AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2026/01/31 11:25

Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) deituta, jendetza mobilizatu da gaur faxismoaren eta estatu-autoritarismoaren kontra: manifestazio bana izan da Bilbon eta Iruñean, eta 10.000 bat lagun batu dira guztira. "Entzun dezatela faxistek gure mezua: Euskal Herrian milaka gazte gaude zuei aurre egiteko prest. Kaleak ez dira zuenak izango", adierazi dute GKSko bozeramaileek mobilizazioen amaieran.

18:00etan irten da Bilboko manifestazioa Jesusen Bihotzetik eta udaletxe aurreraino luzatu da, Kale Nagusia zeharkatuz; Iruñekoa, berriz, 18:30ean abiatu da Erorien Monumentu sinbolikotik, eta Basotxon bukatu da.

Ibilbidean zehar, aldarri eta pankarta ugari ikusi dira bi hirietan, manifestarien oihu eta txalo artean: langile-batasuna aldarrikatu dute faxismoaren aurka; borroka antifaxista eta EAJk horretan duen rola salatu dute Bilbon; Vito Quiles agitatzaile faxista bota izana txalotu dute Iruñean; eta kapitalisten gerrak eta politika inperialistak gaitzetsi dituzte, Trump, Von Der Leyen eta Netanyahu seinalatuz, besteren artean. Mezu internazionalista argi bat ere eman dute mobilizazioetan, pankarta erraldoi baten bitartez: Communinsm will crush you again.

Antolakuntza, militantzia eta kalea

Mugimendu Sozialistako gazte-antolakundeak abenduan aurkeztu zuen gaurko mobilizazioen deialdia, eta ordutik nabarmendu du "faxismoaren eta estatuen biraketa autoritarioaren aurrean euste-horma bat eraikitzea" duela helburu. Konpromiso hori berretsi du gaurkoan: "Ez dugu onartuko diktadura frankistaren gorazarrerik, Euskal Herriaren eta euskararen aurkako ideia supremazistarik, etorkinen aurkako arrazakeriarik edo emakumea gizonen zerbitzura egon behar dela dioen diskurtso matxistarik [...]. Ez dizuegu utziko zuen gorroto-ideologia hedatzen".

Eta gazte horiek guztiek, gainera, argi dute non jarri begirada: faxismoari kalean aurre egin behar zaiola azpimarratu dute. "Antolakuntzak eta militantzia politikoak faxismoari ateak ixteko balio dutela frogatu da azken hilabeteotan, Euskal Herriko milaka gazte ari garelako faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurkako kontzientzia hartzen", jarri du balioan GKSk.

Horiek horrela, ezinbestekotzat jo du "orokortuta dagoen desatxikimendu politikoa kapitalismoaren aurkako indar bihurtzea", "langile-klasean estatu sozialistaren aldeko borroka indartzeko". Horretan, belaunaldi gazteek "funtsezko rola bete" behar dutela azpimarratu du, gainera: "Agenda inperialistaren aurka, estatu polizial eta militaristaren aurka eta faxismo berriaren aurka, gazte langileon mugimendu sendo bat egotea da antidotorik onena".

Oligarkiaren formula: faxismoa eta neurri autoritarioak, langileriaren aurka

"Inperialismoa, langileon pobretzea, faxismo berria eta estatu autoritarioa: hori da oligarkiaren proiektua, eta hori da Europan ezartzen ari direna", kokatu du testuinguruan GKSk. Kapitalismoa krisian dagoela eta Europa "gainbehera inperialistan" murgildurik dagoela azalduz, langileriaren bizi-baldintzak etengabe amiltzen ari direla eta "oligarkiak ofentsiba politikoa areagotu" duela salatu du antolakundeak. Ofentsiba horrek, hain justu, bi oinarri lituzke gutxienez: "Alde batetik, eliteak eta agintariak faxismo berri bat artikulatu nahian ari dira, eta, bestetik, estatuen erreforma autoritarioa bultzatzen ari dira".

Oligarkia atlantistak, hortaz, "estatu polizial eta militarizatuen aldeko apustua" egin duela uste du GKSk. AEBetan gertatzen ari dena aipatu du horren erakusle gisa, eta gogoan izan ditu "Trumpen politika faxistaren aurka borrokan ari diren guztiak".

Alderdi erreformisten porrota: PSOE adibide

Egoera horretan, "alderdi sozialdemokratek beren burua alternatiba bezala aurkeztu nahi dute", GKSko kideek salatu dutenez, baina zorrotz ohartarazi dute: "Ez gaitezen nahastu. Azken urte hauetako ezker erreformistaren porrota erabatekoa izan da, eta horrek testuinguru politiko eta kulturala eskuinera mugitzen lagundu du".

Eta ez hori bakarrik: gogorarazi dute "estatuen erreforma autoritarioak gobernu ezkertiarren eskutik ere etorri" direla, PSOEren Espainiako Gobernuari erreferentzia eginez besteak beste. "Nola liteke 'ezkertiar' deitzen den gobernu batek inoizko gastu militarrik handiena onartzea eta Mozal Legea bezalako neurri errepresiboak ez ezabatzea?", galdegin dute. "Alderdi erreformistek eta beraien fronte antifaxista elektoralek ez dute ezer egin faxismoa eta estatuen autoritarismoa gelditzeko".

Euskal erreakzioa eta EAJren biraketa

Gainera, Euskal Herria ez dago nazioartean indartzen ari diren joeretatik salbu, GKSk ohar egin duenez: "Joera erreakzionarioak eta faxistak iristen ari dira Euskal Herrira. Hala ikusten dugu kaleetan eta sare sozialetan". EAJ da horren aurpegietako bat, antolakundearen esanetan; are gehiago: faxismoaren aurkako mugimendua jopuntuan ipini dute jeltzaleek, gazte-antolakundeak berriz gaitzetsi duenez. "Faxismoaren gorakadaren aurrean beren bulegoetan ezertxo ere egin gabe egon diren bitartean, uda hasieratik hona kanpaina bat jarri dute martxan antifaxismoa eta instituzioetatik kanpoko eragileak eta borrokak kriminalizatzeko".

"Botere guztia euren kontrolpean dute; poliziak, komunikabideak eta epaileak. Baina, hala ere, beren burua biktima gisa aurkeztu nahi dute", jarraitu dute gazteek: "Bitartean, Poliziak inpunitate osoa du nahi duena egiteko; eta Gasteizko kasuan, adibidez, ez dute falangista bakar bat ere atxilotu". GKSk kritikatu du, horrekin, "alderdi politiko bat bera ere ez dela gai izan EAJren manipulazioari eta kriminalizazioari erantzuteko".

Zereginak

Bestalde, gaurko manifestazioen bukaerako hitzaldietan, hainbat eginkizun garrantzitsuri eman die azpimarra Mugimendu Sozialistako antolakundeak. Esan du, lehenik eta behin, lehentasunezkoa dela "antolakunde komunista handiak" eraikitzea. "Berebizikoa da militantzia-sare handi batean, konpromisoan eta argitasun ideologikoan oinarritzen diren masazko antolakundeak nazioartean hedatzea, faxistei eta estatuen neurri autoritarioei aurre egiteko. Antolakunde komunista horiek beharrezkoak dira indar-harremana langileriaren alde jartzeko".

Horrekin batera, funtsezkotzat jo du "estatuen erreforma autoritario eta militaristei aurre egiteko, langile-kolektiboetatik eta herri-mugimendutik osatutako langileon fronte zabal bat osatzea, bai Euskal Herrian baita nazioartean ere". Eta zehaztu du: "Frantziako Estatuan, adibidez, soldaduska berrezarri nahian ari dira, eta denbora kontua baino ez da gainontzeko estatuetan ere antzeko neurriak ezartzea. Ezin dugu hori onartu. Berandu baino lehen, langileon euste-horma bat osatu behar dugu".

"Oligarkiaren estatu autoritarioari langileon estatu sozialista kontrajarri" behar zaiola esanez biribildu dituzte gaurko hitzaldiak GKSko bozeramaileek, erreibindikatuz "inperialismoa borrokatzeko eta zapalkuntzarik gabeko gizartea eraikitzeko langileon estatu-eredua" dela, hain zuzen ere, Estatu Sozialista. "Nazioarteko iraultzaren eta Euskal Estatu Sozialistaren norabidean, jarrai dezagun bide horretan borrokan", gehitu dute.

EZ DAGO IRUZKINIK