Palestinako Harresiarekiko eta Asentamenduekiko Erresistentzia Batzordearen txosten ofizialaren arabera, sionisten 2.350 eraso dokumentatu dituzte Zisjordanian joan den urrian, bai estatu-indarren partetik bai kolono sionisten partetik. Erakundeko presidente Moayyad Shaabanek gogorarazi duenez, azken erasoek "herri palestinarraren, bere lurren eta bere jabetzen aurkako bortxaketa sistematikoak" islatzen dituzte.
Eraso guztietatik 1.584 egin dituzte Israelgo Estatuko okupazio-indar militarrek eta polizialek, eta 766 kolono "israeldar" armatuek, batez ere landa-eremuetan eta nekazaritza-eremuetan. Ramala eta El Bireh gobernazioak izan dira kaltetuenak urrian, 542 erasorekin; eta ondoren daude Nablus (412) eta Hebron (401), batzorde palestinarrak bildutako datuek erakusten dutenez.
Txostenak, gainera, palestinarren aurkako eraso horiek nolakoak izan diren zehazten du; besteak beste, "zuzeneko eraso fisikoak, zelaiei su ematea, zuhaitzak ateratzea, lurrak konfiskatzea eta etxebizitzak eta nekazaritza-instalazioak eraistea". Israelgo okupazio-indarrek sistematikoki eragozten diete oliba biltzaile palestinarrei beren lurretara sartzea, "segurtasun-neurrien" aitzakiapean landa-eremu zabalak ixten dituzten bitartean. Horrela, sionisten legez kanpoko koloniak hedatzea eta legezkoak sendotzea errazten dute.
Palestinako Agintaritza Nazionaleko Nekazaritza Ministerioaren esanetan, Zisjordaniako kolono sionistek olibondoaren uzta-denboraldian egindako erasoek %17 areagotu dituzte nekazari palestinarren galera ekonomikoak. Batzordeak jakinarazi du 15.000 zuhaitz baino gehiago suntsitu dituztela sionistek 2024ko urritik, eta kolpe zuzena izan dela hori palestinarren nekazaritza-ekoizpenarentzat eta ehunka nekazari-familiarentzat.