AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: IA
2020/11/14 22:02

Ikasle Abertzaleakek 2020-2021 ikasturte osoa iraungo duen kanpaina politikoa aurkeztu du lanbide heziketarako; Lanbide heziketan ere, antolakuntza politikoaz ofentsibari aurre! lema daraman dinamika, hain zuzen ere. Bertan, hezkuntza komunitateko sektore horretako ikasleriari dei egin diote, "ikasle langileen interesen babeserako" antola dadin.


COVID-19aren harira sortutako testuinguruan, "langileon antolakuntza politikoaren beharra" azpimarratu du IAk behin baino gehiagotan, izan ere, ikasturtean zehar azpimarratu duen bezala, "ofentsiba kapitalista" hautematen du hezkuntza esparruan ere. Izatez, prozesu horretan, "garrantzitsua da" "lanbide heziketak, gizarteko gainontzeko esparruen moduan, betetzen duen papera".


OFENTSIBA


IAk oinarrizko bi kontzeptualizazio luzatu ditu aipatu ofentsibaren ulerkerarako, "elkarrengandik banaezinak" direnak. Lehenik eta behin, "egunero ikus ditzakegun basakeriak" seinalatu ditu, hala nola, "emakumeen eta langileen erailketak, langabezia eta kontratu miserableak". Horiek, "ofentsiba kapitalistak sortzen dituen ondorioen adibideak" direla azaldu dute IAko kideek.


Bigarrenik, "ofentsibaren ezkutuko aurpegia" legoke, alegia, "harreman sozial kapitalista". IAren esanetan, zera dakar harreman horrek: "Pertsona desjabetu batek, bizirauteko, beste batentzat lan egiteko beharra izanda, bizitza guztia bere esku ez dagoen soldatapeko lanaren baitan antolatu behar izatearen kondena". Gauzak horrela, agerian utzi dute "gizarte antolaketa hau ez dagoela langileen neurrira egina", eta horien "lehen zeregina" dela ofentsiba hori seinalatzea.


LANBIDE HEZIKETAKO EGOERA


Ofentsiba kapitalistak "LHn hartzen duen forma konkretuari" ere erreparatu diote ikasleek. Ondorioz, hezkuntza ziklo horretako hainbat ezaugarri zehatz mahaigaineratu dituzte, esaterako, "ikasketa plaza mugatuak egotea, zenbait graduren euskarazko eskaintza eza, hezkuntzaren digitalizazioak familia txiroei ikasketa prozesuan sortzen dizkien oztopoak, soldatapeko lana eta klaseen asistentzia betetzeko ezintasuna, eta hainbat ikastetxetako askatasun politikoen urraketa".


BIDASOA


Irungo (Gipuzkoa) Lanbide Heziketa Zentroan antolatzeari ekin dioten ikasleek salatu dutenez, ikasturte honen hasiera "bereziki problematikoa" izaten ari da ikasle langileentzat; "gero eta nabariagoa" den krisi kapitalista bitarteko. Hala, ikastetxean dituzten arazoen berri eman dute sare sozialen bidez.


Azaldu dutenez, "aurreko urteetako kalitate/ratioen" arabera mantendu dituzte ikasturte honetan matrikulatzeko aukerak, eta horrek "ezinezko" bihurtu du COVID-19aren aurrean hartu beharreko osasun-neurriak aplikatzea. "Ikasle gehiegi baitago zentroaren gaitasunentzat”, kexatu dira Bidasoako IAko kideak. Ondorioz, ikasleen ordutegiak aldatzea erabaki zuen heziguneak, "haien hitza kontuan hartu gabe".


Adibidez, goizeko eskoletarako matrikulatu zen ikasle talde bati arratsaldeko ordutegia esleitu zioten, "haien eguneroko bestelako eginbeharrak guztiz baldintzatuz (lanak, militantzia)", salatu du IAk. Ikasleek "kexua, haserrea eta antolatzeko borondatea" agertu zuten eta, orduan, ikasleek eskatutako ordutegiak onartu zirela azaldu dute militanteek.


DURANGALDEA


Durangaldeko IAko kideek ere euren eskualdeko zentroetako egoeraren berri eman dute. Izan ere, gaitzetsi dute, aurten, lanbide heziketako modalitate partzialeko ikastetxeei bideratutako diru partida %37 murriztu dela iazkoarekin alderatuta (312.000 euro gutxiago). Horren eraginez, modalitate horren eskaintza barne hartzen zuten zenbait ikastetxe "promozio berriei ireki gabe" geratu dira.


Zornotzako (Bizkaia) Orue eskolaren kasuan, hezkuntza prozesutik kanporatu dituzte "gizarteratzea" izeneko zikloa ikastear ziren hemezortzi ikasle berri. Egoera horren erdian, Ikasle langileontzat hezkuntza sarbidea bermatu! aldarria plazaratu du eskualdeko IAko kidegoak.