Añorgako (Gipuzkoa) Rezola porlan fabrikan enplegu-erregulazioko espediente bat (ERE, gaztelerazko sigletan) jarriko du martxan Heidelberg Materials enpresak, hilabete honetan jakinarazi duenez. Añorgan klinker ekoizpena eten nahi du enpresako zuzendaritzak, eta, horrekin, zuzenean zeuden arriskuan gaur egun labetegian aritzen diren 36 langileak.
Berriki bildu dira enpresako zuzendaritza eta langile batzordea, eta espedientearen inguruko xehetasunei buruz jardun dute. Añorgako plantillaren erdiari eragingo die neurriak: 56 behargini, hain zuzen ere. Erretiroa aurrez hartzera behartuta kaleratu nahi dituzte hamabost langile, eta gainontzeko guztiak "birkokatu" egingo dituela hitzeman du Heidelberg Materialsek. 30 langileri emango omen dizkie lanpostuak "barne-mailan", eta badirudi horietatik hamabost Arrigorriagako (Bizkaia) fabrikara tokialdatzea eskaini duela. Beste 11 behargin, ordea, "kanpo-mailan" birkokatu nahi ditu.
Enpresako zuzendaritzaren arabera, espedientea ezarriko zaien langileen lanpostuek lotura zuzena dute klinker ekoizpenarekin. Egin beharreko "deskarbonizazio-prozesu bat" hartu du aitzakiatzat espedientea martxan jartzeko, argudiatu baitu Arrigorriagako ekoizpen-lerroko labeek "efizientzia handiagoa eta CO2 isurtze txikiagoa" dituztela; eta, beraz, hara aldatuko duela klinker ekoizpen guztia.
Sindikatuek seinalatu dute, ordea, enpresaren asmoa ez dela "deskarbonizazio-prozesuari" heltzea: Añorgako jarduera beste lantoki batzuetara lekualdatzea baizik. Horren isla litzateke klinker ekoizpena, ahalik eta azkarren, Arrigorriagara mugitu nahi izatea. Zuzendaritzak agindu omen du, momentuz, zementua ekoizten jarraituko dutela Añorgan, eta "etorkizunean 80 urtetik gorako jarduera" izango dela bertan.