AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Palestinarekin Elkartasuna plataformaren ekintza, CAF seinalatuz.
2024/05/10 12:58

2022an, CAF enpresa-taldearen irabaziek behera egin zuten, antza, inflazioaren eta lehengaien prezioaren gorakada zirela-eta. Dena den, gora egin zuten berriro 2023an. Beasaingo (Gipuzkoa) enpresak 92 milioi euroko etekina metatu zuen iaz, eta zifra hori gainditzen ari da aurten. 2024ko lehenengo hiruhilekoko datuen berri eman du trenbide enpresak: aurreko hiruhilekoan baino 23 milioi euro gehiagoko irabaziak eman ditu aditzera.

Azaldu dutenez, salmentek %6 egin dute gora, eta 1.008 milioi euro fakturatu dituzte jada. Trenen salmenta da nagusi, aipatutako zifraren %81, zehazki. Salmentak 4.800 milioi eurora iritsi ziren 2024an.

Euskal enpresen eta estatu sionistaren arteko harremanak, suspertzen

Iaz Israelek EAEko enpresei erositako produktuak 200 milioi euroko balioa izatera iritsi ziren, Eustaten arabera. Enpresa guztien artean, baina, CAF da gailentzen dena: euskal enpresek jasotako 155 milioi euroen erdia Beasaingo enpresarenak dira.

Besteak beste, Jerusalemgo tranbiaren edota Tel Aviveko tren arinaren proiektuak abiatu ditu CAF enpresak palestinar lurretan, estatu sionistarekin batera. Azpiegitura-egitasmo horiek, Palestinarekin Elkartasuna plataformak Beasainen bertan egindako mobilizazio batean salatu zuenez, "palestinarren jabetzak konfiskatzen, Jerusalemgo auzoetatik palestinarrak kanporatzen eta kolonoen hedapena errazten ari dira".
EZ DAGO IRUZKINIK