AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Gelmert Finol
2025/05/29 09:35

Migrazioetarako Nazioarteko Erakundearen (OIM) parte den Missing Migrants plataformaren arabera, 2024. urtean, egunean bederatzi pertsonak galdu zuten bizia batez beste Europako kostaldera heldu nahian; alegia, 3.363 lagunek. Eta ohartarazi du, gainera, gutxieneko kalkuluak besterik ez direla horiek, errealki izaten diren heriotzen heren bat baino ez delako erregistratzea lortzen.

Heriotzen eta desagerpenen %44 inguru Espainiako Estatura iristeko migrazio-bideetan izan ziren iaz. Hau da, gutxienez 1.474 pertsona hil ziren Espainiako Estatuko kostaldera heltzeko ahaleginean. Beste hainbat iturrik, dena den, kopuru erreala askoz ere altuagoa dela diote: Caminando Fronteras erakundeak kalkulatzen du 10.000 bat lagunek galdu zutela bizia 2024an, Espainiako Estatura itsasoz iritsi nahian.

Migrazio-bide horien artean, Kanaria uharteetarako mendebaldeko ibilbide atlantikoa da hilgarriena: uste da Espainiako Estatura migratzeko saiakeran izan ziren heriotzen %70 gertatu zirela ibilbide horretan, 1.000 baino gehiago beraz.

Hamaika erakundek ohartarazten dute zein baldintza arriskutsutan egiten dituzten bidaia horiek milaka pertsonak, ontzi ezegonkorretan gehienetan. Erregistratutako heriotzen erdia, itsasontzia hondoratzearen ondorioz izan ziren, eta laurden bat, berriz, eguraldiari lotutako arazoengatik eta oinarrizko bizi-bitartekoen faltagatik.

Mediterraneoan, 31.000 biktima azken hamarkadan

Erregistroen arabera, migrazio-bideen artean, Mediterraneokoa da munduko hilgarriena: azken hamar urteetan, gutxienez 31.000 pertsona hil edo desagertu dira Espainiako Estatura, Italiara edo Greziara migratu nahian. Hainbat erakundek jakinarazten dutenez, gainera, Europar Batasuneko mugak ixteak eta legezko migrazioa zailtzeak jende andana behartzen du bide gero eta luzeagoak eta arriskutsuagoak hartu behar izatera, eta nabarmentzen dute, 2024an, jatorri gero eta urrunagoetako pertsona migratzaileak ikusi izan direla itsasoz migratzen; hala nola Bangladeshekoak, Pakistangoak edo Yemengoak.

EZ DAGO IRUZKINIK