AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Agence Française de Développement
2024/12/09 17:48

Desertifikazioaren joera globalak bere horretan jarraituz gero, 5.000 milioi pertsona biziko dira eremu idorretan mendearen amaierarako, Nazio Batuen Erakundearen Desertifikazioaren aurkako Borrokaren Konbentzioaren (UNCCD, ingelesezko sigletan) arabera. Saudi Arabian egindako COP16 bilkuran, Lur lehorren munduko mehatxua txostena aurkeztu du UNCCDk: 1990etik 2020ra arteko froga zientifikoak bildu ditu, eta 1960tik 1990era arteko datuekin alderatu ditu.

Txostenaren arabera, basamortutzearen eta lurren lehortzearen efektuak "askotarikoak eta biziagoak" izango dira aurrerantzean. Ondorioz, 2100. urterako, milaka milioi pertsona gehiago kaltetuko ditu prozesuak, eta nekazaritzan lan egiten dutenak eta nekazaritzari esker bizirauten dutenak izango dira kaltetuenak. Afrikan, hegoaldeko Asian eta Ekialde Hurbilean, uraren eskasia arazo handi bat da jada, eta badirudi uraren lurruntzearen areagotzeak nekazaritzako ur-kontsumoa handitu duela, erabilgarria den uraren %90 sektore horrek kontsumitzen baitu gaur-gaurkoz. 

1990etik 2020ra bitartean, lurren %77,6k jasan dituzte "normalak" baino tenperatura handiagoak, eta, horren ondorioz, planetan zehar 4,3 milioi kilometro karratu areagotu dira lur lehorrak. Ikerketan nabarmendu dutenez, desertifikatutako lur horietan ez dago atzera egiterik, ez baitira jatorrizko egoerara sekula itzuliko.

Desertifikazioak pobrezia areagotzen du

Desertifikazioaren kausa, txostenean azpimarratzen dutenez, "gizakion ekintzak" dira. Berotegi-efektua sortzen duten gasen isurketa sistematikoak igo egin du tenperatura planetan, eta horrek aldatu egin ditu euriaren kantitatea eta maiztasuna, bai eta lurruntze-prozesua kaltetu ere. Lurraren lehortzeak eta klima-aldaketak, UNCCDren esanetan, "pobrezian bizi diren pertsonen kopurua 35 eta 122 milioi artean handitu dezakete 2030erako", batez ere Sahel, ekialdeko Sahara eta hegoaldeko Asian.

Antza denez, azken 30 urteetako lehortzeak %12 murriztu du Afrikako herrialdeen Barne Produktu Gordina (BPG), eta Asiako herrialdeetan ere %2,7 egin du behera. UNCCDk emandako datuek erakusten dute, gainera, 2079rako %16 mugatuko dela Afrikako herrialdeen BPGa, eta %6,7 Asiako herrialdeena.

Klima-aldaketak tentsio sozialak eta politikoak larriagotuko ditu

Pobretzea areagotu ez ezik, desertifikazioak gogor kaltetuko du planetako fauna, eta %55 desagertu egingo da, gutxienez. Bestalde, uraren eskasiarekin batera, "nekazaritzaren eta abeltzaintzaren kolapsoak komunitate osoak behartuko ditu euren etxeak uztera, eta horrek tentsio sozialak eta politikoak bultzatuko ditu mundu osoan", iragarri dutenez. Errefuxiatu-olatu eta gatazka horiek Afrikan, hegoaldeko Asian eta Ekialde Hurbilean nabarmenduko direla uste dute.

EZ DAGO IRUZKINIK