Gasteizen (Araba) aurreko hilean epaitu zituzten 21 pertsona, Askabide klinikaren aurrean biltzeagatik eta haurdunaldia etetera zihoazen emakumeak nahiz langileak jazartzeagatik. Zigor Arloko 1. Epaitegiak erabaki du, ordea, jazarle horiek guztiak absolbitzea: epaileak dio manifestariek ez zutela "indarkeriaz jokatu", "modu baketsuan" elkarretaratu zirela eta "otoitz egiteko bakarrik" elkartu zirela Askabide parean, eta beraz, uste du ez zela "hertsatzerik" egon.
"Erabat baztertzekoa da akusatuek inolako jazarpenik egin izana", dio epaileak: "Portaera bakarra izan zen elkarretaratze horietan otoiz egiten zutela, eta laguntza-eskaintzak izan zirela". Orain, aukera dago Arabako Probintzia Auzitegian helegiteak aurkezteko.
Manifestari antiabortistek urtean bi aldiz egiten dituzte kontzentrazioak eta otoitz kolektiboak, 40 egunez jarraian, klinikara haurdunaldia etetera doazen emakumeei presioa egiteko. Langileei ere jazartzen diete, "Hiltzaile!" oihukatuz eta abortuaren kontrako kartelak erakutsiz besteak beste. Gasteizen auzitara eraman dituzten elkarretaratzeak, zehazki, 2022ko irailaren 28tik azaroaren 4ra bitartean egindakoak dira, zentroko zuzendaritzak jarri baitzuen salaketa orduan.
Jazarleek ez dituzte Gasteizen soilik egiten elkarretaratze horiek, Donostiako (Gipuzkoa) Askabide klinika ere seinalatu baitute kontzentrazio bidez. Hala ere, azken urteetan, antiabortistei aurre egin diete hainbat pertsonak: Donostian, adibidez, aurre egin zien Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak aurtengo martxoan.