AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Kulturklik
2025/02/06 22:04

Bihar izango da Raimundo El Canastero musika-taldeak, adierazpen-askatasuna aldarrikatzeko, Lizarran (Nafarroa) antolatutako egitaraua. Horren atarian, manifestu indartsu bat kaleratu dute Euskal Herriko 237 musikarik eta taldek, Raimundo El Canasterori babesa emateko eta instituzioak kritikatzeko eskubidea aldarrikatzeko. Izan ere, otsailaren 12an epaituko dute Lizarrako taldea, udalaren jarrera autoritarioa salatzeko egindako kanta batengatik: Beef D'Alda. Abesti horren letrak "mehatxuzko" eta "irainezko" delituekin lotu dituzte prozesu judizialean.

Musikarien kontrako errepresiorik ez, instituzioak kritikatzeko eskubidearen alde. Horixe da manifestuak daraman lelo nagusia. Sinatzaileek elkartasuna adierazi diote Raimundo El Canasterori, eta taldearen aurkako "kanpaina eta gertakariak" salatu dituzte. Hala, "adierazpen-askatasunaren aurkako erasotzat" jo dute haien kontrako jazarpena, eta ohartarazi dute "ohikoak" bihurtzen ari direla "horrelako jokabideak musikarien kontra". Adibide modura aipatu dituzte, esaterako, Oiartzungo (Gipuzkoa) Yakovlev 42 taldearen edo Iruñeko (Nafarroa) Black Marfil raperoaren aurkako prozesu judizialak. Bi epaiketak egon ziren musikarien letrei lotuta, hain zuzen ere.

Idatzian, "boterea eta instituzioak kritikatzea" legitimoa dela eta musikariek horretarako eskubidea dutela aldarrikatzeaz gain, harago doaz sinatzaileak: eskubidea soilik ez, musikaren bidez kritika horiek egiteko eginkizuna dutela azpimarratzen dute. "Musika erreminta indartsua" dela ulertuta, artistek "kritika sozialerako eta politikorako" ardura dutela erreibindikatzen dute, beraz: "Uste dugu artistok badugula kritika horiek egiteko ardura eta betebeharra".

237 sinatzaile

Musikari eta musika-talde ezagun andanak babestu du manifestua, adibidez: Anari, Balloon Frame, Belako, Bengo, Bizardunak, Borla, Brigade Loco, Bris, Chill Mafia, Desgaraian, Dirty Old Gasteiz, Dupla, Eñaut Elorrieta, Esanezin, Etxepe, Ezpalak, Fermin Muguruza, Gari, Gozzue, Hofe, Ibil Bedi, Idoia Asurmendi, Istilu, J Martina, Juantxo Arakama, Kalipotxo, Kaparrak, Katarsia, Nakar, La Txama, Malakias, Mateo Zikuta, Merina Gris, Mutiko, Neomak, Nize, Olaia Inziarte, Olatz Salvador, Rebel Noise, Rodeo, Sembrando Kaos, Streetwise, Tatta, Tatxers, The Lio, TOC, Unidad Alavesa, Verde Prato eta Yakovlev 42k.

Lizarrako Udalaren pasibotasuna eta zentsura

Raimundo El Canasterok, bestalde, atzo bertan salatu zuen Lizarrako Udalak kolokan jarri duela biharko antolatutako egitaraua. Zenbait aste igaro dira musika-taldeak beharrezko baimenak eskatu zituela, otsailaren 8an, Lizarran adierazpen-askatasunaren aldeko ekimen batzuk egin ahal izateko, baina udalak ez dio oraindik jakinarazi ea baimenak emango dituen edo ez. Raimundo El Canasteroko kide batzuek atzo jo zuten udalbatzarraren osoko bilkurara, baimen horien inguruan galdetzeko, baina ez zuten erantzunik jaso. Hala ere, egitarauarekin aurrera egitea erabaki dute, eta agerraldi bat egingo dute gaur arratsaldean, udaletxe aurrean.

EZ DAGO IRUZKINIK