Pertsona guztientzako doako eta kalitatezko etxebizitzaren alde, Euskal Herriko hiriburu eta eskualde ugaritan daude antolatuta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Irailetik hona, 1.055 pertsonak jo dute sindikatu horiengana, eta horiei guztiei eman diete nolabaiteko babes bat: etxebizitzari lotutako zalantzak eta kontsultak argitzea, aholkularitza juridikoa ematea, salaketa-kanpainak egitea askotariko arazoen kontra, eta abar.
Ikasturte honetan ezagutu eta artatu dituzten 1.055 kasu horiek aztertu dituzte Etxebizitza Sindikatu Sozialistetako kideek, etxebizitzaren problematikari buruzko hainbat zertzelada emateko. Hona hemen ondorio horietako batzuk.
Kasuen heren bat, etxegabetzeak
Etxebizitza Sindikatu Sozialistek azken hamar hilabeteetan artatu dituzten kasuen artean, %36,6 izan dira nolabaiteko etxe-kaleratzeei lotutakoak. Laguntza eskatu duten %17,6k arazoak izan dituzte etxejabeekin, %9,6k etxebizitza faltarengatik jo dute sindikatuengana, %2,1ek erroldarekin zerikusia duten arazoak izan dituzte, eta bestelako kasuak izan dira %34.
Argitu dutenez, etxegabetzeez ari direnean, prozedura judizialak eta estrajudizialak hartzen dituzte kontuan: mehatxuak, jabeek konponketak euren gain ez hartzea, fidantza ez itzultzea, eta abar. Bestelako kasuak (%34) aipatzean, askotariko arazoak barne hartu dituzte: egoera txarrean dauden etxebizitzak, etxebizitza bat lortzeko zailtasunak edota laguntza sozialekin arazoak, besteak beste.
Erdiak baino gehiagok, arazoak jabe partikularrekin
Bestalde, etxebizitzari lotutako edonolako arazoak izan dituzten pertsonen erdiak baino dezente gehiagok, %63,3k, etxejabe partikularrekin izan dituzte arazo horiek; jabe txikiak (bost jabetza baino gutxiago dituztenak) nahiz jabe handiak (bost jabetza baino gehiago dituztenak) aintzat hartuta.
Erakunde publikoekin eduki dituzte arazoak %14,9k, eta Gobernuz Kanpoko Erakundeekin edo antzekoekin %3,5ek. Bi kategoria horiek batuta, ia kasuen %20 metatuko lituzkete.
Bankuak izan dituzte parez pare artatutako pertsonen %12,7k, eta %3,5ek jasan dituzte hipotekari buruzko problematikak. %1,3k bestelako enpresekin izan dituzte arazoak, eta ia %1ek putre-funtsekin.
Erdia alokairuan
Jabetza-erregimenari erreparatuta, esanguratsua da Etxebizitza Sindikatu Sozialistek artatu dituzten pertsonen erdia alokairu-erregimenean egotea: %50,9 izan dira. %15,1 azpierrentamenduan edo alokatutako logeletan ari ziren bizitzen, %6,4 okupatutako etxeetan, %5,7 alokairu sozialean, %3,2 beren jabetzako etxe batean, eta %3 aterpetxe, ostatu, hotel edo antzeko baliabideren batean.
Alokairu-erregimen ohikoan bizi zirenak ia %51 ziren, baina alokatutako logeletan, azpierrentamenduan edo alokairu sozialean bizi zirenak batuz gero, %71,7 dira denera.
Kasu gehienetan, ez da ezarri etxegabetzeen kontrako moratoria
Alokatutako edo okupatutako hainbat etxeren kasuan, kaleratzeen aurkako moratoriak eskatu dituzte, horretarako aukera izan bada. Kasu gehienetan, baina, moratoria hori ez da aplikatu: %70,2tan gertatu da hori. Moratoria eskatu den kasuen %29,8tan baino ez da aplikatu.
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak joan den otsailean argitaratu zuen ikerketa bat, Moratoriak ezkutatzen duena ( euskaraz nahiz gazteleraz irakur daiteke). Etxegabetzeen kontrako moratoriaren eraginkortasuna zalantzan jartzen zuten hainbat datu eta ondorio ezagutarazi zituen lan horretan, jakinarazi baitzuen moratoria ez dela aplikatzen kasuen %30 ingurutan.
"Moratoriaren bidez bertan behera utzitako eta gauzatzeko zain dauden etxegabetzeen poltsa bat sortzen ari da", gogorarazi dute sindikatuetako kideek: "Otsailean, gutxienez horrelako 1.000 etxegabetze kasu kalkulatzen genituen".
Jabe txikiak, desokupak eta erakunde publikoak
Etxebizitza Sindikatu Sozialistek artatu dituzten familien %20,5ek jasan dituzte etxejabeen mehatxuak. Mehatxuak izan diren kasuen %77,8tan, jabe partikularrek egin dituzte mehatxu horiek, eta joera handiagoa dute bide estrajudizialetara jotzeko. Sindikatuetako kideek ohartarazi dute, gainera, ikasturte honetan sei aldiz egin dietela aurre desokupazio-enpresa faxistei, eta kasu horietatik lautan kontratatu dituztela desokupak etxejabe txikiek.
Kaleratze-prozedurak edo etxegabetze saiakerak izan diren kasuetan, ia %54 jarri dituzte martxan jabe partikularrek, eta gehienak dira jabe txikitzat har daitezkeenak. Erakunde publikoek, berriz, etxe-kaleratzeen %20,6 gauzatu dituzte, eta etxegabetzeak dira erakunde publikoekin lotutako arazoen %70,2.
Sindikatuek azaldu dute, bestalde, arazoak izan dituzten familien %10 direla guraso bakarrekoak. Artatu dituzten pertsonen %50,6 dira emakumeak, eta horietatik gutxienez %9,9k jasan dute indarkeria matxista aurrez.
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista, iaztik martxan
Esan bezala, Euskal Herriko hiri eta eskualde askotan ari dira lanean Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, lekuan leku. Aurreko ikasturtean, dena den, indarrak batu eta izaera nazionaleko sindikatu bat sortu zuten: Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista. Etxebizitzaren Aldeko Borrokarako Proposamen Politikoaren eskutik aurkeztu zuten Euskal Herri mailako sindikatu berria.