AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / AFP
2024/09/24 13:42

Emakumeen sexu-esplotazioari buruzko hainbat datu argitaratu ditu Espainiako Berdintasun Ministerioak. Emakumeen salerosketari, sexu-esplotazioari eta prostituzioari buruzko makroazterketa: hurbilketa kuantitatiboa izeneko lana aurkeztu du berriki, eta, azterketa horren arabera, gutxienez 114.576 emakumek jasaten dute prostituzioa Espainiako Estatuan. Erregistroetan ageri diren emakume guztien %0,56 da hori, hau da, 10.000 emakumetik 56.

Emakume horietatik gehienak izan daitezke "sexu-esplotazioa helburu duen pertsonen salerosketaren" biktima. Izan ere, azterketan kalkulatu dute prostituzio-egoeran dauden emakumeetatik %80k (92.496 emakume) erakusten dutela salerosketa horren biktima izateko arrisku-probabilitatea. Horien artean %7,8 (9.000) dira, gainera, probabilitate are handiagoa erakusten dutenak; "arrisku handian" daudenak, alegia.

Katalunian (34.759, %30), Madrilen (20.549, ia %18), Valentzian (16.314, %14) eta Andaluzian (9.023, %8) atzeman dituzte prostituzio-egoeran dauden emakume gehien. Hego Euskal Herrian, gutxienez 6.000 dira sexu-esplotazioa sufritzen ari direnak; 5.158 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 817 Nafarroan.

Biktima gehienak, migranteak eta gazteak

Prostituzio-egoeran topatutako emakumeen erdia, %51, hegoamerikar jatorrikoak dira. %16 dira Europakoak, eta %29ren jatorria ezin izan dute zehaztu. Nazionalitate zehatzari erreparatuta, kolonbiarrak (%28,3) eta espainiarrak (%13,5) dira nagusi.

Sexu-esplotazioa jasaten ari diren emakumeen adina ere ikertu dute, eta gazteak dira gehienak: 25 eta 36 urte artean dituzte %32k, eta 18 eta 24 urte artean %28k.

Ikerketan, bestalde, sexu-esplotaziorako sare erraldoiak atzeman dituzte. Izan ere, milaka prostituzio-iragarki aztertu dituzte, eta telefono-zenbaki berei lotuta ageri dira ehunka emakume. Aurkitutako sarerik handienak 363 emakume ditu harrapatuta: pertsona horien guztien iragarkietan azalten da harremanetan jartzeko zenbaki bera.

EZ DAGO IRUZKINIK