AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/07/09 09:43

1978ko uztailaren 8an izan zen Iruñeko (Nafarroa) sanferminetako sarraskia. Zezenketa amaitzean, hainbat peñak amnistiaren aldeko pankarta batzuk atera zituzten Zezen Plazan, eta Espainiako Poliziak gogor kargatu zuen orduan: gomazko pilotak eta ke-potoak erabili zituen jendearen aurka. Hainbat pertsonak euren burua defendatu zuten, eta, indarkeria polizialari erantzunez, objektuak jaurti zizkieten agenteei. Tiroz erantzun zuen Poliziak.

Bortizkeria polizial hori zela-eta, jendeak barrikadak egin zituen inguruetan, eta konfrontazioak izan ziren. Garaian Espainiako Barne ministro zenak, Rodolfo Martin Villak, gerora esan zuen egun horretan 130 bala bota zituztela polizia-agenteek jendearen kontra, eta istiluen aurkako materiala 7.000 aldiz jaurti zutela.

Denera, 150 pertsona zauritu zituzten poliziek, horietatik 11 balaz. German Rodriguez buruan tiro bat jota erail zuten. 23 urte baino ez zituen, eta Liga Komunista Iraultzaileko (LKI) militantea zen.

Germanen hilketa salatzeko, hurrengo egunetan protesta jendetsuak izan ziren Euskal Herrian, tartean greba orokor bat. Mobilizazio horietako batean, Donostian (Gipuzkoa), Joseba Barandiaran astigarragarra erail zuen Poliziak: tiro batez jo zuen bularraldean uztailaren 11n. 19 urte zituen.

Gertakari horietan ere, inpunitatea erabatekoa izan zen: ez zen inolako epaiketarik eta kondenarik izan Germanen erailketa zela-eta (ezta Josebaren hilketaren inguruan ere), eta 1982an itxi zuten auzia, Germanen aitak salaketa bat jarri arren. Biktimaren anaia Ferminek seinalatu izan duenez, irekitako auzi guztiek "Poliziaren eta Barne Ministerioaren bertsioak baieztatzeko" baino ez zuten balio izan.

German gogoan

Germanen oroimenez, eta bere erailketaren 47. urteurrenaren harira, aurten ere hainbat omenaldi eta ekitaldi izan dira Iruñean. Iruñerriko Kontseilu Sozialistak, esaterako, gogoan izan du hildako militantea eta lore-eskaintza bat egin dio bere oroimenezko estelan: "Aurten ere German omendu eta bidean eroritako militante komunisten memoria politikoa aldarrikatu dugu. Iraganaren oroimena prozesu sozialista burura eramateko izan behar delako. Soilik iraultzak egingo die benetako justizia".

EZ DAGO IRUZKINIK