AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Falange Española de las JONS
2025/10/11 09:29

Espainiako "Trantsizioa" deiturikoaren azken urteak atzean utzita ere, edonolako instituzioen babesa izaten jarraitzen dute frankismoari gorazarre egiten dioten eta hamaika eraso faxista gauzatzen dituzten taldeek. Horren adibide da azken hamarkadetan Ofentsiba Nazionalsindikalistarako Batzarren Espainiako Falangeak (FE de las JONS) eta bestelako talde faxistek inpunitate osoz izandako jarduna.

Diktadura frankista bukatutzat eman eta ondorengo urteetatik hasita, 1975etik 1982ra bitarteko Trantsizioan hain zuzen ere, 714 erailketa faxista erregistratu zirela erakusten du 2024an Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak argitaratutako artikulu batek: Transición y violencia política: la centralidad de un fenómeno. El caso PSOE. Horren ondorio judizialak hutsalak izan ziren.

Gaur egunera ekarrita ere, eta nahiz eta faxismoaren forma berriak eta kasuistika askotarikoak diren orain, ikus daiteke nola jardun biolentoarekin jarraitzen duten; eta badirudi gorakorra dela joera. 2020an Espainiako Gobernuak eta Movimiento Contra la Intolerancia mugimenduak argitaratutako Informe Raxen lanak salatzen duenez, 2019an bakarrik, 743 delitu ideologiko egotzi zitzaizkien talde faxistei, 576 biktimarekin. 385 lesio-kasu eta 358 mehatxu salatu zituzten.

Faxismoaren adierazpen berriak?

Azken zifra hori are esanguratsuagoa da, adibidez, hainbesteko tradizioa duen Falangearen mobilizazio-gaitasun urriari erreparatzen bazaio. Ekonomia eta Bakerako Institutuak dioenez, 2016tik 2020ra bitartean, %320 hazi ziren eskuin muturrak gauzatutako erasoak, eta gora doaz jarrera faxistak jendartean, zentzurik zabal eta konplexuenean. Baina, hala ere, Falangeak deitutako azken hiru mobilizazio handienak aztertuta, ez dira bereziki jendetsuak izan.

Madrilen, 2023an Primo de Riveraren omenez deituriko mobilizazio batean, 200 faxista inguru bildu ziren. Madrilen bertan aurten "indar-erakustaldi" gisara aurkeztu nahi izan duten manifestaziora, berriz, 300 pertsonatik behera batu ziren, deia Espainiako Estatu mailakoa izan bazen ere. Eta azkenik, 2024an Alacanten Primo de Riveraren alde antolatutako beste omenaldi batean, 30 soilik elkartu ziren.

Instituzioen pasibotasuna eta babesa

Erreakzio instituzionala behatuz, edonolako deialdi faxistetarako baimenak ematen eta talde faxistei inpunitate osoa bermatzen segitzen dute agintaritzek. El Salto-k kaleratutako artikulu batek erakusten duenez, azken 20 urteetan eskuin muturreko indarkeriari lotutako delitu guztiak kontuan hartuta ere, 30 erasotzaile soilik izan dira zigorren bat jaso dutenak. Kartzela-zigorrak, batez beste, urtebete eta hiru urte eta erdi artekoak izaten dira.

Gainera, talde faxistek modu antolatuan jarduten dutela era esplizituan aipatzen bada ere, eta Europolek berak hala zehaztu izan badu ere, Espainiako Estatuko auzitegiek ez diete terrorismo kasu bat bera ere leporatu, ezkerreko taldeekin gertatzen denaren kontrara. Eta zigor administratiboak ere erabat sinbolikoak dira talde faxistentzako. Memoria Demokratikoko Legea indarrean sartu zenetik, isun bakarra ezarri dute frankismoari eta Falangeari gorazarre egiteagatik, eta horren balio ekonomikoa izan zitekeen baxuena izan zen: 10.000 euro.

Sinbolo faxistak kaleetan

Talde faxistei instituzioen partetik ematen zaien inpunitatearen eta babesaren adibide argia dira, bestalde, frankismoaren garaitik kaleetan mantentzen diren era guztietako sinboloak. Azken kontaketa ofizialen arabera, 6.000 baino gehiago dira kaleetan eta etxeetako hormetan jarraitzen duten ikur faxistak, nahiz eta kontaketa ez-ofizialek gehiago ere badirela iradoki.

Nafarroan bertan 141 udalerritan aurki daitezke halako sinboloak, guztira 224 baitira zenbaketetan agertzen direnak. Iruñean bertan dago monumentu frankista erraldoi bat, zutik eta ukigabe: Erorien Monumentua.

EZ DAGO IRUZKINIK