AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia

Ezaguna da Marxen arabera kooperazio sinplea historikoki ekoizpen modu kapitalistaren garapen prozesuaren hasieran agertzen dela. Baina kooperazio figura oinarrizko hau ekoizpen modu kapitalistaren funtsezko forma osatzen duen kooperazioaren forma partikularra da soilik2. “Forma kapitalistak hasieratik kapitalari bere lan indarra saltzen dion soldatapeko langile askea aurresuposatzen du3. Baina langilea, bere lan indarraren jabe eta saltzaile gisa, kapitalarekin erlazioan sartzen da soilik norbanako gisa; kooperazioa, langileen arteko elkar harremana,

“… lan prozesuan hasten da, baina lan prozesuan bere buruen jabe izateari utzi diote jada. Prozesu horretan sartzean, kapitalak bereganatu ditu. Kooperatzaile gisa, lan organismo baten kide gisa, kapitalaren existentzia modu partikularra baino ez dira. Langileak langile sozial gisa garatzen duen ekoizpen indarra, hortaz, kapitalaren ekoizpen indarra da. Lanaren ekoizpen indar soziala dohainik garatzen da langileak baldintza zehatzetan jartzen direnean, eta hori da preseski kapitalak egiten duena. Lanaren ekoizpen indar sozialak ez dionez kapitalari inongo kosturik suposatzen, eta, beste alde batetik, langileak ez duenez indar hori garatzen bere lana kapitalistaren jabetza izan aurretik, ekoizpen indar hori kapitalak berezkoa izango balu bezala agertzen da, bere ekoizpen indar immanente gisa”.4

Ekoizpen prozesu kapitalista bere fase historiko anitzetan zehar lanaren banaketaren garapen gisa garatzen da eta prozesu horren oinarrizko terrenoa fabrika da:

“Manufakturako lanaren banaketaren produktua da ekoizpenaren prozesu materialaren potentzia intelektualak beste baten jabetza eta menderatzen dituen botere gisa kontrajartzea. Banaketa prozesu hau kooperazio sinplean hasten da, non kapitalistak, langile norbanakoen aurrean, lan-gorputz sozialaren batasuna eta borondatea ordezkatzen duen. Manufakturan garatzen da, zeinak langilea mutilatzen duen langile partzialean bilakatuz. Industria handian burutzen da, zientzia lanetik banatzen duena, ekoizpen potentzia autonomo gisa, eta kapitalari zerbitzu egitera behartu.”5

Teknologiaren garapena manufakturatik fabrikara doan prozesu kapitalista honen barnean ematen da. Lana partzelatan zatituta aurkitzen bada ere, manufaktura oraindik artisau-trebezian oinarritzen da, eta nola “bertan [manufakturan] funtzionatzen duen mekanismo kolektiboak eskeleto objektiborik ez duen, langileekiko independentea dena, kapitalak etengabe borrokatu behar du hauen subordinazio ezaren aurka”. Manufakturak “oinarri tekniko estua” dauka, berak sortutako “ekoizpen beharrekin kontraesanean” sartzen dena.6

Makinaria eskala handian sartzeak manufakturatik eskala handiko industriara trantsizioa markatzen du. Trantsizio honek esan nahi du “horrela, alde batetik, langilea funtzio partzial batetara lotzen duen oinarri teknikoa ezabatzen dela”, eta, beste alde batetik, “printzipio horrek berak oraindik kapitalaren menderatzeari kontrajartzen zizkion hesiak erortzen direla”.7 Sistema kapitalistan txertatutako teknologiak, alde batetik lanaren banaketaren sistema zaharra suntsitzen du eta sistematikoki kontsolidatzen du, “forma gorrotagarriago batetan”, lan indarraren esplotazio bitarteko gisa:

“Tresna partzial bat maneiatzeko biziarteko espezialitatea makina partzial bati zerbitzu egiteko biziarteko espezialitatean bilakatzen da. […] Honela, ez dira soilik langilea erreproduzitzeko beharrezko kostuak asko txikitzen, baita industria-multzoarekiko babesgabeko dependentzia kontsumatu ere; kapitalistarekiko dependentzia, beraz”.8


Garapen teknologikoa kapitalaren existentzia modu gisa agertzen da, kapitalaren garapen gisa:

“Lana errazagoa izatea bera ere tortura bitarteko bilakatzen da, makinak ez duelako langilea lanetik askatzen, bere lana edukiz hustu baizik. Ekoizpen kapitalista ororen ezaugarri komuna da, lan prozesua soilik ez den heinean, aldi berean kapitalaren balorizazio prozesua baizik, langilea ez dela lanaren baldintza erabiltzen duena, kontrara, lanaren baldintza langilea erabiltzen duena baizik. Baina soilik makinariarekin nahasmen horrek teknikoki ukigarria den errealitatea eskuratzen du. Automatan bilakatzearen bitartez, lan bitartekoa langileari jarkitzen zaio, lan prozesuan zehar, kapital gisa, lan biziaren indarra menderatu eta xurgatzen duen lan bizigabe gisa.”9

Fabrika automatikoak lan prozesuaren gaineko ekoizle asoziatuen kontrola potentzialki ezartzen du. Baina fabrika modernoan ematen den makinaren erabilera kapitalistan “automata bera da subjektua, eta langileak automataren organo inkontzienteen organo kontziente erantsi gisa koordinatzen dira soilik, organo inkontzienteekin batera indar eragile zentralera subordinatuta geratuz”.10

Ondorioztatu daiteke, beraz, beste gauza batzuen artean: lehena, makinaren erabilera kapitalista ez dela, nolabait esatearren, distortsio hutsa, berez arrazionala den garapen “objektibo” baten desbideraketa, baizik eta kapitalak garapen teknologikoa determinatu duela; bigarrena, “zientzia, indar natural izugarriak eta lan sozial masiboa” “makinetan fundatutako sisteman gorpuztuak daudela eta, honekin batera, “patroiaren” (master) boterea osatzen dutela11. Honela, “alienatutako” langile indibidualaren aurrean, garapen teknologikoa kapitalismoaren garapen gisa aurkezten da: kapital gisa eta “hala den heinean automatak kapitalistan kontzientzia eta borondatea dauzka”12. Patroiaren burmuinean, “makinaria eta bere gain ezartzen duen monopolioa zeharo lotuta daude”13. Industrializazio prozesuak, garapen teknologikoaren maila gero eta aurreratuagoak erdiesten dituen heinean, autoritate kapitalistaren hazkuntza jarraiarekin kointziditzen du. Ekoizpen bitartekoak, langileari kontrajarriak, bolumenez handitzen direnez, haien gaineko kontrola handitzeko kapitalistaren beharra ere handitzen da. Plan kapitalistak figura ideala osatzen du zeinarekin “haien lanen arteko konexioa idealki plan gisa jarkitzen zaien, praktikoki kapitalistaren autoritate gisa, haien aktibitatea bere helburuetara azpiratzen duen beste baten borondatearen botere gisa”14. Honela, kooperazioaren garapenari, lan prozesu sozialarenari, planifikazioaren garapena despotismo gisa egokitzen zaio -menderakuntza kapitalistan. Fabrikan, kapitalak bere boterea maila geroz eta handiago batetan inposatzen du, “legegile pribatua izango balitz bezala”. Bere despotismoa bere planifikazioa da, “lan prozesuaren erregulazio sozialaren karikatura kapitalista”.15

Kapitalismoaren eraldaketa tekniko eta organizatiboak eta horren interpretazio objektibistak

Marx-en analisiak lanaren banaketaren inguruan, menderakuntza kapitalistaren menpeko eskala handiko industrian, garapen teknologikoaren terrenoan berriz loratzen diren ideologia “objektibista” desberdinak ezeztatzeko metodologia baliagarria eskaintzen du (bereziki, automatizazio eta robotizazio fasearekin erlazionatutako ideologiak). Teknologiaren garapen kapitalistak gero eta sofistikatuagoak diren integrazio formen agerpena ekartzen du, kontrol kapitalistaren handitze jarraitua. Prozesu honen oinarrizko faktorea kapital aldakorrarekin alderatuta ematen den kapital konstantearen hazkuntza jarraitua da. Kapitalismo garaikidean, planifikazio kapitalista izugarri handitzen da forma monopoliko eta oligopolikoetarako trantsizioarekin, zeinak planifikazioa fabrikatik merkatura eta kanpo esfera sozialera progresiboki luzatzea suposatzen duen.

Ez da faktore ezkuturik, “objektiboa”, garapen teknologikoaren ezaugarriei edo planifikazioari datxekiona, egungo gizarte kapitalistan uneko erlazioen eraldaketa automatikoa edo behera etortze “beharrezkoa” bermatu dezakeenik. “Oinarri tekniko” berriek, ekoizpen prozesuan progresiboki erdietsiak direnak, bere boterea kontsolidatzeko aukera berriez hornitzen dute kapitalismoa. Honek ez du esan nahi, jakina, sistemaren kolapsorako aukerak aldi berean handitzen ez direnik, baina aukera hauek langile klaseak gero eta independenteagoa den mekanismo kapitalistaren “marko objektiboaren” aurrean hartutako izaera subertsiboarekin bat egiten dute.

Zalantzarik gabe, ideologia “objektibisten”, “ekonomizisten”, alde interesgarrienek garapen teknologikoa eta antolakuntza produktiboarekin erlazionatuta daude. Horrekin ez gara kapitalismo berantiarraren (neocapitalistiche) ideologiez hari, langile mugimenduaren ageriko posizio eta horien problematizazio teorikoaz baizik. Ekintza sindikalaren kristalizazio ideologiko zaharrekiko oposizioan, klase sindikatuen eraberritze prozesuak kapitalismo garaikidearen “errealitate berrien” azterketan oinarritu dira. Baina orain teknologikoari eta fase ekonomikoari eskaini zaion atentzioa -posizio eta analisi anitzekin-, aldaketa horiek modu “puru”, idealizatu batetan, antolakuntza kapitalistaren elementu orokor eta determinanteekiko (boterea) konexio zehatzetik erauzita, gertatuko balira bezala errepresentatzera desbideratzen da16. Arrazionalizazioa, lanaren muturreko partzelazioarekin, langilearen lanaren “hustutzearekin”, trantsizio fase gisa pertzibitzen da –“mingarria” baina beharrezkoa dena, “atomizatutako lanak berriz bildu eta zentzu unitario batekin bilduko dituen” etapara trantsizioa. Anbiguotasunez onartzen da lan biziaren erabilerak ekoizpenean eta dagokion kapital konstantearen handitzeak zikloaren etengabeko jarraikortasunaren norabidean bultzatzen dutela; ostera, “barne eta kanpo interdependentziaren lazoak handitzen dira: ekoizpen unitatean, lanpostua eta langile indibiduala organikoki integratutako osotasun baten parte izanda soilik kontenplatu ahalko balira bezala, modu berean ekoizpen unitate indibidual bakoitzak eta bere portaerak interdependentzia lotura sendoagoak dituzte ordena ekonomiko totalarekin”17.

Antolakuntza kapitalistak bereganatutako ezaugarri berriak “arrazionaltasun” objektibo bat sortzeko analisiekin nahasten dira orduan. Horrela, adibidez, Denboraren Neurketa Metodoen funtzio “arrazionala”, positiboa, azpimarratzen da, modu horretan, “denborak neurtzean, teknikoak bere burua metodoak neurtzera behartuta ikusten du” eta18. Berriz ahaztu da -enpresa moderno handian “fluxu jarrai bidez planifikatutako ekoizpenarekin”- “langile batek edo langileen talde batek enpresa-ekoizpen planean ezarritako aurreikuspenak oinarri izanda eskatzen zaionarekin ez betetzeak19, suntsiketa potentzial izugarria duela. Horren ordez, nazka emateraino azaltzen dena “enpresari eta langileen arteko erlazio morala” deitutakoaren beharra (“arrazionala”, noski) da, “‘giza erlazioen’ eskolen aurrebaldintza eta helburua osatzen duen erlazioa, preseski soilik oinarri horren gainean ezartzen delako kolaborazioa”. Horrela, “ekoizpen integratua langilea eta enpresaren arteko integrazioaren bitartez egokitua egon behar da, eta integrazio hau boluntarioa izan behar da, ezin baita gizakien konstrikzio edo diziplina lortu, ez badiote haien askatasunari uko egiten, adibidez, egun batetan gutxiago ekoizteko eta beste batetan gehiago”, etab., etab.20 Modu horretan, “[‘giza erlazioen’] mugimendu honek desagertzeko aukerak edukitzearen arrazoia bere ideien baliozko partea xurgatzeko aukeran aurkitzen da" -baina, jakina, sindikatuek “’giza erlazio’ horiekin estuki lotutako ‘kidetasunaren’ forma kaltegarriak suntsitzeko” esku hartu behar dute!21 Beraz, integrazio prozesuen sustantzia onartzen da: hauek, integrazio prozesuak, ekoizpenaren izaera “modernotik” modu saihestezinean eratortzen den barne-behar bat suposatzen dutela ematen du. Gogoratzen zaigu kapitalistak prozesu horietan txertatzen dituen zenbait “distortsio” zuzenak izan behar direla. Ekoizpenaren antolakuntza “funtzionala” ere marko horren barnean bere forma teknologiko “sublimatuan” kontzebitzen da, mekanizazioaren aurreko faseen hierarkizazio karakteristikotik haratago doan salto gisa. Kapitalismoak goi mekanizazio (eta automatizazio) honen aurreko etapen igarotzeak eskainitako “oinarri tekniko” berriak antolakuntza industrialaren egitura autoritarioa iraunarazi eta sendotzeko erabili ditzakeela ere ez da susmatzen: jakina, industrializazio prozesu osoa gizakia “inguruak eta bere gaitasun fisikoak ezarritako mugetatik” askatzera eramaten duen halabehar “teknologikoak” menderatuta agertzen da. Beste alde batetik, “arrazionalizazio administratiboa” eta “kanpo antolakuntza funtzioak” haien “forma” soilki “teknikoan” pertzibitzen dira. Garapen hauen eta kapitalismo garaikidearen prozesu eta kontraesanen arteko erlazioa (bere planifikazioa bete eta inposatzeko gero eta bitarteko konplexuagoak beharrezko izatea) edo errealitate historiko konkretua, non langile klasearen mugimendua bizi den eta borroka egiten duen (makinariaren eguneroko “erabilera kapitalista” eta antolakuntza) -hori dena irudi teknologiko idilikoaren alde arbuiatzen da.

Teknologia-antolakuntza forma berrien perspektiba “objektiboak” distortsio handietarako aukera ematen du industria modernoan ematen zaien erabileraren inguruan. Funtzio zatituen desagerpena estimatu eta batasun izaera duten eginbehar berriak ezartzeko joera dago, ustez erantzukizun handiagoa eskatzen dutenak, baita erabakiak hartu eta gaitasun tekniko anitzak garatzekoa ere22. Gestioarekin erlazionatutako teknika eta funtzioen garapena bere testuinguru sozial zehatzetik isolatzen da, hau da, botere kapitalistaren zentralizazio gorakorretik eta horrela “naturaltasunez” -kategoria profesional berrien isla zuzen gisa- “ekoizpen indarren ezaugarri eta baldintzen eta ekoizpen erlazioen arteko” kontraesanen soluzioari ekarpena egingo dioten langileen kategoria berrietarako (teknikoak, “intelektual produktiboak”) oinarri gisa osatzen da23. Ekoizpen indarra eta ekoizpen erlazioen arteko talka “elkarrekikotasun-eza” tekniko gisa agertzen da: adibidez, “ekoizpenaren faktore zehatzen konbinazioa hobeto aukeratzean (ikuspuntu objektibotik aztertuta baliozkoagoak diren metodoen bidez lortu daitekeena)” langile ‘mota berriak’ “bere burua behartuta ikusten du ikuspegi objektibo batetik aztertuta baliozkoenak diren soluzioak baztertzera, interes pertsonalek ezarritako mugak errespetatzeko”24. Eta egia da perspektiba honetatik “igitaia eta mailua… soilik ikuspuntu ideala hartuta izan daitezkeela giza lanaren sinboloak”!25.

Honek guztiak klase borroka kontzebitzeko moduan eta egungo protagonistek pertzibitzen duten eran eragin zuzena du, noski. Egungo borroken errealitateak industria handiaren egungo antolakuntzak sortutako langileen maila desberdinak erakusten ditu, autogestio (self-management) aldarrikapenetan bat egiteko joera dutenak, gainera. Faktore objektiboen oinarri baten gainean ematen den prozesu bat dela esplizitatu gabe funtzionatzen du honek, langileak ekoizpen prozesuan kokatzeko modalitate anitzen bidez, ekoizpenaren eta antolakuntzaren erlazio mota desberdinen bidez, etab., irudikatutako faktore objektiboak. Baina nahasten da eta baita ukatu ere berrosatze bateratuaren elementu espezifikoa, ezin dena bereganatu elementu teknologiko eta politikoorganizatiboek (boterea) ekoizpen prozesu kapitalistan beraien artean duten konexioa gabe. Klase mailak berez garapena baino haustura adierazten du, ez ekoizpen prozesu modernoari datxekion ezkutuko arrazionaltasunaren “errebelazioa”, erradikalki berria den eta kapitalismoaren arrazionaltasunari kontrajarria den arrazionaltasunaren eraikuntza baizik. Egun, industria handian langile klasearen kontzientzia bereganatze prozesuek ezaugarritzen dutena ez da “lan esparruan pertsonalitatearen handiagotzea aldarrikatzea, enpresan botere politiko eta ekonomikoa gauzatzea helburu duen estrukturalki motibatutako aldarrikapena baizik”26. Beraz, lehen aipatutako faktoreek, “objektiboki” ekoizpen prozesuan langileen estratu desberdinak ezaugarritzen dituztenak, langileen kontzientzia “kolektiboaren” osatzean garrantzia dute, ekoizpenaren faktoreek zentzu politikoan inplikatzen dutenaren inguruan. Baina, gaur egun, indar unitarioa eta disruptiboa osatzearekin erlazionatuta dauden faktore hauek errealitate teknologiko-organizatiboa eta enpresa kapitalistaren jabetza pribatuaren aspektu oro alderantzikatzeko joera dute.

Integrazioa eta sistemaren oreka

Nabaria da soilik prozesuen arrazionalizatzea berresteak preseski arrazionaltasun teknologikoaren forma hartzen duena “despotismo” kapitalista dela ahaztea suposatzen duela. Praktika kapitalistan ez dira makinak, baizik eta “metodoak”, antolakuntza teknikak, etab., kapitalari erantsita daudenak eta langileei kapital gisa jarkitzen zaizkienak: beste baten “arrazionaltasun” gisa. “Planifikazio” kapitalistak lan biziaren planifikazioa aurresuposatzen du, eta bere burua arau itxien sistema perfektuki arrazional gisa aurkezteko gero eta esfortzu handiagoa egin, orduan eta abstraktuagoa eta partzialagoa da, esklusiboki menderakuntza hierarkiko mota baten baitan erabilia izateko prestatuta. Ez hainbeste “arrazionaltasuna”, kontrola baizik; ez hainbeste programazio teknikoa, baizik eta ekoizleen menderakuntzarako eskema bat, ziurtatu dezakete prozesu tekno-ekonomiko globalen erlazio egokia.

Izan ere, egun enpresei eragiten dieten arazo eta kontraesan berrien ikerketa “tekniko”, sasi-zientifiko, baten markoan, aukera dago desoreka berriak baino “aurreratuagoak” diren soluzioak aurkitzeko, hargatik alienazioaren sustantzian aldaketak eragin gabe, eta gainera sistemaren oreka mantentzea bermatzen dutenak. Errealitatean kapitalismo garaikidearen ideologia soziologikoek eta antolakuntza ideologiek fase desberdinak agerian jartzen dituzte –taylorismotik fordismora eta azkenik integrazio, giza ingeniaritza, giza erlazio, komunikazioen erregulazio, etab. tekniken garapena27– preseski lan biziaren planifikazioa progresiboki aurreratuagoak diren faseetara egokitzeko saiakera gero eta sofistikatuago eta konplexuan, ekoizpenaren planifikazioak eskatutako kapital konstantearen etengabeko hazkuntzaren bitartez28. Nabaria da testuinguru honetan langile klasearen protesta deuseztatzeko aukeratutako informazio teknikek, fabrika arrazionalizatuan alienazio prozesuek hartzen duten izaera “totaletik” zuzenean eratortzen direnak, gero eta garrantzia handiagoa hartzeko joera dutela. Ohikoa da analisi zehatzak euren artean zeharo desberdinak izan daitezkeen egoerekin aurkakotuak egotea, ikuspuntu honetatik faktore espezifiko askoren menpeko diren egoerak (garapen teknologikoan desberdintasunak, metodo subjektibo desberdinak gestio kapitalistan, etab.). Baina hemen azpimarratu nahi dugun aldea langile klasearen jarreren manipulazioa bezalako “informazio” teknikekin kapitalismoak “kontzesio” (edo hobe esanda, “egonkortze”) tarte handiak dituela da. Ezinezkoa da definitzea zein limitetik haratago ekoizpen prozesuari eragiten dion “informazioak” kapitalaren boterearen egonkortzerako baliagarria izateari uzten dion. Egia da informazio teknikek, enpresa kapitalista garaikideak bizi duen egoera konplexuenean, Manifestu Komunistak salatu zuen lanaren “xarma” (asebetetzea) berritzeko joera dutela29.

Informazio tekniken eta haien aplikazio eremuaren hedapena, erabaki teknikoen esferaren difusioa bezala30, ekoizpenaren erregulazio sozialaren karikaturan bikain sartzen da. Beharrezkoa da, beraz, “kontzientzia produktiboak” sistemaren eraldaketa ez duela suposatzen azpimarratzea, langileen parte hartzea kapitalismoaren “plan funtzionalean” integrazio faktorea dela –alienazio  faktorea, nolabait esatearren- sistemaren muturreko limiteetan. Baina egia da ere kapitalismo berantiarraren “faktore egonkortzaileen” garapen honek baldintza bat irudikatzen duela, langile klasearen ekintzari dagokionez, ordena kapitalistaren uzkailtzea gero eta beharrezkoagoa egiten duena. Langile klasearen borroka, beraz, plan kapitalistari oposizio global baten behar gisa aurkezten da, non faktore esentziala ekoizpenaren egungo antolakuntzaren momentu “tekniko” eta “despotikoen” batasunaz kontzientea den –esan dezagun dialektikoki kontzientea. Ekintza iraultzaileak arrazionaltasun “teknologikoarekiko” duen erlazioa bera “ulertzea” da, baina ez onartu eta goraipatzeko, erabilera berri baten menpe jartzeko baizik: makinen erabilera sozialista31.

Soldatak eta esklabutza politikoa

Ekoizpenaren antolakuntza modernoarekin “teorian” langile klasearen aukerak handitzen dira ekoizpena kontrolatu eta gidatzeko, baina “praktikan” –kontrol erabakien gero eta zentralizazio zurrunagoaren bitartez- alienazioa biziagotzen da. Ondorioz, proletalgoaren klase borrokak, edozein klase borrokak, sistemaren suntsiketa politikoa proposatzeko joera dauka. Eta suntsitze horren agentea ez da teknika berrietan inplizituak diren eskakizun “arrazionalak” eta teknika horien erabilera kapitalistaren arteko gatazka, ekoizpen prozesuak indar sozialen mendeko egitea eskatzen duen kolektibitate proletarioaren oposizioa baizik.  Ezin da baieztatu jarraikortasunik dagoenik jauzi iraultzailean, garapen tekno-ekonomikoaren ordenan: langile klasearen ekintzak sistemaren beraren fundamentuak, eta bere ondorio eta alde guztiak, maila guztietan ezbaian jartzen ditu.

Nabaria da garapen teknologikoa sakon ezarrita dagoela prozesu kapitalistan: Engelsek “bata besteari proportzio gero eta handiagoan gainjartzen zitzaizkion aurkikuntzak eta asmakizunak” aipatzen zituen eta baita “egunez egun aurretik susmatu ezineko proportzioetan handitzen den giza lanaren errendimendua32. Baina Engelsek prozesu honetatik “txikia eta neurrigabeki aberatsa den klasea eta jabetzarik gabeko langileen klase handi baten arteko gizartearen zatiketa” deduzitzen zuen bitartean, Marxek handitze bat aurreikusi zuen, ez soilik soldata nominalarena, baita soldata errealarena ere: “kapitalaren handitzearekin batera langileen diru sarrerak areagotzen badira, langileak kapitalistatik banatzen dituen amildegia ere handitu egiten da, eta kapitalaren boterea lanaren gainean, lanaren dependentzia kapitalarekiko, handitu egiten da ere eta proportzio berdinean”. Beraz, kapitalaren handitzea gero eta azkarragoa izan, orduan eta gehiago hobetuko da langile klasearen egoera materiala. Eta soldata kapitalaren handitzeari gero eta lotuago egon, orduan eta zuzenagoa izango da langilearen dependentzia kapitalarekiko.

Soldatapeko lanarentzat baldintza onuragarriena kapital produktiboaren ahalik eta handitze azkarrena dela esateak soilik esan nahi du langile klaseak gero eta azkarrago handitu etsaiaren boterea, menderatzen duen beste baten aberastasuna, orduan eta hobeak izango direla aberastasun burgesa, kapitalaren boterea, handitzen jarraitzeko baldintzak, pozik burgesiak bera atoian arrastatzeko erabiltzen dituen urrezko kateak forjatzearekin33.

Beste alde batetik, Engelsek berak onartu zuen Erfurteko Programaren Kritikan soldatapeko lanaren sistema, beraz, esklabutza sistema bat da bere zorroztasuna lanaren ekoizpen indar sozialen garapenarekin batera forma neurgaitz batetan handitzen duena, lana hobeto edo txarrago ordainduta dagoen albo batera utzita"34. Leninek marxismoaren alde hau azpimarratu zuen, “Marxen teoria, aberastasunaren handitze azkarra, lanaren ekoizpen indarren garapen eta sozializazio zabala, eta langilearen posizioaren hobekuntza onartzen dituena, perspektiba honen jabe egin zen ekonomista klasikoen literaturatik abiatuta35.

Marxek langile eta kapitalisten arteko amildegi sozialaren handitze progresiboaz ere idatzi zuen, (erortzeko joera duen) soldata erlatiboaren formulan. Baina bistakoa da kontzeptu honek kontzientzia politikoaren faktorea inplikatzen duela, izan ere, baldintza materialen hobekuntza, soldata erreal eta nominalen handitzea, dependentzia politikoaren areagotzeari lotuta baitago. Sozialismorako trantsizio saihestezina deitutakoa ez da gatazka materialaren planoan kokatzen, aitzitik -hain zuzen ere kapitalismoaren garapen ekonomikoaren oinarriaren gainean- zatiketa sozialaren “onargaiztasunari” egiten dio erreferentzia eta soilik kontzientzia politikoaren bereganatze gisa adierazi daiteke. Baina arrazoi honengatik langile klaseak, sistema suntsitzean, garapen kapitalistaren adierazpen den antolakuntza osoaren ukazioa sortzen du, eta lehenengo lekuan eta guztiaren aurretik, teknologian, produktibitateari lotuta dagoen heinean.

Haustura, soldata/produktibitatea mekanismoaren ordezkapena, bada, soldataren mailaren handitze eskari orokor baten ondorioz sortu daiteke. Bistakoa da soldata desberdintasunak ordezkatu nahi dituen ekintzak erlazio horren ordezkapenaren alde bat osatzen duela; bere kabuz ez du bermatzen, ezta gutxiago ere, sistemaren suntsiketa, baizik eta soilik “urre distiratsuagoarekin kateatzen du” langile klasea. Soilik alienazio prozesuen erroak erasotzean eta handituz doan kapitalarekiko dependentzia politikoa isolatzean, posible da benetako klase ekintza formulatzea36. Beste hitz batzuetan, langile klasearen indar subertsiboa, bere gaitasun iraultzailea, indartsuago azaltzen da (potentzialki), hain zuzen ere, kapitalismoaren garapen momentuetan non kapital konstantearen gailentasun izugarriak, lan biziarekiko, lehenaren baitako arrazionaltasunarekin batera, langile klasea bere esklabutza politikoaren arazoarekin aurrez aurre jartzen duen. Beste alde batetik,  kanpokoak” diren prozesu sozialen dependentziaren hazkuntza plan kapitalistarekiko, hau enpresa-mailan aurrena adierazten den bezala, garapen kapitalistaren logika elementalaz hitz egiteko baliagarria da. Jakina da Marxek ugaritze hori  behin baino gehiagotan azpimarratu zuela botere kapitalistaren erroarekin kontraste hazkorrean: luzarora ere, fabrikako lanaren banaketak lanaren banaketa sozialarekin berdintzeko joera dauka –ez dena, jakina, modu gordinki ekonomizistan ulertu behar.

Kontsumoa eta denbora librea

Objektibismoak” kapitalismoaren “arrazionaltasuna” onartzen du enpresa-mailan eta egiturak eta garapen momentuen barnean ebazten du borroka , baina soldatak eta kontsumoaren kanpo esferan ekintzaren balioa nabarmentzeko joera du. Honen ondorioak (maila altuko ikerketa “dialektikoarekin”, sistemaren markoaren barnean, lana eta kapitalaren artean) estatu mailako ekintza, mugimendu sindikal eta politikoen arteko distintzio/separazioa, etabar, handitzen ari dira. Modu honetan, eztabaida serio eta “gaurkotuenetan” ere (Italian bereziki klase sindikatuen eremuan ematen ari direnak) langile klasearen borrokaren kontzepzio “demokratiko” zaharren konfirmazio sinple bat aurkitu daiteke, formatu kritiko eta modernoagoan. Ikerketa lan guztia, ekintza sindikalaren adaptazio oro kapitalismoaren garapen moduetara, posizio zaharren baieztapen hutsean zokoratutako arriskua, eduki berri batek aberastuta, baina modu mistifikatu batetan. Modu honetan, “masa zabalen ekintza autonomoa agintariek hartutako erabakien ondorio gisa definitzen da soilik, inoiz ez erabaki horiei aurrea hartuta37.

Metaketa kapitalistaren berezko prozesuak termino globaletan gero eta determinanteagoak diren bitartean, nola “barnera” hala “kanpora” begira (fabrika eta gizarte mailan orokorrean), berriz ere matrize keynesiarretik agertzen diren posizio desberdinek (baita langile munduko mugimenduaren barnean ere) ideologia puruak ordezkatzen dituzte, kapitalismo berantiarraren garapenen isla dena. Marxek detektatutako arriskuak haien kontra baliagarria izaten jarraitzen du –lehen baino gehiago, gainera-: “Zirkulazioaren edo merkantzien elkartrukearen esfera, zeinaren limiteen barnean lan indarraren salerosketa egikaritzen den,  sortzetiko giza eskubideen benetako Edena zen errealitatean”38. Horregatik langile klaseak burutu beharko lukeen kontsumo “oparoa” kapitalismoak “inposatutako” kontsumoari kontrajartzen zaio; eta horregatik soldaten handitze orokor bat, hau da, esklabutza kapitalistaren berrespena, bere duintasunaren baieztapena eta aintzatespena “gizaki bezala” aldarrikatzen duen langilearentzat “erakarpen” gisa aurkeztu zuen39.

Kapitalismoak inposatutako kontsumoaren aukerekiko aurkakoak diren behar sozialei (kultura, osasuna) deiak ere ez du zentzurik arrazionaltasun kapitalistaren ezeztatzea gabe eta ekoizpenaren esferan kontrola eta autogestioa bereganatzearen aldeko langile klasearen eskaera gabe40. Ez du zentzurik kontsumo kultural hazkorra desiratzeak kultura hori eguneratzea ezin bada norbanakoarentzat egingarria kontsideratu, non eta bere sorkuntza aktibitatean; bestela esanda, lan prozesuan. Kontsumo indibiduala erabat baldintzatuta dago ekoizpen aktibitatean duen posizioarengatik. Bere behar “esentzialak” (kultura eta osasuna) lanaren arauen gaitzespenean definitu eta baieztatzen dira, lanaren eginkizunak duen esanahiaren gainean langile klasearen kontzientziaren bereganatzean. Kapitalismoaren menpeko alienazioa kontsumitzailearen alienazio gisa aurkeztea, egungo ideologia irrigarri eta hedatuena da, gutxienez.

Esanguratsua da posizio “errebisionista” hauek denbora librearen ulerkera marxianoari erreferentzia egin eta bera, nahiz berak lan denborarekin duen erlazioa eta bere lekua gizarte komunistan, distortsionatzea.  Bestela esanda, bada joera bat, interpretazio “ekonomizista” bat oinarri duena, Marxen pentsamenduaren askatasun komunista ekoizpen prozesuen planifikazio objektibo eta arrazionalizatua oinarri duen denbora librearen hedapenarekin identifikatzekoa41. Errealitatean, Marxen arabera denbora librea, norbanakoen aktibitate mental eta sozial aske gisa ulertuta, ez du bat egiten inola ere lan egunaren murrizketarekin. Giza lanaren baldintzen eraldaketa erradikala aurresuposatzen du, soldatapeko lanaren abolizioa eta lan prozesuaren erregulazio soziala. Bestela esanda, despotismoa eta arrazionaltasunaren arteko erlazio kapitalistaren behera etortze erabatekoa aurresuposatzen du, ekoizle askeek administratutako gizarte baten eraketaren bitartez, non -ekoizpena ekoizpenarengatik abolituz- garapen planifikatua, plana bera, arrazionaltasuna eta teknologia indar sozialen kontrol iraunkorraren menpeko izango dira, gai izango den modu horretan (eta soilik modu horretan) gizakiaren “ezinbesteko beharra” bilakatzeko. Lanaren banaketa gainditzeak, prozesu soziala eta klase borrokaren helburu gisa, ez du esan nahi pauso bat aurrera ematea “denbora librearen esparruan”, indar sozialek ekoizpenaren esferaren gainean agintea lortzea baizik. Gizakiaren eta bere gaitasun fisiko eta intelektualen erabateko garapena (gizarte industrialaren kritika “humanista” askok aipatzen dutena) mistifikazio gisa agertzen da “denbora librearen gozamena” bezala irudikatzen bada, “moldakortasun” abstraktu bezala, etab., libreki elkartutako ekoizleen gizarte batetan gizakiak ekoizpen prozesuarekin duen erlazioa eta langilearen, produktuaren eta lanaren edukiaren birjabetzea aparte utzita42.

Langileen kontrola perspektiba iraultzaile batetan

Borroka sindikalak ezaugarritzen dituzten langile klasearen “aldarrikapen” berriek ez dute zuzenean eduki politiko iraultzailea ekartzen, eta ez dute norabide horretan garapen automatikoa inplikatzen. Hala ere, bere garrantzia ezin da gutxietsi, ezta bere balioa ere, fabrika modernoaren prozesu teknologiko eta antolatzaileen adaptazioa osatzen duten heinean -lan erlazioen “sistematizazioaren”, orokorrean eta maila altuagoan, aurrebaldintza. Langile klasearen borrokari osotasun gisa eta bere balio politikoari buruzko garapen adierazleak dituzte. Hala ere, adierazle horiek ez datoz ezerezetik eta ez zaie aldarrikapen horiei sinpleki txertatzen, desberdinak eta “aurreratuagoak” diren aldarrikapenak, ordea, helburu tradizionalekin alderatu daitezkeenak. Lan denbora eta erritmoa, lan indarra, soldatak eta produktibitatearen arteko erlazioa, etab., zuzentzen duten kontratuek kapitalari metaketa mekanismoaren barnean eta bere “egonkortze faktoreen” mailan kontrajartzeko joera izango dute, noski. Kontratu horiek langile klasearen nukleoen borrokarekin batera sendoki gehien garatutako enpresatan pari passu hedatzea bere izaera subertsioa eta bere abangoardia izaeraren konfirmazioa da. Soldatei mugatutako borroka orokor baten helburuetarako erabiltzeko saiakera klase ekintzaren batasun berri eta zabala bilatzeko ilusioa baino ez da. Zentzu honetan, praktikan lortuko dena izango da, hain zuzen ere, saihestu nahi omen dena, hau da,  enpresa barnean isolamendu egoeretara bueltatzea, borroka politikoaren elementu potentzialen bidegabeko erabileraren ondorio saihestezina dena. Jarraitu beharreko lerroa, objektiboki identifikatu ahal dena hipotesi-gida gisa, baliagarria ordea, autogestio aldarrikapenen indartze eta hedapenean oinarritzen da. Autogestio aldarrikapenak ez direnez soilik parte-hartze “kognitibo” gisa ezartzen, arrazionalizazio/hierarkia/boterea erlazio zehatzari eragin baizik, ez dira enpresaren eremura mugatzen. Horren ordez, kapitalak proiektatu eta gizartearen gainean osotasun gisa ezartzen duen “despotismoaren” aurka zuzenduak dira, maila guztietan eta sistemaren uzkailtze osoaren behar gisa adierazten dira, prise de conscience orokor eta langile klasearen borroka orokorraren ondorio den uzkailtzea.

Lerro hau, praktikoki eta berehalakoan, langile kontrolaren aldarrikapenean adierazi daitekeela kontsideratzen dugu. Hala ere, zenbait argipen beharrezkoak dira. “Langile kontrola” lema zerbait anbiguo gisa epaitu behar da, borrokan egindako aldarri iraultzaileak ahuldu edo parlamentarismo nazional demokratikoaren lerro tradizionalarekin adiskidetzen dituen posizio zentrista bati asimilagarria. Eta egia da hor seinaleak existitzen direla lema zentzu horretan erabiltzearen inguruan. Adibidez, langile kontrolari erreferentzia boluntarioa eta anbiguoa da horrekin Consigli di Gestione-en (Gestio Kontseiluak) teoria eta praktikaren jarraipena edo berrezarpena esan nahi denean43. Consigli di Gestione-en mugimenduan langile kontrolaren benetako aldarrikapena berreraikuntza nazionalaren ideologiei lotutako elementu “kolaborazionistaren” eta proiektu elektoral instituzionalaren helburuarekin mugimendu erreala erabiltzen zuen ikuspuntuaren menpeko aurkitzen da suntsidura osoraino. Anbiguotasun berdina nabaritu daiteke langile kontrolaren lerroa aukera “onargarri” gisa proposatzen denean, langileen autogestio osoaren estremismoari “antidoto” gisa. Bistakoa da langile kontrolaren formulazio ez mistifikatu batek zentzu soziala duela apurketa iraultzailearen helburuarekin eta autogestio sozialistaren perspektibarekin erlazioan. Marko honetan, langile kontrolak langile klasearen maila sindikaleko aldarri aurreratuenak eta perspektiba estrategikoaren arteko amildegia salbatzeko beharra adierazten du. Horrela bertsio ez mistifikatuan azaltzen du, edo hobe esanda azaldu dezake, langile klasearen alderdiek ezarritako ohiko proposamenekin aurrez aurre dagoen alternatiba dakarren ildo politikoa.

Jakina, langileen kontrolaren ildo hau klase borrokaren eskala tenporala bizkortu dezakeen faktore gisa aurkezten da a priori, arrakala iraultzaileetan eskala tenporal “laburtua” lortzeko tresna politiko gisa. Botere politikoaren konkista gisa aurkezteko aukeratik urrun, langile kontrolak botere kapitalistaren gaineko presio handieneko fasea eratu behar du (sistemaren erroetara zuzendutako mehatxu esplizitu gisa). Hortaz, langile kontrola “botere dual” egoeren aurreko prestaketa gisa ikusi behar da, boterearen konkista politiko osoarekin konexioan. Ez dago arrazoirik langile kontrola hemen eta orain proposamen politiko orokor gisa gaitzesteko arrazoiak errepikatzeko. Errealki garrantzia duena da esloganen aurkako polemika batek ez lukeela balio beharko langile borrokek agindutako arazo politiko orokorrak saihesteko aitzakia gisa; eta zehazki langile klasearen aktibitatearen degenerazio “sindikalistaren” aurka aseguratuta dagoen perspektiba politiko berria berreraikitzeko esfortzua egin beharko litzatekeela, aipatu borrokak oinarri izanda.

 

—————————

1.- Raniero Panzieri, “Sull’uso capitalistico delle macchine nel neocapitalismo” Quaderni Rossi-n (Koaderno Gorriak) eta La ripresa del marxismo-leninismo en Italia-n (Marxismo-leninismoaren berraktibazioa Italian, Milan, Edit. Sapere Edizione, Milan, 1972) berrinprimatuta.

2.- Karl Marx, El Capital. Crítica de la economía política. Lehenengo liburua, 2. bolumena, 408 or. Madrid, Siglo XXI Editores, 6ª ed. Trad. Pedro Scaron.

3.- Ibíd.  406 or.

4.- Ibíd. 405 or.

5.- Ibíd. 440 or.

6.- Ibíd. 447-448 or.

7.- Ibíd. 449 or.

8.- Ibíd. 515 or.

9.- Ibíd. 516 or.

10.- Ibíd. 511 or.

11.- Ibíd. 516 or.

12.- Ibíd. 491 or.

13.- Ibíd. 516 or.

14.- Ibíd. 403 or.

15.- Ibíd. 517 or.

16.- Ohikoa da, gure ustez, “aldaketa” sindikalaren dokumentu hasiberriak zitatzea, eztabaidak horien oinarriaren gainean garatzen jarraitzen duelako: I lavoratori e il progresso técnico (Langileak eta garapen teknikoa) (“Aldaketa teknikoak eta organizatiboak eta lan erlazioaren moldaketa fabrika italiarretan” Konferentziaren aktak, Erromako Antonio Gramsci Institutuak eginak 1956ko ekaina eta uztailan), eta S Leonardi, Progresso tecnico e rapporti di lavoro (Garapen teknikoa eta lan erlazioak), Turin 1957. Oinarrizko erreferentzia gisa Leonardiren lana hartzen dugu, zeinak Gramsci Institutuaren Konferentzian aurkeztu zuen saiakera hedatu eta garatzen duen. Eztabaidaren garapen berriagotarako, ikusi “Garapen teknologikoa eta italiar gizartea” Kongresu egin berriari saiakera eta ekarpenak, ondoren zitatuak. Ikusi ere Quaderni Rossi (Koaderno Gorriak) berrian Dino de Palmaren inkesta. Ohar hauetan gaion inguruko literatura zabalari (izan kapitalista-berantiarra edo marxista) erreferentzia oro alde batera uzten dugu, eta gure mugimendu sindikalistaren baitako eztabaida soilik aipatuko dugu.

17.- Progresso tecnico e rapporti di lavoro (Garapen teknikoa eta lan erlazioak), Turin 1957, 93 or; ikusi ere 35, 46, 55 or. eta hur.

18.- Ibíd. 48 or.

19.- Ibíd. 50 or. “Langile bakarraren ausentzia edo berandutze hutsa, edo baita bere ekoizpenean urritzea, makinen lerro oso baten islatuta ikus daiteke”, etab. (Ibíd. 50 or. eta hur.).

20.- Ibíd. 50 or. eta hur.

21.- Ibíd. 52 or.

22.- Ibíd. 55 or. eta hur.

23.- Ibíd. 82 eta hur. or. “intelektual produktiboen alienazio osoaz”, ikusi Pino Tagliazzucchi-ren oharrak, zorrotzak eta zuzenak, “Aspetti della condicione impiegatizia nell’industria moderna”-n (Industria modernoan erabilitako baldintzen aspektuak, Sindacato Moderno, otsaila-martxoa 1961, 53 eta hur. or. 

24.- Progresso tecnico e rapporti di lavoro (Garapen teknikoa lan erlazioak), Turin 1957, 81 or. eta hur.

25.- Ibíd. 67 or.

26.- R. Alquati, “Documenti sulla lotta di clase alla Fiat” (Fiat-eko klase borrokaren inguruko dokumentuak), Quaderni Rossi, 1. zk.

27.- Ikusi N. Mitrani, “Ambiguité de la technocratie” (Teknokraziaren anbiguotasuna), Cahiers Internationaux de Sociologie, XXX bol., 111 or.

28.- Franco Momigliano-k zuzen seinalatu du «ekoizpen prozesu globalaren markoan fabrika modernoak ez ditu gero eta langile gehiago ekoizpenaren diseinu eta planifikazio arrazionalaren prozesuan kontzienteki parte hartzetik kanpo uzten; behar du, gainera, langileek, arrazionaltasun berriaren menpeko, aldi berean momentu “anti-arrazionala” pertsonifikatzea, “hor konpon” filosofia enpiriko zaharrari dagokiona. Modu honetan, -paradoxikoki- langile klasearen erresistentzia bera esplotatzen da». “Il sindicato nella fabbrica moderna” (Sindikatua fabrika modernoan), Passato e Presente, 15 zk, 20 or. eta hur.).

29.- «Are gehiago, makinaria eta lanaren banaketa gero eta gehiago hedatu, orduan eta gehiago handitzen da lan kantitatea. Makinen gero eta erabilera handiagoa eta lanaren banaketak proletarioaren lanari berezko izaera oro kentzen dio eta horrela langilearentzat erakargarritasun guztia galduarazten diote. Hau makinariaren eranskin sinplean bilakatzen da», Karl Marx eta Friedrich Engels, Manifestu Komunista, Obra hautatuak 3 bolumenetan, 1. bol., Mosku, Edit. Progreso, 1974, 117 or.

30.- Administrazio kapitalista arrazionalago batek langileen parte hartze “demokratikoa” nola behar duen, ikusi oso garrantzitsua den S. Melman-en liburua, Decision-Making and Productivity (Erabakiak hartzea eta produktibitatea), Oxford, 1958.

31.- Sobietar Batasunean egindako ikerketa ekonomiko eta teknikoaren azken garapenek izaera anbiguo bat planteatzen dute: ikerketaren autonomiari deiak planifikazioaren boluntarismo estalinista zakarrarekiko haustura ordezkatzen du zalantzarik gabe; baina, prozesu “arrazionalen” garapenak, ekoizpenaren kontrol sozialarekiko independentziarekin, ematen du (zein puntura arte orainaldian eta zein puntura arte etorkizuneko aukera?) burokratizazio prozesu zaharrentzako aurrebaldintza eta oinarria ordezkatzen duela. Baina ez dadila bistatik galdu planifikazio sobietarraren ezaugarri bereizgarria plan kapitalistarekin alderatuta: antolakuntza produktiboaren elementu despotikoa, autoritarioa, erlazio kapitalisten barnean sortzen da, ekonomia planifikatu burokratikoetan bizirauten du. Burokraziek, langile klasearekin erlazioan, ezin diote soilik arrazionaltasun objektiboari dei egin; langile klasea bera interpelatu behar dute. Nolabait esatearren, oinarrizko elementuaren desagerpena, jabetza pribatuarena, antolakuntza burokratikoa bere oinarritik gabetzen du. Bada, SESB eta herri-demokrazietan, kontraesanak bestela adierazten dira, eta despotismoak izaera organikoa baino eskasagoa aurkezten du. Honek ez du esan nahi, jakina, bere adierazpenek ezin dutenik gizarte kapitalistaren adierazpenek bezalako forma zakarrak hartu; ikusi Rodolfo Morandi-ren eragin handiko oharrak ““Analisi dell’economia regolata”-n (Erregulatutako ekonomiaren analisia) (1942) eta “Criteri organizzativi dell’economia collettiva” (Ekonomia kolektiboaren antolakuntza irizpideak) (1944), Lotta di Popolo-n (Herriaren borroka) Turin, 1958, editatuak. Jabetza elementuaren bazterketa eta alde autoritario-burokratikoaren edo alienazio teknikoaren (edo bien) ikasketa soilak, denek dakiten bezala, oraingoz mugagabea den literatura ideologiko neokapitalista eta neoerreformistaren zentroan daude; zeinaren analisiaz gure Quaderni Rossi-etako bat arduratuko duen.   

32.- Ikusi F. Engels, , “K. Marx-i sarrera “Soldatapeko lana eta kapitala”, 1891ko edizioa: K. Marx eta F. Engels, Obra hautatuak 3 bolumenetan, 1 bol., Mosku, Edit. Progreso, 1974, 153 or.

33.- K. Marx, Soldatapeko lana eta kapitala, Karl Marx eta Friedrich Engels, obra hautatuak 3 bolumenetan, 1 bol., Mosku, Edit. Progreso, 1974, 171 or. eta hur.

34.- [Zitatutako Engelsen testua “1891ko programa sozialdemokrataren zirriborroari kritika” da, Karl Marx eta Friedrich Engels, obra hautatuak 3 bolumenetan, 3 bol., Mosku, Edit. Progreso, 1974, 450 or. eta hur. Hala ere, Panzierik zitatzen duen parrafoa berez ez da Engelsena, baizik eta K. Marx-en Gothako Programaren Kritikatik atera da, Ricardo Aguilera Editor, 1971. Itzultzailearen oharra.]

35.- V.I. Lenin (1897), “Erromantizismo ekonomikoaren ezaugarritze baterako”, Obra Guztiak II. bol., Buenos Aires, Editorial Cartago, 1969, 80 or.

36.- Ikusi eztabaida Politica ed Economia-n, Garavini, Tato, Napoleoni, eta abarren artikuluekin.

37.- R. Spesso, “Il potere contrattuale dei lavoratori e la ‘razionalizzazione’ del monopolio” (Langileen kontratuzko boterea eta monopolioaren ‘arrazionalizazioa‘), Politica ed Economia, 1960ko azaroa, 10 or. Momiglianok azaldutako posizioek kontsiderazio berezia merezi dute; zuzen ekartzen du gogora “mundu modernoaren antolakuntza eta arrazionalizaziorako tresnek” sindikatuentzat “langile klasearen konpetentzia eta gaitasun hegemonikoa deskubritzeko” aurrebaldintza osatu behar dutela. (“Il sindicato nella fabbrica moderna” [Sindikatua fabrika modernoan], 20 or. eta hur.). Eta askotan tematu da langile klaseak, bide hauetatik, kapitalarekin jarkitako benetakoa eta osoa den autonomia birkonkistatzeko duen beharrean. Baina zaila da konprenitzea nola adiskidetu ditzakeen tesi eta eskari horiek sindikatuaren “terreno instituzional zehatzaren” berrespenarekin, ekintzak berak sistemarekiko tentsio suntsikor hazkor baten izaera duenaren onarpena gaitzestera eramaten duena: ikusi F. Momigliano, “Struttura delle retibuzioni e funzioni del Sindacato” (Sindikatuaren ordainsari eta funtzioen egitura), Problemi del Socialismo, 1961eko ekaina, 633 or.; ikusi ere, Momigliano berarena, “Una tematica sindacale moderna” (Gai sindikal modernoa), Passato e Presente, 13 zk., eta bere informea “Garapen teknologikoa eta gizarte italiarra” Kongresuari (Milan, 1960 ekaina), “Langileak eta sindikatuak italiar industriaren ekoizpen prozesuko eraldaketekin aurkakotuak” gaiaren inguruan.

38.- Karl Marx, El Capital. Crítica de la economía política. Lehenengo liburua, 1 bolumena, 214 or. Madrid, Siglo XXI Editores, 6. edizioa Pedro Scaron-en gaztelaniazko itzulpena.

39.- Ikusi A. Tato, “Ordinare la struttura della retribuzione secondo la lógica e i fini del sindicato” (Ordainsariaren egitura ordenatu sindikatuaren logika eta helburuen arabera), Politica ed Economia, 1961eko otsaila-martxoa, 11 or. eta hur. Goranzko eragin soziala ekoizpenaren esferan, ikerketa marxista orotan nabarmendu egiten da. Beste autore batzuek bezala, Paul Sweezy-k honen inguruko demostrazioa eskaintzen du zentzu askotan gaur egun oraindik baliagarria dena: ikusi P. Sweezy, “Garapen kapitalistaren teoria”, 1942, Nueva York-en 1968 berriz editatua, (FCE, Mexico, 1969), bereziki 239 eta 270 eta hur. orrialdeak, Sweezy-k Rosa Luxemburgo-ren Erreforma edo Iraultza idatziko hurrengo pasartea gogora ekartzen du: «’Kontrol soziala’… jabetza kapitalistaren murrizketa… izatetik urrun…, kontrara, jabetza horren babesa da. Edo, perspektiba ekonomiko batetatik adierazita, ez da esplotazio kapitalistari mehatxua, sinpleki esplotazio horren erregulazioa baizik» (Rosa Luxemburgo, 1976, Obra Hautatuak, 1 Liburukia, “Erreforma edo Iraultza”, Mary-Alice Watersen sarrera, Bogotá, Editorial Pluma). Lan orduen mugaketarako lege ingelesentzat, ikusi K. Marx, Kapitala, ibíd., 277 or. eta hur.

40.- «Kultura kontsumo handitu bat desiratzeak ez du zentzurik norberak ezin badu bere sorkuntza aktibitatean, par excellence hitzetan lan prozesuan… gauzagarri kontsideratu. Kontsumo indibiduala berez guztiz baldintzatuta dago ekoizpen aktibitatean duen posizioagatik… Bere ‘behar esentzialak’ (kultura, osasuna) ‘lanaren arauen’ gaitzespenetik, lanaren esanahia eta paperaren gaineko langile klasearen kontzientzia hartzetik, sortzen dira, definituta daude, inposatuak». (“Il potere contrattuale dei lavoratori e la ‘razionalizzazione’ del monopolio” (Langileen kontratuzko boterea eta monopolioaren ‘arrazionalizazioa’), Politica ed Economia, 1960ko azaroa, 9 or. eta hur.). Kapitalismo berantiarrean alienazioa kontsumitzailearen alienazio gisa aurkeztea gaur egungo ideologia irrigarri eta hedatuenetarikoa da aldi berean.

41.- Ikusi Paul Cardan, The meaning of socialism (Sozialismoaren esanahia), Solidarity Panflet 6 zk., argi geratu beharko litzateke, hala ere, Cardan-ek mota honetako interpretazioari aipamena egiten diola marxismoari oposizio polemikoan arrazoi iraultzailea adierazteko. [Cornelius Castoriadisen ezizena da Paul Cardan. Itzultzailearen oharra]

42.- Gizarte komunistaren errepresentazioa ondasun eta “denbora librearen” “oparotasuna” duen gizarte gisa oso hedatuta dago ideologia sobietarrean, eta lan prozesuen erregulazio sozial efektiboa ukatzearen emaitza osatzen du, jakina. “Ilusio ‘teknologikoek’ gaur egun aipatu ideologia sostengatzeko esku hartzen dute, adibidez R. Strumili-en (On the Road to Communism) (Komunismora bidean), Mosku, 1959), “ekoizpen prozesuetan funtzioak bideratzean” kontrol “teknikoarekin” identifikatzen dira, “teknologiaren, bere mekanismo automatiko zoragarriekin eta ‘pentsatzen’ duten makina elektronikoekin, garapenari” esker gauzatutako lanaren “eduki oso intelektualarekin”. Hortaz, automatizazioak “denbora librearen” kontsumitzaileen benetako gizarte “oparoa” gauzagarri egingo du; ikusi aurrena 30. oharra! Gai honen inguruko Marx-en testuen ohiko deformazioaren adibide gisa, ikusi G. Friedmann, Industrial Society (Gizarte Industriala), New York 1955, non langileak produktuaz eta lanaren edukiaz egiten duen berjabetzea “lanaren kontrol psiko-fisiologikoarekin” identifikatzen den!

43.- [Consigli di Gestione-ak (Gestio Kontseiluak) enpresak gudaren azkeneko hilabeteetan mantentzeko eratu ziren, eta Erresistentzia batez ere Italiako iparraldetik hedatu zen. 1945eko apirilaren 25ean alderdi antifaxista guztiek aitortuak, gehienbat klaseen kolaborazioaren organoak izan ziren, eta horrela kontsideratu zituzten langile klasearen alderdi nagusiek. Mugimenduak gailurra erdietsi zuen 1947ko azaroan kontseilu nazionala deitu zenean, eta pixka bat ezkerrera desbideratua izan zenean Alderdi Komunistaren biraketari esker.]  [Itzultzailearen oharra]