AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/03/14 19:55

Gasteizkoak kolektiboak Conversión de la industria militar en Euskal Herria para no fabricar más guerras liburuan argitara ateratako datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) kokatutako arlo militarreko enpresek 750 milioi euro inguruko fakturazioa dute urtean, eta 1.700 pertsona baino gehiago dituzte soldatapean. Datuek erakusten dute azken bi hamarkadetan nabarmen handitu dela sektorearen tamaina: 2005ean, 70 bat enpresa, ikerketa-zentro edo entitate zeuden nolabait sektore militarrekin lotuta; gaur egun, 200 baino gehiago izatera iritsi dira.

Apustu horren zergatia nabarmen argitzen da Europar Batasuneko eta Espainiako Estatuko datuei erreparatuta. Espainiako Estatuaren kasuan, ikus daiteke gastu militarra 20.000 milioi euro ingurukoa dela gaur egun, baina aurreikuspen moderatuenek ere aurreikusten dute inbertsio hori BPGaren %2ra igoko dela aurki; 36.000 milioi eurora, alegia. Gainera, badira jada gastu hori baxuegia dela dioten ahotsak, BPGaren %3ra edo %5era igotzeko asmoz.

Testuinguru honetan, EAEk gero eta garrantzia handiagoa du. Izan ere, Espainiako Defentsa Ministerioaren arabera, estatu osoan zuzenean armagintzara bideratutako enpresak ehun bat dira, eta horietatik 20 daude EAEn. Zentzu horretan, Mikel Jauregi Industria sailburuak argi utzi du erkidegoko "berrindustrializaziorako aukera paregabea" dagoela gorakada belikoan, eta "Europako defentsa-proiektuan parte hartzea dagokigula".

"Euskal" armagintza-konpainia nagusien artean daude SAPA Placencia, Sener, ITP Aero eta Aernnova, baina gora doaz horiek azpikontratatuta lan egiten duten enpresa txikiagoak ere. Batez ere, sektore aeroespazialean, munizioaren fabrikazioan eta elektronika aurreratuan jarduten dute korporazio horiek.

EZ DAGO IRUZKINIK