Urtarrilean jakin zen, Osakidetzan, ehunka laguni jarritako txertoen hiru sorta egon zitezkeela iraungita: txerto hexabelentea jaso zuten 253 umetxo egon zitezkeen kaltetuen artean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak hasieran egindako estimazioen arabera. Familia batek Iztietako (Errenteria, Gipuzkoa) osasun-etxean egindako salaketa izan zen eskandaluaren abiapuntua, eta horren ondoren, 2025ean emandako 169.000 bat txerto aztertu behar izan ditu Osakidetzak; guztiak, gripearen eta COVID-19aren aurkakoak izan ezik.
Bilaketaren emaitzen berri eman dute jada: 2025ean, dataz kanpoko gutxienez 151 txerto ipini zituzten EAEko osasun-sare publikoan. Kopuru erreala askoz ere altuagoa izan daiteke gainera, beste 137 kasu "potentzial" identifikatu baitituzte. Orain egiaztatuko dituzte kasu posible horiek ere, Osasun Sailak esan baitu akatsak egon daitezkeela Osakidetzako erregistroetan. Momentuz, 84 pertsona izan omen dira iraungitako txertoak jaso dituztenak, eta dosi egokiak eman omen dizkiete dagoeneko.
Urtarrilean Osasun Saila kasu posibleen estimazioak egiten hasi zenean, 253 kaltetu egon zitezkeela adierazi zuen. Gerora esan du akatsak daudela erregistroan, eta horregatik egin zituela kalkulu oker horiek hasieran. Horixe bera da, hain justu, krisi honetan agerian geratu den hutsegite nagusietako bat: Osakidetzako erregistroetan akatsak omen daude. Diario Vasco-ren arabera, dena den, Osasun Sailak martxotik zuen horren berri.
Azken ikerketen ondoren azalpenak ematean, Alberto Martinez Osasun sailburuak Osakidetzako zerbitzu zentralen eskuak garbitu nahi izan ditu: lekuan lekuko osasun-etxeen gain jarri du erantzukizuna, txerto gehienak zentro horietan iraungi zirela azpimarratuz. Iztietako osasun-etxea seinalatu du batik bat.