366.339 botoengatik. Batura, oraingoz, 576.812,16 eurokoa da.

EAJren kasuan, Hego Euskal Herrian Geroa Bairekin batera eskuratu dituen 1.032 zinegotziekin eta 365.012 botoekin, 476.675,28 euro jasoko dituela zenbatu daiteke.

Gainontzeko alderdiak

Hala ere, EH Bildu ez da hauteskunde hauetan diru gehien poltsikoratuko duen alderdia, inondik ere. Estatu osoan hautagaitza indartsuenak dituzten alderdiek askoz gehiago jasoko dute; PPk, PSOEk eta Voxek, alegia. Santiago Abascalen alderdiak, esaterako, 1,32 milioi euro jasoko ditu, 10,14 milioi PPk eta 5,63 milioi PSOEk.

EZ DAGO IRUZKINIK