Iruñeko (Nafarroa) Miasa fabrikan enplegu-erregulazioko espedientea indarrean jartzea ebatzi du lantegiko lehiaketaren administratzaileak, Merkataritza Arloko 1. Epaitegiaren oniritzia jaso ostean. Ondorioz, lantegiko 31 langile kaleratu egingo dituzte, hasieran kaltetuak 94 izango zirela zirudien arren. Horien artean, hamazazpi beharginek enpresatik irteteko "akordioak" sinatu behar izan dituzte jada, kalte-ordainak eskaini baitizkiete.
Autoentzako abiadura-kaxentzako piezak ekoizten dituzte Miasako langileek, Iruñeko Landaben poligonoan. Enpresa lehiaketan murgilduta dago iazko urritik, "zorrak" zituela argudiatu baitzuen enpresak. Itxieraren kudeatzaileek otsailean ekin zioten prozedurari; "inbertitzaileak izan daitezkeenentzat erakargarria eta bideragarria" izan dadin lantokia, enpresako zuzendaritzaren hitzetan.
Frankismo garaian aberastutako Huarte familia da enpresaren jabe; Felix Huarte industrialariaren oinordekoak, hain zuzen ere. Huarte gorte frankistetako prokuradorea, Iruñeko Udaleko zinegotzia eta Foru Erkidegoko lehendakariordea izan zen diktaduran. Hori ez ezik, erregimeneko kontratista handienetariko bat izan zen heinean, Eroritakoen Harana izeneko monumentu faxista ezaguna eraikitzen parte hartu zuen.