Israelgo Estatu sionista Gazako Zerrendan egiten ari den sarraskiaren ondorioak ikertu ditu The Lancet zientzia-aldizkariak, eta "aurreikuspen zuhur bat" egin du: urriaren 7an hasitako oldarraldiaren eraginez, 186.000 izan daitezke Gazan eraildako palestinarrak.
Azken datuen arabera, gutxienez 38.000 dira azken bederatzi hilabeteetan sionistek eraildako palestinarrak. Baina zifra horietatik harago joan da The Lancet: eraso militarretan zuzenean hildako pertsonez gain, sionistak egiten ari diren sarraskiaren zeharkako ondorioak kontuan hartu ditu; hala nola, eragindako gaixotasunak. Epidemia larriak gertatzeko arriskuaz ohartarazi du, hala.
Bestelako ondorio batzuk ere aipatu ditu, gaitzez gain: sionistek osasun-sistema ia guztiz suntsitu izana, blokeoaren ondoriozko ur, elikagai eta bestelako baliabideen falta, babesleku falta, laguntza humanitarioari jarritako oztopoak, eta abar. The Lancet-en esanetan, Gazako sarraskian, sionistek zuzenean eraildakoak baino lau aldiz gehiago izango dira apurka-apurka "zeharka" hildakoak.
2022an, 2.375.000 biztanle palestinar ziren Gazako Zerrendan. Aipatutako zientzia-aldizkariak emandako datuek erakusten dutenez, beraz, indarrean den oldarraldi sionistaren eraginez, biztanleriaren %8 inguruk galduko du bizia.