AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/01/02 15:40

Joan den urriaren 12an, Hispanitatearen Egunari lotuta, Iruñean (Nafarroa) kontzentrazio bat egin zuen Vox alderdiak. Iruñerriko Gazte Koordinadora Sozialistaren (GKS) esanetan, "Espainiako nazionalismo erreakzionarioari gorazarre egiteko" elkarretaratu ziren zenbait faxista, baina haiei aurre egiteko asmoz bertaratu ziren hainbat pertsona. "Nazionalismo hori proletalgoa zapaltzeko erabili izan da iraganean eta erabiltzen da orain, bai eta Espainiako Estatuaren barreneko nazioak ukatzeko ere", ekarri du gogora GKSk.

Voxeko faxisten kontrako protesta horri lotuta, berriki hainbat gazteri heldu zaizkie Espainiako Gobernuko Ordezkaritzak jarritako isunak: 31 pertsona isundu ditu, 21.000 euroko zigorrekin guztira. Pertsona horiek ez zituzten protestaren egunean bertan identifikatu, baina zigor-jakinarazpenak bidali dizkiete orain. Urriaren 12an "arau-hauste larri bat" egin zutela eta "Voxen kontzentrazioa oztopatzen saiatu" zirela adierazi diete.

Aurrekari arriskutsua faxismoari aurre egiteko borrokan

"Isunok aurrekari oso arriskutsua ezartzen dute; izan ere, zigor irmoa ezartzen diote goraldian dauden indar erreakzionarioen kontrako protesta bati, eta erreakzionarismoa sendotzeko bidea irekitzen du", ohartarazi du gazte-antolakundeak. Uste du, hala, helburu bakarra duela gertatutakoak: "Bizi dugun miseriari eta haren erantzuleei aurre egiten saiatzen den borroka-adierazpen oro zapaltzea". Gaineratu du "langile-klasearen eskubide politikoen beste murrizketa bat" direla isunak, "protesta-markoa gero eta gehiago estutzen dutenak", eta "mezu argi bat bidaltzen dietela manifestatzen diren guztiei": "Errepresioa besterik ez dago".

"Beste behin ere, Espainian historian egon den gobernurik aurrerakoienak errepresioa erabili du faxismo instituzionalizatuari kontra egiteko mobilizatzen direnen kontra", diote Iruñerriko GKSko kideek: "Faxismo horrek, hain justu, autoritarismoa proposatzen du sistema kapitalistaren krisia konpontzeko. Errepresioa handitzen eta pobrezia kriminalizatzen du; erasoak egiten ditu proletalgoaren eta gutxiengo zapalduen kontra, eta haiek guztiak beren proiektu nazionalean kabitzen ez den etsai komun gisa definitzen ditu". "Joera erreakzionarioak gora egiten ari diren testuinguru honetan, estatuak antolakunde erreakzionarioak babesten ditu, eta zigortu egiten ditu haiei aurre egiten dietenak", seinalatu dute.

Laguntza emateko aukera

GKSk dei egin du, dena den, "faxismoaren aurka mobilizatzen eta antolatzen jarraitzera". Beharrezkotzat jo du "langile-klasearen eskubide politikoen aldeko borroka hedatzea, faxismoaren jarduna ekiditea, haren presentzia desnormalizatzea eta hari espazio guztietan aurre egitea". "Faxismoari kalean egin behar diogu aurre eta lehen lerroan egon, faxismoa normalizatu ez dadin", aldarrikatu du. Urtarrilaren 25an faxismoaren eta gerraren mehatxuaren kontra mobilizatzera deitu du berriz, gainera.

Iruñean 31 gazteri ezarri dizkieten isunei aurre egiteko, bilketa kanpaina bat ere jarri dute martxan. Bizum bidez lagundu nahi dutenek 617 897 446 telefono zenbakira egin dezakete euren ekarpena, eta transferentzia bat egin nahi dutenek ES5230080256865235485520 kontu korrontera jo dezakete.

EZ DAGO IRUZKINIK