AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/06/23 10:17

Duela bi egun, hilak 21, Selektibitateari ez! aldarrikapenari heldu zion Ikasle Abertzaleakek, gauzatzear diren unibertsitaterako sarbide frogei begira. Selektibitateak "kapitalismoa erreproduzitzea eta indartzea" helburutzat duela gogora ekarri du IAk, baita ikasleengan eragiten dituen "estres, urduritasun eta ezinegon guztiak" ere.


Horregatik, IAk deituta, selektibitate eredu burgesari ezetz esango diote ekainaren 23an Iruñeko (Nafarroa) NUPeko Sario eraikinean eta Iturrama ikastetxean, 11:45ean. EAEri dagokionez, uztailaren 6an izango dira elkarretaratzeak Gasteizko (Araba), Donostiako (Gipuzkoa), Bilboko (Bizkaia) eta Eibarko (Gipuzkoa) unibertsitateetan. Hezkuntzaren gaineko "langile kontrola" oinarri izango duen hezkuntza eredua aldarrikatuko dute ikasleek, hots, "Euskal Eskola Nazionalaren eraikuntza".


Unibertsitaterako sarbide proba "ezohikotasuna nagusi den unean" datorrela azpimarratu du IAk. Aurten, Ipar Euskal Herrian Baxoa bertan behera geratu den arren, horrek "ikasleriaren arrakala areagotzeko aukera" ahalbidetuko duela ohartarazi dute. Selektibitatearen ohiko deialdia ekainaren 23, 24, 25 eta 26an izango da Nafarroan; EAEn, berriz, uztailaren 6, 7 eta 8an. Data horiek, kasurik onenean, "ikasleen oporrak laburtu" egiten dituztela salatu dute; beste ikasle langile askoren kasuan, aldiz, "beharrezkoa zaien lan-epealdia moztu" egiten duela azaldu dute IAko kideek.


Horrez gain, "ikasleen etorkizun akademiko eta pertsonala baldintzatzen dituen proba" dela diote, ikasleriarengan "ezinegon eta estres handia" sortzen duena. Horrenbestez, IAk bere "animo eta babes handiena" luzatu die azterketari aurre egin beharko dioten ikasleei.


EBALUAZIO FORMA EZBAIAN


Selektibitateak "ordura arteko ikasketa prozesu osoa" ebaluatzen duela azpimarratu du IAk. Salatu duenez, ikasleriarengan urduritasunak eta ezinegonak biderkatzeaz gain, "sistema kapitalistak behar duen ikasle eredua sustatzeko" funtzioa ere betetzen du. Izan ere, IAko kideen esanetan, azken horren baitan egituratzen da ikasketa eredu osoa, "balio lehiakorretan eta memorian" oinarrituko diren "ikasle prototipikoak" ekoizteko. Ondorioz, selektibitatea "horren erakusle" besterik ez litzateke izango.


Bestalde, proba horri esleitzen zaion funtzio soziala seinalatu dute, hau da, "filtro sozialaren funtzioa" delakoa. IAk dio selektibitatean "balio burgesen eta eduki tekniko jakinen barneratze mailaren arabera" eta "gaitasun kognitibo murritzak" kontuan izanda sailkatzen dela ikasleria langilea. Horrek, ondoren, "prozesu produktibo kapitalistan beteko duen tokira bideratzeko" balio omen du, bai hezkuntza orokorrean, baita zehazki selektibitatean ere.


Dena den, selektibitatea egin ordez zentro bakoitzak nota jartzeko eskumena izango balu, klaseen arteko banaketa "are gehiago areagotuko litzateke" IAren iritziz. Izan ere, zenbait institutu pribatuk eta kontzertatuk "ospe ona mantentzeko notak puztu" egiten dituztela ohartarazi dute. Beraz, IAko kideen arabera, irtenbidea ez da egungo selektibitate eredua egitearen ala proba bertan behera uztearen artean kokatzen, "ikasle langileen mesedera" egokituko den azterketa eredua ezartzean baizik.


ALDARRIKAPENA


IAko kideek argi eta garbi diote: "Formarekin hautsi behar da". Ostera, horretara mugatzea "akats larria" litzateke euren ustez, Espainiako eta Frantziako Estatu burgesek "indarrez ezartzen duten programa akademiko ideologizatzailea onartzea" ekarriko lukeelako.


Ideologizazio prozesu burgesak erreproduzitzen duen edukiak, besteak beste, "nazioaren ikuspegi inperialista" lantzen duela diote, eta "errealitatearen kontzepzio kapitalistan" oinarritzen den ikuspegia ere seinalatu dute historiaren, ekonomiaren eta abarren oinarrietan. Finean, ikaslearen "subjektibitate burgesa" elikatzen duen edukia ebaluatzeko probatzat jotzen dute selektibitatea. Hori dela eta, "selektibitate eredu burgesari ezetz" esango diote aurki, sistema kapitalista "erreproduzitu eta indartzea xede duelako" eta "ikasleengan eragiten dituen estres, urduritasun eta ezinegon guztiengatik".