AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/11/18 13:12

Zigor altuak eskatu dituzte Sopelako (Bizkaia) lau pertsonarentzat, joko-areto baten kontrako zenbait protesta-ekintzatan parte hartzea egotzita. Hain justu, 32 urteko kartzela-zigorrak galdegin dituzte haientzat (zortzi urtekoak bakoitzarentzat), baita 112.400 euroko isunak ere.

Espainiako Poliziak 2021eko uztailaren 22an atxilotu zituen lau akusatuak, esan bezala, joko-areto baten aurkako borrokari lotuta. Sopelako 4ekin 1 plataforma berritik jakinarazi dutenez, "gorabeherak" izan dira ordutik prozesu judizialean, baina epaiketaren data jarrita dago jada: datorren otsailaren 4an izango da.

"Auzi horri aurre egin, egoera sozializatu eta elkartasuna ehuntzeko helburuarekin" jarri dute martxan Sopelako 4ekin 1 plataforma. Bertako kideek salatu dute "muntaia polizial berri bat" dela Sopelako lau herritarren aurka irekitakoa, eta ohartarazi dute "auzi honen kostu juridiko eta ekonomikoak Sopelako lau lagun espetxera bidali eta euren bizitzak betirako baldintzatu" ditzakeela.

Hainbat ekimen antolatuko dituzte hurrengo hilabeteetan, eta larunbat honetarako, azaroaren 22rako, jarri dute lehen hitzordua: batzar informatiboa egingo dute 13:00etan, Sopelako Udaletxe Plazan.

EZ DAGO IRUZKINIK