AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Hispan TV-ren bidez
2025/12/10 09:06

Walla News hedabide israeldarraren txosten argigarri batek jakitera eman duenez, 2023a hasi zenetik hona, gutxienez 110 preso palestinarrek galdu dute bizia sionisten kartzeletan. 2022a amaitzean Itamar Ben Gvir izendatu zuten Segurtasun Nazionaleko ministro, eta kargua hartu zuenetik bildutako datuak dira horiek; 2023ko urtarriletik 2025eko ekainera bitartekoak hain zuzen ere. Zifrak errekor historikoa ezarri du, eta Giza-Eskubideen aldeko Medikuak bezalako erakundeek aurrez egindako kalkuluak bikoiztu ditu, duela gutxira arte, 46 hildako zenbatzen baitzituzten. Datuek erakusten dute atxiloaldiko baldintzak nabarmen okertu direla; biktima gehienak ez zituzten ospitalera eraman egoera terminalean egon arte.

Txostenaren arabera, heriotza horien atzean dauden kausak honakoak dira: tortura sistematikoak, muturreko gosea legezko gutxienekora murriztutako errazioekin (Ben Gvirrek berak harrokeriaz azaldu izan du hori), pisuaren galera masiboa, aireztapenik gabeko ziega ilunetako pilaketa, eta gaixotasunak hedatzea eragiten duten osasun-akatsak, arreta medikorik gabe. Gehiegikeria horien ebidentziak areagotu egin dira ministro faxistak espetxe-sistemaren kontrola hartu zuenetik: Sde Teimango espetxe militarraren moduko instalazioak torturarako eta hilketarako zentro bilakatu ditu, lehen baino are gehiago; erregistratutako heriotzetatik 29 izan dira bertan.

1967tik 2007ra bitartean ofizialki erregistratutako 187 heriotzekin alderatuta, gaur egungo erritmoak (astean heriotza bat batez beste) palestinarrak objektu gisa hartzen dituen estatu-eredu bat erakusten du. Gorakada hori bat dator azken oldarraldi sionistarekin, 2023ko urrian hasi zena. Garai horretan, Ben Gvirrek blokeatu egin zuen Nazioarteko Gurutze Gorriaren sarbidea espetxeetara, kanpoko ikuskapen oro galaraziz eta erabateko opakutasuna ahalbidetuz 10.000 palestinar inguru preso dituen sistema batean; ia erdia kargu formalik gabe, atxiloketa administratibo mugagabean.

Kritikoek, Palestinako Presoen Elkarteak eta Amnistia Internazionalak barne, torturak eta exekuzio estrajudizialak ezkutatzeko tresnatzat jotzen dute neurri hori. Sarekada bortitzek, eguzki-argia galarazteak, arropa lodirik ez baimentzeak edo oinarrizko produktu higienikorik ere ez izateak larriagotu egiten du atxilotu palestinarren egoera, eta horrek okupazioaren hedapen hilgarri bihurtzen ditu kartzela sionistak.

Urka bat soinean

Testuingurua are gordinagoa da Ben Gvirren ekintza eta keinu publikoekin; izan ere, preso palestinarren aurkako heriotza-zigorra legeztatzeko lege-proiektu bat babestu du berriki. Gainera, Parlamentuaren saio batera urka bat erakusten duen pin batekin agertu dira oraintsu bera eta bere taldekideak: "Denok adostu genuen pina erabiltzea. Heriotza-zigorra gauzatzeko aukeretako bat da. Urka, aulki elektrikoa eta injekzio hilgarria aukeretako batzuk dira, jakina".

EZ DAGO IRUZKINIK