AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/06/11 10:54

Hilabete honetatik aurrera, Añorgako (Gipuzkoa) Rezola porlan fabrikak ez du klinkerrik ekoitziko, porlanaren oinarrizko osagaia. Enpresako zuzendaritzak adierazi duenez, osagai horren ekoizpen osoa Arrigorriagako (Bizkaia) fabrikara lekualdatuko du aurrerantzean eta, beraz, itxi egingo ditu Añorgako labe horiek.

Hala, bertan jarduten duten 36 langile kaleratuko ditu Heidelberg Materials enpresak (bera da Añorgako lantegiaren jabea), enplegu-erregulazioko espediente (ERE, gaztelerazko sigletan) baten bitartez. Osotara 102 langilek osatzen dute plantilla, baina horietatik 36 dira labetegian zuzenean aritzen direnak. Langile horienak ez ezik, arriskuan daude labeetako mantenu- edota elektrikari-lanetan aritzen diren beharginen lanpostuak ere.

Langileen etorkizuna, hortaz, ezbaian dago. Ekainaren 18an enplegu-erregulazioko espedientea jarriko du martxan zuzendaritzak, baina klinkerra ekoizten duten langileei ez die lanpostu berririk bermatu. Enpresak dioenez, "beste enplegu bat emateko plan zabal bat" prestatuko du, baina iradoki du ez dutela langile guztiek izango lanpostu berri bat. Hartara, adierazi du kaltetutako plantillaren "zati batekin" bakarrik saiatuko dela akordioa sinatzen.

Ekoizpenaren "deskarbonizazio-prozesua" aitzakiatzat

Porlanaren oinarrizko osagaia da klinkerra eta, antza denez, elementu horren produkziotik dator zementuaren ekoizpenaren CO2 isurtze osoa. Hala, Arrigorriagako ekoizpen-lerroko labeek "efizientzia handiagoa eta CO2 isurtze txikiagoa" dutela argudiatuta, Añorgako labetegia itxi eta klinkerraren ekoizpen osoa Bizkaiko fabrikan zentralizatuko dute.

Lekualdaketa hori egikaritzeko, 32 milioi euroko inbertsioa egingo du Heidelberg Materials enpresak, datozen bi urteetan. Horrela, CO2 isurketa %50 jaitsiko dela dio zuzendaritzak, eta esan du beharrezkoa dela Europar Batasunak markatutako helburuetako bat betetzeko; alegia, CO2 isurketa %62 murriztea.

EZ DAGO IRUZKINIK