Atzokoa ere mobilizazio eguna izan zen Berlinen, Alemaniako hiriburuan, Palestinan izaten ari den sarraskiaren kontra eta Israelek gauzatutako genozidioaren kontra. Barrikadak jarri zituzten hiriko zenbait puntutan, eta hainbat ibilgailuri eman zieten su, protesta modura. Polizia-indarrek gogor egin zuten protestan ari zirenen kontra, eta atxilotu ugari izan ziren: 170, datu ofizialen arabera.
"Gorroto-atmosfera" bat dagoela seinalatu eta protestei amaiera eman behar zaiela aldarrikatu du Poliziak, atzo gertatutakoaren harira. Nancy Faecer Barne ministroak babesa eman die polizia-agenteei.
Europako beste hainbat lekutan gertatu den bezala, Berlinen, Palestinako herriari babesa emateko hainbat mobilizazio debekatu dituzte jada. Aurreko astean, Berlingo Poliziaren ekimenez jarri zieten debekua zenbait protestari, "segurtasuna eta ordena publikoa" aitzakiatzat hartuta. Aurreko larunbatean, 1.000 pertsona batu ziren Berlingo Potsdammer plazan, Palestinari elkartasuna adierazteko. Mobilizazioa hasi baino zenbait minutu lehenago, baina, Poliziak esan zuen debekua ezarri zitzaiola deialdiari, eta manifestarien kontra oldartu zen: kolpatu egin zituen, eta hainbat atxilotu zituen.
Left Voice atariak gogorarazi duenez, Palestinaren aldeko mobiliziazio oro debekatu da Berlinen azken bi urteetan. Une honetan, baina, harago joaten ari da jazarpena: kuffiyeh izeneko zapi palestinarra eramateagatik ere ari dira jendea jazartzen Polizia.