AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Libertad Digital
2024/09/20 08:31

Urteko lehenengo zazpi hilabeteetan, gutxienez 1.542 pertsona hil edo desagertu dira Europara itsasoz heldu nahian; alegia, ontzi erabat prekarioetan. Horiexek dira Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Erakundeak (ACNUR, gazteleraz) emandako datuak, ohartarazita gutxieneko kalkulu bat baino ez dela datu hori, eta askoz ere altuagoak direla datu errealak.

Urtarrilaren hasieratik uztailaren amaierara bitartean erregistratutako heriotza horien artean, gehienak (%90) izan dira Kanarietara migratzeko ibilbide atlantikoan eta Mediterraneo zentraleko bidean (nagusiki, Tunez eta Libiatik Italiara iristeko bidean). 702 pertsona hil dira Kanaria uharteetara migratzeko saiakeran (21.675 lagunek lortu dute), eta 699 Mediterraneo zentraleko ibilbidean (33.576 pertsona heldu dira kostara).

Mendebaldeko Mediterraneoko bidean, 107 lagunek galdu dute bizia urteko lehen zazpi hilabeteetan (7.755 pertsonak lortu dute kostaldera iristea). Ekialdeko Mendebaldeko bidean, berriz, 34 lagun hil edo desagertu dira (30.516 heldu dira).

Beraz, bai kopuru absolutuetan bai portzentajeei erreparatuta, Kanarietara doan migrazio-bidea ari da izaten hilgarriena: ACNURek emandako datuen arabera, 31 lagunetik bat hil dira ibilbide horretan. Mediterraneo zentraleko bidean 48 pertsonatik batek galdu du bizia, mendebaldeko Mediterraneoan 72tik batek, eta ekialdeko Mediterraneoan 761etik batek.

Migrazio-bideak, are arriskutsuago gobernuen migrazio-politikei esker

Bitartean, Europako askotariko agintaritzek jarraitzen dute mugak gogortzen, sarbidea zailtzen eta migrazio-bideak are arriskutsuago bihurtzen: Alemaniak kontrolak areagotu ditu lurreko muga guztietan; Polonian armak erabiltzeko inpunitatea eman diete indar armatuei, batez ere Bielorrusiako mugan; migrazio-politikak zorroztu eta erregimen "itxi" bat ezarri nahi dute Herbehereetan, eta abar.

Europar Batasunean, gainera, joan den apirilean onartu zuten Migrazioari eta Asiloari buruzko Ituna. Hainbat tokitatik immigratzea zailtzen du neurri-sortak, pertsona migranteen kontrako hainbat praktika errepresibo legeztatzeaz gain.

EZ DAGO IRUZKINIK