Ertzaintza indartzeko inbertsio berriak egiten jarraitzen du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. 473 postu sortuko dituen promozio erraldoiarekin aski ez, eta dirutza gastatuko du gobernuak ertzainen patruila-autoak berritzen. Asmoa omen da Seat ibilgailu zaharrak erretiratzea eta BMW X1 kotxeekin ordezkatzea, eta badirudi estreinatu dituztela dagoeneko aureneko auto berriak.
70.095,30 euro inguruko kostua izango du ibilgailu berri bakoitzak, horri lotutako gastu guztiak kontuan hartuta, eta 300 bat kotxe erostea aurreikusten du. Inbertsio osoa, beraz, 24 milioi euro ingurukoa izango da. Antza denez, Europako Next Generation funtsen bidez ordainduko du dirutza hori Jaurlaritzak. Asturiasen eskuratu ditu autoak: Automóviles Oviedo enpresari erosi dizkio, hain zuzen ere, Europako funtsen banaketatik irabazi gehien lortzen dituen konpainietako bat.
Aurreko urtean tramitatu zuten erosketaren lehenengo zatia, eta joan den otsailaren amaieran hasi ziren ibilgailu berriak Ertzaintzaren eskuetara iristen. elDiario.es atariaren arabera, martxoaren hasieran ekin zioten kotxeak komisarien artean banatzeari.