AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia

Pero siendo mi intención escribir algo útil para quién lo lea, me ha parecido más conveniente buscar la realidad efectiva de las cosas que la simple imaginación de las mismas. Y muchos se han imaginado repúblicas y principados que nunca se han visto ni se ha sabido que existieran realmente; porque es tanta la distancia entre cómo se vive y cómo se debe vivir, que quien deja lo que se hace por lo que se debería hacer, aprende antes su ruina que su preservación: porque un hombre que quiera en todo hacer profesión de bueno

encontrará su ruina entre tantos que no lo son.

Nicolás Maquiavelo



OHARRA: Lan-indar merkantziaren debaluazioarekin batera ager daitezkeen elementu taktiko nagusiak aurkeztu nahi ditugu lan honetan. Alabaina testuaren idazketa prozesuak muga tekniko nabarmena izan du: ez dugu “mendebaldeko” herrialdeek bizi duten proletarizazio prozesua joera-historiko konponezina den, ala ez, ziurtasunez adierazteko behar beste baliabide analitiko; ezta datu absoluturik ere. Hor aurki dezake irakurleak testu honen balizko izaera komunistaren ahulezia.

Gaur egun “mendebaldeko” herrialdeek hogeigarren mendeko bigarren erdialdetik aurrera ezagutu dituzten ongizate-estatuen eta hauen politika-ekonomiko liberalen krisi garaia bizi dugu; hain zuzen ere Bigarren Mundu Gerraren harira garatu ziren eta, Europan adibidez, lanaren eta kapitalaren arteko antagonismoa prozesu bakegile etengabea bihurtu duten baldintza sozial- eta geopolitiko-orokorren desagerpenaren unea. Ongizate-estatuen gainbehera eta Europako zein Estatu Batuetako klase-ertainaren desagerpen prozesua akumulazio bloke kapitalisten indar-harremana aldatzen hasia den sintoma dira; bi fenomeno hauek sortarazi zituzten zergati-politiko eta ahalmen- produktiboak agortzear baitaude. Sobietar Batasuna desegin zenetik, adibidez, ahuldu egin da Europako eta Estatu Batuetako burgesiak ongizate-estatuen gobernantza eredua ezar zetzan izandako arrazoi politiko zuzena (Fotana; 2018: 20). Orain Txinako ekonomia planifikatuak mundu mailako merkatuan lehiakortasun handia adierazi badu ere, bloke sobietarra erori eta, urteetan zehar, burgesia-liberalak Sobietar Batasunaren ekonomia- kudeaketa zentralizatuaren estatu-egitura gainditu duela pentsatu izan du. Azken hamarkadetan, hori dela eta, Sobietar Batasunean langileriak izan zuen bizi-kalitateak eta langileek bertan izan zitzaketen askatasun politikoek mendebaldeko estatu- kapitalistetako langileriaren sumisioa eta obedientzia zalantzan jar ditzaketen faktore izateari utzi diote pentsamolde burgesaren kalkuluan (2018: 690).

Indartzen eta hedatzen ari den herrialde txinatarretako klase-ertain berriaren bizi- baldintzak “mendebaldeko” estatuek euren politika-sozialak zehazteko kontuan hartu beharreko faktore bilakatu daitezke egunen baten; alabaina, gaur egun hazten ari diren Asiako bloke-kapitalistek (Arrighi; 2014: 471) ez dute burgesia-liberal honen programa politikoa Gerra Hotzeko urteetan Sobietar Batasunaren balizko izaera sozialistak egin zuen sakontasun berarekin baldintzatzen. Bloke kapitalisten lehiak orain ez du zertan sozialismoaren espektroa aitzat hartu. Orokorrean proletalgoaren borondate iraultzaileak posizio politiko eta kultural indartsuak galdu egin ditu era sistematizatuan eta, honen ondorioz, langileria burgesiaren erasoengandik babesteko baliabide-politikorik gabe geratu den herrialdeetan burgesiak ez dio zertan langile-klaseari kontsezio sozialik egin (Silver; 2005: 189). Bestalde, enpresek eta finantza-korporazioek ez dute Bigarren Mundu Gerra ostetik duela hamabost urte arte, gutxi gorabehera, akumulazio ziklo anglosaxoi edo estatubatuar (Arrighi; 2014: 288) izendatu izan den hamarkada horietan kapitala inbertitu eta irabaziak eragiteko izan zuten botere ekonomiko bera. Orain plusbalioaren ekoizpenak ez du horrelako lanaren esplotazio gradu edo errentagarritasun tasa alturik. Eta horren poderioz “mendebaldeko” estatuek ez dute duela gutxi arte langileei eskaintzen zizkieten bizi baldintzak posible izan daitezen beharrezkoak diren zerbitzu publiko eta prestazio sozial guzti horiek ordaintzeko beste diru, ezta dohain politikorik ere (Fontana; 2018: 944). Egun inbertsio-publikorako gastua ezin daiteke horren altua izan, lanaren esplotazio-baldintza berri hauetan kapitalaren balorizaziorako behar den dirua ekoizpenetik aldenduko litzatekelako eta, ondorioz, plusbalioa desagertu; hau dominazio-sistema kapitalistaren printzipio izaki. Beraz estatu-egituraketa hau bere une historikoan posible egin zuten baldintza-ekonomikoak aldatzen eta politikoak ahultzen ari direla esan genezake.

Krisi uneetan merkantzien ekoizpen eta zirkulaziorako kondizio apropos berriak eratzea nahitaezkoa izan daiteke (Mattick; 2014: 151), bai tekniko-produktiboak eta bai jabetza pribatuaren zuzenbide-egiturari dagozkionak. Horregatik ongizate-estatuen egungo ahulezia “mendebaldeko” estatuetan burgesiak bere posizio politikoak indartzeko hartzen dituen neurrien eta klase-borroka prozesuaren baitan ulertu behar dugu. Izan ere krisia hau da: burgesiaren nagusitasun politikoa eta plusbalioaren ekoizpena bideragarriak izan daitezen ekoizpen baliabideen, eta hau antolatzen duten instituzioen, zein lanaren esplotazioaren, eta hortaz langileriaren bizimoduaren, egokitzapen territoriala burgesiaren klase-ofentsiba baten eskutik (2014: 171). Burgesek kapitalaren metaketa-baldintzak berritu behar dituzten garaietan lan-indar merkantzia debaluatu egin ohi da (Marx; 2000: 232) eta honek aldaketa kultural larriak eragiten ditu langileen bizimoduetan, beraien bizitzen kalitatea kaltetuz batik bat. Halatan prozesu diziplinario bortitza abiarazten du ordena-antolatu burgesak langileriak ondorio mingarri hauek bere egin ditzan. Krisiak langileon lanaren gaineko esplotazioa oso emankorra den garaietan langile klasearen baitan egonkortzen diren bizi-baldintza aberastu edo “aburgesatuak” erasotu egiten ditu; horregatik klase-ertainaren endekapena eta ongizate-estatuen gainbehera krisi kapitalistak abiarazitako klase-ofentsiba beraren alderdi bereiztuak dira. Langileriari zuzendutako diruari uko egiten dio orduan burgesiak honek politikoki errentagarria izateari uztean eta kapitalaren ekoizpena egokitzeko langileen patrikak zulatzen dituzte lehenbizik. Klase dominazioaren printzipioa erasotzeko antolakuntza eredurik ez duen lekuetan alperrik defendatzen baitu langileriak bere burua, eta burgesiak soldataren gehiegikeriara zuzendutako ofentsibak ez du merkatuaren normaltasun juridikoa zein soziala zalantzan jar ditzakeen erantzunik izaten. Klase borrokaren izaera historikoaren determinazio logiko bat da hau: plusbalioa desagertu ezean burgesiak ezin du ezer garesti ordaindu.

Testuinguru honetan dagoeneko bada proletalgoaren posizio politikoa zuzenean baldintzatu egin duen faktore bat: langile-aristokraziaren proletarizazio. 2008. urtetik aurrera era nabarian zabaldu den krisi-kapitalistak (Fontana; 2018: 949) “mendebaldeko” langileria klasearen bizi-baldintza orokorrei gaitz egin arren, langile-aristokraziaren gaitasun ekonomikoa murriztu eta egoera horretan sortutako klase-interes antagonikoen talka berrietan garatu ahal izan du programa taktiko sozialistak bere edukia. Bere egituraketa ekonomikoari dagokionez langile-aristokrazia1 langileria klasearen baitan soldata altuena edo diru-metaketa gaitasun handiena duen sektore-soziala da; hala ere posizio pribilegiatu eta bizi-maila horrek sektore honengan eragiten dituen desira konpartituak eta proletalgoaren saiakera iraultzaileen aurrean hartzen dituzten posizio- politiko erreakzionarioak dira politika sozialistarentzat premia berezia adierazten dutenak (Lenin; 1961: 780). Proletarioekin alderatuta aristokrata hauek merkatuan sozializatzen diren produktuak berenganatzeko gaitasun handiagoa izan arren, langileria klasearen egitura-historikoaren parte dira, izan ere ez dute euren burua ekoizpen-prozesu zuzenetik, hau da soldatapeko erregimen diktatorialetik, aldentzeko nahikoa diru-metaketa gaitasun. Ekoizpen-modu kapitalista klase-konposizio konkretu batean oinarritzen da, alde batetik ekoizpen-bitartekoen gaineko jabetza pribatua eurena den subjektuak daude, eta bestetik, langileria klasea, zeinetan inork ez duen bere burua lan-prozesu zuzenetik emantzipatzeko akumulazio gaitasunik; hau da, kapitala sor dezaketen ekoizpen- bitartekoen jabe ez den klasea, eta bere lan-indar merkantzia soilik saldu dezakeena. Kapitalaren harreman izendatu zuen Marxek kapitalista eta soldatapeko langile kategorien oposizioaren bitartez definitzen den klase-konposizio hau (Heinrich; 2008: 102): hemen klase terminoak subjektuek ekoizpen prozesuen baitan duten posizio soziala adierazten du. Langile-aristokraziak honenbestez ez du plusbalioa sortu eta mentatzeko gaitasun ekonomikorik, horregatik jarraitzen du langile izaten: ez baita kapitala balorizatu dezakeen ekoizpen bitartekoen jabe.

Bigarren Mundu Gerra osteko akumulazio-ziklo globalak erdigune inperialistako herrialdeetan ahalbidetu duen langileriaren bizi-mailak “klase-ertainaren” auzia sorrarazi du. Ongizate-estatuetan kapitalaren diktadurak hartutako izaera demokratikoa indartu eta, estatu hauetan garatutako gizarteetan, Sobietar Batasunak mantendutako klase borroka sintaxiaren oinarrian dagoen klase-bereizketa soziala gainditu egin zela frogatu egin omen du klase-ertain kategoriaren agerpenak. Proletalgoaren eginkizun kritikoa da klase- ertainaren klase-egitura erreala azaleratzea; bertan dauden klase-interes kontrajarrien talka ezaugarritu eta ongizate-estatuetan langile-aristokraziak burgesiarekin mantendu duen kolaborazio politiko eta paktu sozialaren nolakotasuna definitzea hain zuzen ere (Lenin; 1961: 698). Kritikatua izatean bilakatu daiteke klase-ertaina kategoria zientifiko eta konplexutasun handiko auzi politikoa adierazi, artean proletalgoari ez dio mesede egingo bere erabilpenak. Alde batetik, berau ekoiztu duen prozesu metodologiko ahula erraz atzeman daiteke-eta (Marx/Engels; 1975: 427): langile-aristokratek eta burgesia txikiak euren egunerokotasunean partekatzen dituzten espazio-publiko, hezkuntza zein lan-instituzio, saltoki-gune eta abarretan duten bizikidetzatik eratorritako itxurakeria baitu oinarri. Euren arteko harremanak aztertzean ez da kontutan hartzen bateraezina den egiturazko klase-etsaitasuna. Hemen klase borrokaren arrazionaltasun politikoari gainjarri egiten zaizkio langile-aristokrazia eta burgesia-txikiaren arteko bizikidetzak sortutako espazio soziologikoan garatu diren harreman-eredu, kontsumo-ohitura eta aisialdi-jarduera homogeneizatuak. Subjektu historiko gisa elkarren aurkakotasuna erreproduzitzen duten klase-klase botere konfrontazioa zein burgesiaren dominazio- sistema eta soldatapeko esklabutzaren egitura deuseztatu egiten dira klase-ertainaren kategoriaren garapenean: klase borrokaren toki analitikoa baliogabetuz2. Bestalde, arriskutsua izan daiteke kategoria honen premisa logikoak langileen artean hedatu eta egonkortzea. Izan ere, proletarizazio fase honetan programa politiko bilakatu daiteke iragan diren hamarkadetan langile-aristokraziak izan duen bizi-mailaren nostalgia. Eta nostalgia beti da kontserbadorea, aukera iraultzaileen aurkakoa. Horrez gain klase- ertainaren psikologietan klase-dominaziok egitura arrazional izateari utzi dio, beraz honen onarpen erreala ezinbestekoa da eta horregatik guk, krisiarekin batera estrategia proletario antagonista bat gauzatzeko aukera indartu egin den honetan, bere izateko baldintza-historikoak galdu dituen estatu-eredu burgesaren defentsa itsua egiten duten aristokraten programa ekidin beharra dugu.

Langile-aristokraziaren fenomeno historikoa hogeigarren mendeko bigarren erdialdearen paradigma politiko nagusietako bat izan da. Lanaren eta kapitalaren arteko klase-borrokak hamarkadetan zehar hartu duen forma zehatza, bere izaera, botere-joko, opresio-eredu modernizatu eta elkar-erasotu zein menperatzeko metodo propioak izan dituena. “Mendebaldeko” herrialdeetan langile-aristokrazia osatu duten estratuen soldata altuek, adibidez, Bigarren Mundu Gerra osteko langileriaren alderdi eta eragile politiko zein sindikal klasikoak lanaren esplotazioaren ordena sozialera gehi zitezen balio izan zuten (Arrighi, Hopkins, Wallerstein; 2012: 32). Ordutik burgesiaren dominazio-sisteman funtzio subordinatuak bete izan dituzte. Hogeigarren mendeko lanaren esplotazio gradu altuak interbentzio politiko zuzenerako erraminta ere bilakatu zuen plusbalioa: langileriaren antolakuntza politikorako gaitasuna izan zutenen eroskeria estrukturala gauzatu zuen diziplina. Ongizate-estatuetan langile-aristokratek ukan duten bizi-maila nahikoa izan da euren obedientzia ziurtatzeko. Gainera haien agindu zein influentzia pean zeuden langileriaren gainontzeko sektoreak burgesiari komeni izan zaion bezala antolatu eta kudeatu dituzte; hau era kontziente eta politiko zein inkontzientean ere egin izan da, baina beti euren posizio pribilegiatua babesten duen inertziagatik bultzatuta (Lenin; 1961: 699).

Sektore hauen ordezkaritza politikoak hitzarmen koiunturalak sinatu izan ditu burgesiarekin lan-indar merkantziaren prezioa zehazteko asmoz. Euren eginkizun taktikoa langile-aristokraziaren soldata-erreala (Marx/Engels; 2016: 88) plusbalioaren ekoizpen-prozesuaren magnitude konstante bilakatzea izan baita. Hau da, langile- aristokraziak merkatuan eskuratu ditzakeen merkantzia kopuru altua ziurtatu nahi izan dute kapitalisten onespenarekin. Kapitalisten onespenak ordea klaseen arteko elkarlan politikoa dakar berarekin, horregatik langile-aristokraziaren zuzendaritza politikoak kapitalaren atzeguardia lanak burutu ditu lekuan-lekuko proletalgoaren programa iraultzailearen kontrako borrokan. Posizio sozialistak sendotu eta kapitalaren harremana erasotzeko proletalgoak egindako ahaleginak oztopatu eta, aukera izan dutenean, zapaldu ere egin izan dituzte. Komunismoaren arerio dira pragmatismo politikoz mozorrotutako berekoikeriaz eta proletalgoaren bizitzekin negoziatuz aristokraziaren soldata altuak defendatu eta egonkortu nahi dituzten horiek. Kapitalaren joera historiko hau, langileriaren antolakunde ezberdinak bere dominazio-sisteman txertatu eta antolakunde hauei sistema horren botere-egituran funtzio politikoak egozten dizkien prozesua, kapitalaren forma despotikoa izendatu zuen Marxek3. Prozesu honen forma-soziala esanguratsua da oso, izan ere soldatapeko lanaren hedapenaz gauzatu egiten da: langileon lanaren esplotazioak beharrezko dituen kontrol eta aginte funtzioak, hau da botere-ordena burgesaren forma politiko batzuk, kapitalaren balorizazio prozesuan antolatutako lan- postu bihurtu dira; ekoizpenaren unean eta orohar langileon bizitzetan soldatapeko langileen bitartez egikaritzen delarik dominazio burgesa (Luxemburgo; 2015: 208-209). Balio dezaten adibidetzat honako hauek, burgesiaren eginkizun politikoekin lotura zuzena duten eta denbora pasa ahala soldatapeko lan bilakatu diren aktibitate sozial batzuk irudika ditzagun: lantegietako sail-enkargatuak, eskola eta hezkuntza zentroetako hezitzaile eta zuzendaritza zipaioak, sindikatuak, salatariak, polizia eta beraiekin nahita edo arduragabekeriaz elkarlanean dabiltzan ezkerreko alderdiak eta, azkenik, hedonista hutsak diren liberatuak. Proletalgo txiroenaren bizimoduarekin alderatu ezkero erosoak kontsideratu ditzakegun langile-aristokraziaren bizi-baldintzek, eta hauek sortu dituzten interes-pertsonal, antolakunde-politiko eta harreman-sozial instituzionalizatuek, lanaren eta kapitalaren arteko antagonismoan burgesiaren hegemonia politikoa inposatu dute.

Langile-aristokrazia hogeigarren mendean zehar “mendebaldeko” ongizate- estatuetan garatu izan da (Silver; 2005: 143); izan ere Bigarren Mundu Gerra osteko testuinguru geopolitikoan edonongo lana esplotatu, kapitalizatu eta ekoizpen-bitartekoen jabetza pribatua zentralizatu duten herrialdeek beraien lurretan langileria menperatzeko ezarri duten gobernantza eredua baita hau: potentzia kapitalista handienek (Ameriketako Estatu Batuetako burgesiak adibidez) plusbalioa sortzeko izan duten ezohiko gaitasuna, hortaz, langile-aristokraziaren premisa historikoetako bat dela esan genezake. Hamarkada luzez ongizate-estatuetako gobernuek inbertsio publiko altuak izan dituzte, eta zerbitzu publikoetara zein prestazio sozialetara bideratutako gastu horiek direla medio euren soldatekin lortutako dirua aurrezteko aukera izan dute langile-aristokratek. Honenbestez aurrezki hauek langileria klasea erreproduzitu zedin estatuek zeharka ordaindu dituzten aktibitate sozialei esker izan dira posible, baina era berean ongizate-estatuetan langileen zeharkako soldata bilakatu izan den gastu publiko honek mundu osoko langileriaren gaitasun produktiboak (lan-indarra bera) krudeltasunez esplotatu direla adierazten du (Mattick; 2014: 168). Bigarren Mundu Gerra ostean akumulazio bloke anglosaxoiak gidatu zuen mundu mailako lanaren banaketa eta ekoizpenaren antolaketa orokorra (Fontana; 2018). Burges hauek planeta osoan zehar banatutako ekoizpen-bitarteko askoren jabetza berenganatu zuten eta ekoizpen-indar guzti horiek euren kapital partikularren balorizaziora zuzentzean plusbalioa apropiatzeko izugarrizko gaitasuna sortu zen, garai hartako kapitalista partikularren arteko konpetentzia zehatzak ahalbidetuta. Behinik behin gobernu-instituzio, alderdi-politiko eta antolakunde transnazional berrietan asoziatu ziren ekoizle partikularrak, eta euren kapital metaketa zein ekoizpen prozesuak arriskatu gabe ongizate-estatuen eraketa prozesuak finantzatu egin zituzten elkarrekin (2018: 79). Burgesek langileria menperatzeko, honen gaineko kontrol soziala areagotzeko, bere desira iraultzaileak apaltzeko eta lanaren esplotazioa antolatzeko instituzio eta gobernu-politikak modernizatu egin zituzten plusbalioa ekoizteko izan zuten gaitasun horrekin.

Diru horrekin langileriaren antolakunde-politiko klasikoetan burgesiaren esku- hartzea posible izan zen; hau argi atzeman daiteke Bigarren Mundu Gerra amaitzean Europan indartsu ageri izan ziren alderdi komunisten eboluzioan adibidez (Claudín; 1977). Bestalde, beraien lanaren izaera subjektiboa dela-eta erreakzio politikoak eragin eta ekoizpen prozesuaren segurtasuna zalantzan jar zitzaketen lan-postuetako soldatak puztuak izan ziren. Honen harira Europan kapital-industrialaren hedapenak garai ezberdinetan zehar industria-langileei inposatu dizkien lan-baldintza eta diru-ordainen, zein langile hauek beren burua babesteko burutu dituzten borrokek burgesei inposatutako lan-hitzarmenen, influentzia politikoa aztertuko duen historiografia bat beharrezkoa zaigu: soldatetan eragindako aldaketek klase-borroka nola baldintzatzen duten uler dezagun. Industria-langileekin jarraituz, nabaria da euren soldaten prezioa ez dutela soilik burgesak ekoizpen prozesuan izan ditzakeen gastuek eta, plusbalioaren ekoizpena areagotu dadin, lanaldiaren zehaztapenerako hartzen dituen neurriek zehaztu. Soldatarena ez da kalkulu ekonomiko soila; industria langileek burutzen duten lanaren izaera subjektiboa (latza eta basatia) zein sektore horrek izan duen tradizio sindikal eta borroka kultura oldarkorra (euren lanaren izaera subjektiboak eraginak) ere euren soldata zehaztu izan duten faktore historikoak dira. Klase borrokak soldatetan nolako eragina duen ulertu eta, lan-indar merkantziaren prezioak ebazpen ekonomikoa izateaz gain, berau baldintzatzen duten lekuan-lekuko ezaugarri sozial eta historikoak dituela idatzi zuen Marxek (Marx/Engels; 2016: 459). Soldata beraz lurralde jakin baten lanaren eta kapitalaren arteko antagonismoaren forma instituzionalizatuetako bat da, klase-interesen talken eta gatazka partikularretan langileria edo burgesia gailendu izanaren ondorio. Alabaina klase borrokaren emaitza edo konkrezioa den hau (Lebowitz; 2005: 149) klase- borrokan bertan eragiteko baliabide zuzena ere bada: lan-indar merkantziaren prezio klase borrokak zehaztu arren, soldatan zuzenean eragindako aldaketek ere klaseen arteko indar- korrelazioa baldintzatu dezakete. Sekuentzia alderantzikatu eta burgesiak lan-indar merkantziaren prezioa bere interes politikoen igorpenerako baliabide bilakatu du. Ohikoenak plusbalio absolutuaren ekoizpenari dagozkion neurriak dira (Marx; 2016b: 241); kasu hauetan burgesek langileriaren lanaldia luzatzea eta soldatak murriztea dute helburu. Hau da diru kantitate beragatik lan gehiago ezarri, soldata murrizketen ostean lanaldi bera mantendu edo zuzenean soldatak murriztu eta lanaldiak luzatu egiten zaizkie beharginei. Langile-aristokraziaren fenomenoa ikertzean ordea burgesek inoiz kontrako prozesura ere erabili izan dutela antzemango dugu, izan ere ongizate-estatuetan soldatak puztu egin izan dituzte langileriaren sumisioa bermatzeko asmoarekin.

“Mendebaldeko” ongizate-estatuen garai historikoa amaitzear da, izan ere plusbalio-ekoizpenaren existentzia-baldintzak aldatu egin dira eta, kapitalaren balorizazioak posible dirudien arren, herrialde hauetako burgesek momentuz ez dute aurreko metaketa zikoan izandako errentagarritasun maila berreskuratu (Arrighi; 2014:

360. Astarita; 2009). Denbora luzez munduan ekoiztu izan den aberastasun osoaren ehuneko berrogeita hamarra inguru ongizate-estatuetako merkatuetan zentralizatu egin da, eta egoera ekonomiko horrek ahalbidetu du langile-aristokraziaren bizimodua. Dena dela bizi-baldintzok noiz arte luzatu daitezkeen galdetu beharrean gaude, estatu hauen nagusitasun politikoa ziurtatu duen egitura ekonomikoa, azken hamarkadetako lanaren esplotazioaren ordenamendu internazionala, nabarmen ahuldu baita; eta beste kapitalista batzuen akumulazio bloke geo-estrategikoek berriz euren posizioak indartu baitituzte. Kapitalismoaren testuinguru berrian “mendebaldeko” herrialdeetako langileriaren belaunaldi gazteak haustura ekonomiko eta politiko baten adierazle garela esan ohi da. Krisiak eragin duen mundu mailako lanaren esplotazioren eta plusbalioaren ekoizpenaren antolaketa berri honekin gure gurasoek ezagutu zuten bizimodua errepikatzea ezinezkoa izango da-eta. Langile-aristokrazia eta burgesia adiskidetu dituen kapitalaren konposiziori bi adierazpen nagusi dituen arrakala antzeman daitek: 1) burgesiaren eta langile-aristokraziaren kolaborazio-politikoaren oinarri ekonomikoa ezegonkortu da, ongizate-estatuak elikatu dituen plusbalioaren baldintza produktiboak desagertzear baitaude (Arrighi; 2014: 466-467); eta 2) langileria eta burgesiaren arteko haustura politikoa, proletariotzak berak langile-aristokraziaren eragile eta antolakunde politikoak ukatzearen poderioz gauzatuko duena. Beraz langileria klasearen baitan ere garatuko da haustura politiko hau. Klase independentziaren auzia (Marx/Engels; 2016: 144-145) ageri zaigu hemen; proletarioek ez baitute azken hamarkadetan beren klase-interesak defendatzeko bitartekorik izan eta kapitalaren eta langileriaren arteko talka langile- aristokraziaren antolakunde politikoek ebatzi izan dute langileria osoarentzat. Klase- borrokaren ebazpen hauek aitzitik aristokraten posizio subjektiboen interesei jarraiki egin dira eta proletalgoaren eginkizun iraultzaileak ez du politikoki antolatzeko aukerarik izan klase ertainak eta burgesiak hitzartutako paktu sozialean. Langile-aristokraten forma politikoek, ordea, haien zentzu historikoa galdu dute ongizate-estatuen premisa ekonomikoak desagertzearekin batera. Hori dela-eta hautu politiko kontserbadore honek komunismoarekin lerrokatzen ez diren langileentzat ere bideragarri izateari utziko dio uneren baten.

Klase-borrokak iraun bitartean kapitalaren harremanarekin dependentzian soilik bermatu zitezkeen langile-aristokraziaren bizimodua eta bere estatu soziala, ondorioz kapitalaren metaketa (eta klase dominazioa bera hortaz) zerbitzatu izan du burgesen klase-interesetara hurbildu den langileriaren estratu bereiztu eta pribilegiatu honek. Hala ere proletariotzaren bat-bateko aukera politiko erreal bakarra iraultzaren antolaketa izan da beti (Lukács; 2013: 176-177), eta proletarizazio prozesuak langile-aristokraziaren oinarri ekonomikoen gainbehera eragin duen garai honekin batera bere klase izaera historikoak unibertsal bihurtu zuen sozialismoaren potentzia langileria gehiengoaren programa politiko bilakatu dezakeen une taktikoa iritsi da. Azpimarratu beharra dago proletarioentzat langile-aristokraziaren hautu indibiduala ez dela sekula aukera erreal bat izan, funtsean proletalgoaren muga politiko bat delako bere gaitasun ekonomikoa; haatik langile-aristokraten antolakunde politikoek kapitalarekin hitzartu zitzaketen abantaila eta bizimodu baketsu zein erosoetatik kanporatuak ageri dira aldez aurretik proletarioak (2013: 161). Kapitalaren eta lanaren arteko harremanari berezkoak zaizkion konfrontazio biolentoak, harreman honek oinarrian duen klase dominazioa gainditu gabe, lasaitu eta orekatzen ahalegindu diren alderdi eta eragile politikoek ez diote inolako mesederik egin langileriaren gehiengoari (Marx/Engels; 2016: 282). Langileriaren klase izaera subjektiboarekin koherentea den programa politiko bakarra prozesu sozialistaren eustazpian dagoen hori da, eta laster ”mendebaldeko” langileek periferian bizi direnen aukera berdinak izango dituzte: pribilegiorik gabeko subordinazioa eta miseria gordina ala soldatapeko lanak eskaintzen digun bizimodua arriskatuz komunisteen antolakundeetan aske izateko beta.

Aipatu berri dugun mundu mailako lanaren esplotazioaren antolaketa berriak langileon bizitzetan aldaketa sakonak eragingo ditu eta langileriaren belaunaldi gazteenek dagoeneko aldaketa hauen gordinkeria sumatu egin genezake. Zentzu honetan gazte- langileon lan- eta bizi-baldintza larriek etorkizunek baldintza-sozial orokorren aurreikuspenak egiteko balio digute. Izan ere gure bizitzen zimentuen ezegonkortasun eta esperientzia eza dela medio burgesiaren ofentsibak soldatapeko erregimenean gauzatuko dituen oinarrizko aldaketak finkatzen eta zabaltzen hasteko sektore sozial egokiena gara. Honenbestez bere balorizazioa posible izan dadin kapitalak garatu dituen lanaren esplotazio- eta ekoizpen-baldintza modernoak inposatzen hasi zaizkio langile gazteen lan-indarrari, eta hein batean horren bitartez azaldu daiteke langile sektore honen asoziazioak, borrokarako batu direnean, langile-aristokraziaren antolakunde eta instituzioekin zerikusirik ez duen forma politikoa hartu izana. Esplotazioaren izaera berria sufritzen lehenak izan dira eta beraz klase borrokaren egokitzapen estrategikoa ere lehenago susmatu dute, hau euren posizio taktikoen logika politikoan adierazten delarik. Hala ere proletarizazioak ez ditu soilik langile gazteak kaltetu, plusbalioaren ekoizpen- baldintza berrituak oraingoz gazteek dituzten soldata eta egoera ekonomikoarekin aditzera eman arren, kapital metaketaren egokitzapen prozesua aspaldi hasi zen eta balorizazioaren ezintasunak abiarazi zuen krisiak langileriaren estratu anitzetan erein zuen hondamendia (Mattick; 2014: 148-149). Gogoratu ditzagun adibidez euren lantegiak atzerrira eraman eta lanik gabe geratu ziren guzti horiek. Halatan ongizate-estatuen bideragarritasuna hautsi duten prozesu ekonomikoen klase-kontzientzia langile gazteek sortu dituzten antolakunde politikoen praktikan adierazi daiteke, baina kapitalaren harremana azken bost hamarkadetan antolatu eta menperatu duten forma politikoak, zein egitura ekonomikoei dagozkien premisa historikoak, arrakalatu dituen proletarizazio prozesu hau “mendebaldeko” langileria osoak bizi eta pairatu du (Marx/Engel; 2016: 99). Izan ere erdialde inperialistako herrialdeetan bizi diren langile guztien bizi-baldintza orokorrak pobretu egin ditzake mundu mailako lanaren esplotazioaren egitura berriak. Proletarizazioa lan-indar merkantziaren debaluazio orokor eta sistematizatua da, hain zuzen ere, bere ezaugarri ekonomiko esanguratsuena langileek merkatuan eskura ditzaketen aberastasun sozial, aktibitate zein zerbitzu, produktu eta baliabideen kantitate murrizketa delarik (Mattick; 2014: 152). Aldaketa kuantitatibo honek, halaber, ondorio kualitatiboak ere baditu: merkatuan eskuratu ditzaketen gauzak ez dira horren boteretsuak. Orain arte esandakoa lan-indarraren erreprodukzioa gauzatzen duten unitate sozialek azken boladan jasan dituzten aldaketa eta moldaketetan ondo atzeman daiteke.

Unitate hauek langileriaren klase-osaerak garaiaren arabera adierazi ditzakeen ezaugarri kultural eta behar biologikoen ekonomia ordenatzen duten harreman instituzionalizatuak dira; lan-indarraren hazkuntza, heziketa eta biziraupenaz arduratzen direnak hain zuzen (Lebowitz; 2005: 252). Instituzio hauetako batzuk burgesiaren kontrolpean daude eta soldatapeko langileak baliatuz zuzenean eragiten dute lan- indarraren erreprodukzioan, hau euren interesen arabera ekoiztuz. Hezkuntza instituzioak eta industria kulturala har ditzakegu adibidetzat. Badira ordea kapitalaren eta diruaren bitartekaritzarik gabe lan-indarraren erreprodukzioaz arduratzen diren beste unitate sozial asko, langileen elkarrenganako dependentziak nahita nahiez sortzen dituen langileen arteko asoziazioak esate baterako. Borondatez sortuak edo langileen bizitzen izaera historikoagatik inposatuak izan daitezke, baina ez du ardura, denek funtzio orokor bera baitute: langileen gaitasun ekonomiko indibidualak batu eta merkatuan eskura ditzaketen baliabideei, euren bizitzen erreprodukziorako baliagarriak izan daitezen, dagokien antolaketa soziala esleitu4. Langileen soldatak behintzat ez du euren biziraupena ziurtatzen, lan-indarraren erreprodukzioak antolaketa ekonomiko eta sozial zabalagoak inplikatzen ditu gehienetan. Langileek irabazi ditzaketen diruaz gain norberaren erreprodukziorako beharrezkoa den laguntza eta arreta pertsonala antolatu eta sistematizatu egiten dute erreprodukzio unitate sozialek. Hemen lan-indarraren erreprodukziorako oinarrizkoak diren eta instituzio hauek administratzen dituzten zenbait faktore izan behar ditugu kontuan: alde batetik euren gaitasun ekonomikoa edo merkantila, hau da unitatea osatzen dutenen soldatak eta estatuak eskaintzen dizkien diru- laguntza eta zerbitzu publikoak, eta bestetik lan-postutik kanpo norbera eta bere ingurukoak bizi daitezen langilek burutzen dituzten gainontzeko aktibitateak. Orobat esan beharra dago lan-indarraren erreprodukziorako kapitalak langileriaren esku uzten duen merkantzia kantitatea (soldata5) eta langileek bizitzatzat duten egoera soziala gutxitan mugatu izan direla lan-indarraren erreprodukzio biologiko soilera. Langileria klasearen erreprodukzioa lekuan lekuko ezaugarri kultural, politiko eta historikoek baldintzatu eta zehaztu egiten dute: klase borrokaren emaitza dira (2005: 231). Beraz erreprodukzio unitate sozial sinpleenak batzen duen soldaten kopurua eta bertan burutzen diren aktibitateen izaera aldakorrak dira.

Langileek merkatuan erosi ditzaketen merkantzien artean aktibitate edo “lan” jakin batzuk ere badaude, kontratazioz berenganatu eta zerbitzu izendatzen diren horiek (Marx; 2009: 87). Baina garai zehatzetan, lan-indarraren prezioa debaluatu den edo aurreztu nahi izaten den uneetan esate baterako, ezin dituzte zerbitzu horiek diru truke lortu eta langileek beraiek hartu behar izaten dute erosi nahi zuten “lana” gauzatzeko ardura. Gaur egun, adibidez, ile-apaindegiari uko egin diote askok diru apur bat aurrezteko asmoarekin. Etxe-bizitza eraikinen garbiketa ere adibidetzat jar dezakegu: langile-aristokrazia bizi den eraikinetan kuotak ordaindu izan dituzte auzokideek soldatapeko langile bat kontratatu eta honek, diru-ordainaren truke, eskaileren zein atariko garbiketen ardura har zetzan; baina zenbait lekutan proletarizazioak eraikinaren garbiketa lanak urteetan zehar zerbitzu hori erosi duen langile komunitate beraren esku utzi ditu, berriz ere. Soldatapeko lana edo lanaren esplotazioaren itxurakeria (2016a: 236), horrenbestez, burgesiarekiko oposizioan langileria osoaren bizimodua eragin eta zedarritzen duen erlazio sozial orokorra da. Soldatak aitzitik, izan langileari bere lan- indar merkantzia erostean burgesak zuzenean ordaintzen dion diru kantitate hori edo langileek zeharka estatutik jaso dezaketen diru-laguntza, langileria klase osoaren erreprodukzio prozesuetan langileak eta jabetza pribatu kapitalista elkarrekin batzen ditu merkatuan eta kapitala langileriaren baitan metabolizatu egiten du. Langileriak merkatuan eskuratu dezakeen botere sozial (1971: 86) orokorraren magnitudea adierazte du soldatak eta, era berean, erosiak izan daitezkeen aktibitate edo “lanen” berri ematen digu. Langileek garaiaren arabera, sasoian sasoi duten soldata errealaren poderioz, lanaren produktu eta zerbitzu ezberdinak erosi ditzakete merkatuan; halaber, une jakin horietan erosi ezin ditzaketen eta beraiek burutu behar dituzten lanak ere euren lan-indarraren eta bizitzen erreprodukziorako beharrezkoak dira. Lan-indarraren erreprodukziorako beharrezkoak diren, baina langileek ordaindu ezin ditzaketen lanen gauzapenerako antolaketa eredu eta lan-banaketa propioak garatzen ditu langileriak; eginkizun horietako batzuk norbanakoei eta beste batzuk harreman egonkor eta zabalagoei esleituz. Langileriaren gaitasun ekonomiko ezberdinek errotik baldintzatzen dute bere estratu anitzen borondate politikoa. Horregatik programa iraultzaile batek betik izan beha du presente du presente honako hau, klase-kontzientziaren aukera efektiboa (Lukács; 2013: 150): alde batetik, zer-nolako erosketa gaitasuna duen langile estratu bakoitzak eta zer nolako subjektibitateak garatu daitezkeen horien artean, hau da lan-indarraren erreprodukziorako (izan lan-indar aktiboa, lan-gabezian dagoena edo etorkizunerako prestatu beharrekoa) kapitalak langileriaren eskutan jarri duen diru kopurua eta honen eragina klase borrokan; eta bestetik, zeintzuk diren langileek soldataren bitartekaritzarik gabe burutzen dituzten “lanak”. Azken hauek proletariotzaren antolaketa politikorako baliabide izan daitezke-eta.

Familia proletarioak aurretik aipatu ditugun lan-indarraren erreprodukziorako unitate sozialen artean kokatu ditzakegu. Orohar langile belaunaldi berriak kapitalistentzako etorkizuneko lan-indar produktibo legez ekoizten dituzten instituzioak dira, langileen hazkuntza biologikoaren ardura euren gain hartzen dutenak (Marx/Engels; 2016: 441). Familia proletarioak har genitzake adibidetzat, izan ere, langile aristokratek sarritan soldatapeko beharginak kontratatzen dituzte heziketa eginkizunetarako, edo jaiotzetik haurtzaindegira bidal ditzakete umeak. Langile aristokraten bizitzetan merkatuak familia instituzioaren erreprodukzio-funtzio gehienak ordezkatu ditu, helduek lor ditzaketen soldata orokorrarekiko menpekotasunera mugatzen delarik langile jaioberri eta nerabeek familiarekin duten lotura. Soldatak lan-indarraren erreprodukzioan eragin zuzena dauka eta bere araberako bizimodu ezberdinak egonkortzen ditu langilerian, bere baitan lan-indarraren erreprodukziorako antolakuntza eredu ezberdinak garatzen direlarik. Langile gazteen lan-indar merkantziaren debaluazioa behatzean, hau da euren lan-baldintza tamalgarriei erreparatu ezkero, antzeman egin daiteke proletarizazioak familiaren erreprodukzio-funtzioetan gazteen egoera ekonomikoaren bitartez duen eragina. Euren lanaren debaluazioak, esate baterako, familiako gainontzeko kideen lanaren debaluazioa eragiten du zeharka (Marx; 2016a: 230-231). Aipatu izan dugu gaur egun gazteek izaten dituzten lan-baldintza proletarizatuak etorkizun hurbil baten “mendebaldeko” langileriaren lan-baldintza orokorrak bilakatu daitezkela; hala ere, oraingoz gazte langile askok euren eguneroko bizimoduan aldaketa zorrotzik egin gabe lanaldi partzialak eta soldata baxuak onar ditzakete erreprodukzio unitate zabaletan bizi baitira, eta ondorioz euren egoera ekonomikoak, bai beraien eta bai gainontzeko langileen, etorkizuneko bizi-baldintza eta bizi-kalitatearen bataz bestekoa iragarri arren, gazte hauek ez dituzte etorkizunean bizirik iraun dezaten nahitaezkoak izango zaizkien soldatapeko langilearen kultura orokorra eta kontsumo-ohiturak garatu oraindik (Marx/Engels; 2016: 87). Erreprodukzio unitateek taldeko kide baten lan-indarraren debaluazio zuzena dela-medio zeharkako debaluazioa bizi duten heinean proletarizazioaren eraginak ez dira epe laburrean horren nabariak izaten eta hau prozesu geldoa izaki langileek ez dute zertan aldaketa kultural drastikorik igarri. Gazte langileen lan-baldintza proletarizatuek, halaber, ez dute norberaren erreprodukziorako nahikoa den soldatarik ahalbidetzen; baldintza ekonomiko horietan beraz langile bakarra ezin daiteke erreprodukzio unitate osa izan. Egun unibertsitateko ikasketak bukatu eta buelta gatoz gurasoen etxera. Zenbait gaztek lan pauperizatuak onar ditzakete, eta bitartean ikasketak burutu edo potrojorran egon, beraien gurasoek dirua aurrezteko aukera izan baitzuten; ondorioz ez daukate etxebizitzaz arduratu beharrik adibidez eta, orohar, ez dituzte soldata baxu horiek eskaintzen dizkieten baliabide ekonomikoetara egokitzen euren bizimoduak. Familia eta gazte proletarioek ordea momentuan momentuko soldataz gain ez dute beste baliabide ekonomikorik, bat-batekotasun horretan datza euren bizitza. Aristotelesek Poetika eskuizkribuan anagnorisis izendatu zuen gure bizitzen alderdi dramatikoaz kontziente egiten gaituen gertakizuna; une horrek ere elkarrengandik bereizten ditu proletarioak eta aristokratak, izan ere langile aristokratak ordura arte ezagutuko ez duten errealitate mingarriaren jakituen egingo dituen gertaeraren zain daude euren paradisu artifizialetan; itsututa, esperoan daudela jakin gabe.

Hein batean Europaren dekadentziaz mintzo gara, bere lehiakortasun ekonomikoaren balizko ahuleziaz. Izan ere, proletarizazioa ikertzean, kapitalaren akumulazio-bloke transnazionaletan Europako estatuek izan dezaketen posizio politiko subordinatuak (Dobb; 1973: 455) etorkizunean bertako langileen bizimoduari nola eragingo dien, eta klase borrokari dagokionez zein abagune berri bizi genezaken, galdetu beharrean gaude. Kapitalaren mundu mailako balorizazio prozesuetan estatu europarrek kapitalista partikular eta bloke jakinen akumulazio interesak defendatzen dituzte (Arrighi, Hopkins, Wallerstein; 2012: 111) eta bakoitzak menperatzen duen lurraldetasunean, plusbalioaren ekoizpena bideragarria izan dadin beharrezkoa den lan-indarra hornituz, esate baterako, edo langileen mugikortasun geografikoa ahalbidetuz zein ezegonkortze maniobra eta esku-hartze militarren bitartez, burgesen diktaduraren alde egiten dute klase-borroka. Plusbalioaren ekoizpena ez da momentu ekonomiko soila, ezta merkantzia kategoria ekonomiko hutsa ere; legalitate burgesa, klase dominazioaren instituzionalizazio politikoa zein lanaren eta kapitalaren arteko interes antagonikoen talka ere bi hauen osaeraren oinarrian daude (Tronti; 2001: 56). Haatik lan-indarraren debaluazioarekin batera bere bizimoduaren fundamentuak desagerraraziko dituen ofentsiba kulturala pairatu dezake langileriak. Klase borrokak zehaztuko du ofentsiba kapitalistaren ahalmen erasokorra eta gure etorkizuneko bizimoduak ikusteke daude oraindik, alabaina langileen gaitasun ekonomikoari dagokionez, eta proletarizazioaren ondorioz, bi joera orokor antzeman daitezke dagoeneko merkatuan: alde batetik, norbanakoen erosketa eta diru-metaketa aukeren murriztapena; eta bestetik, lan- indarraren erreprodukziorako unitate minimoen zabalpena, hauek osatzen dituzten kideen kopurua handitzen delarik. Plusbalioaren ekoizpen-prozesuaren mundu mailako lan- banaketak, eta kapitalista partikularren arteko konpetentziak zein akumulazio prozesu ezberdinek, lurralde bakoitzeko langileek merkatuaren bitartez zabaldu eta banatzen den aberastasun sozial orokorrarekiko nola jokatu dezaketen zehaztu egiten du (Dussel; 2016: 371); euren lan-indar merkantzia saltzean jaso dezaketen diru-ordaina, hortaz, langileriak sortu eta burgesek jabetu duten botere orokorraren baitan langileek izan dezaketen indar ekonomikoa da (Marx; 2009: 104): merkatuan merkantzia multzo erraldoi lez adierazten den kapitalaren eta lanaren botere korrelazioan langile partikularrek duten kokapen subjektiboa hain zuzen ere. Lanaren esplotazioaren mundu mailako antolakuntza aldatzean aipatu berri dugun langileen gaitasun ekonomikoa ere moldatu egiten da; hala ere ekoizpen kondizio berriek inposatzen duten lan-indarraren erreprodukzio formen eta langileen bizimoduaren egokitzapen prozesua ez da era mekanikoan egikaritzen. Langileek kultura orokor zehatz batetik abiarazten dituzte aldaketa hauek eta euren ohituren zein bizikidetzaren adierazpen publikoan antzeman ezin daitezkeen neurriak aplikatzen dituzte lehendabizi: todo queda en familia. Proletarizazioak gure bizimoduak mehatxatu egin ditu, aitzitik batzuentzat, langile-aristokraten seme alabentzat batik bat, ez da horren kezkagarria; euren kontsumo-ohiturak eta aisialdi ereduak oraindik mantentzen baitituzte guraso edo senideen aurrezkiak baliatuz. Orokorrean langileak gure gaitasun baliabide ekonomikoak beste langile batzuen soldata eta arretarekin ziurtatzen ahalegintzen gara.

Proletarizazioa langileria osoaren baliabide ekonomikoak pobretu egiten dituen eta langile denen lan-indarra debaluatzen duen prozesu orokorra izan arren, badirudi epe motzean behintzat “mendebaldeko” langile-aristokrazia, bere gaitasun ekonomiko handia dela medio gainontzeko langileengandik bereizi egiten den klase estratua, ez dela bere osotasunean desagertuko. Bitartean berebiziko garrantzi politikoa duten aldaketa kuantitatibo eta kualitatiboak nabarmentzen hasiak dira “mendebaldeko” langile- aristokrazian. Termino absolututan, adibidez, honako hauek: a) aldaketa kuantitatiboa, langile-aristokraten kopurua murrizten ari da; eta b) beren erreprodukzio unitateen egokitzapen kulturala. Proletalgoarekin eta langileriaren bestelako sektoreekin alderatu ezkero, ostera, beste ezberdintasun erlatibo hauek azpimarratu behar dira: c) hirietan esate baterako langile txiroenen eta aristokraten arteko proportzioa handitu egin da proletalgoaren aldetik, lan-indarraren migrazio eta debaluazioak eraginda; eta d) langile- aristokrata askoren posizio ekonomiko pribilegiatua ahuldu egin da, euren bizimoduaren eta proletalgoen bizitzen arteko ezberdintasuna lausotu egin delarik. Proletarizazioaren patologia hau atzera bueltarik ez duen kapitalaren joera historikoa ote den argitu behar du proletariotzak, indar-komunistek kapitalaren balorizazioa laguntzen dituzten prozesu historikoetan burgesiaren interesak identifikatu eta erasotu behar dituzte-eta6. Dena dela, langile-aristokraziaren premisa politikoek iraun artean, klase-ertainaren fenomenoak proletalgoaren antolakuntza saiakerak oztopatuko ditu (Marx/Engels; 2016: 394); beraien desira pertsonalak defendatuz burgesiaren klase-interesak langileriaren programa politiko bihurtzen baitituzte langile-aristokratek. Gramscik kartzelan idatzitako Il Moderno Principe testuan lanaren-esplotazioaren antolaketa berriek, edo aldaketa ekonomiko orokorrek, langileriaren antolakuntza politikoengan izan zitzaketen eraginei erreparatu zien (Gramsci; 2018: 30). Eginkizun horretan hausnarketa politikoarentzat oinarrizkoa den kategoria bat aztertu zuen: denbora. Zehazki, plusbalioaren ekoizpenean aldaketak ematen diren unetik, aldaketa hauek eragin duten klase-borrokaren eszenatoki berriarekin koherenteak diren antolakuntza eredu eta programa politikoak garatu arte igaro daitekeen denbora tartean jarri zuen arreta. Izan ere kapitalaren mundu mailako balorizazio prozesuek jasaten dituzten aldaketak ez dira berehalakoan adierazten eta, bestalde, lanaren gaineko esplotazioaren baldintza modernizatuei dagozkien klase-interesen kontzientzia politikoa prozesu historiko luzeen emaitza izan ohi da. Eta hare luzeagoa izan daiteke klase-borrokaren koiuntura berri horretan efektiboak izan daitezkeen baliabide politikoen antolaketa prozesua (2018: 36). Anakronismo horretan suertatzen da bere aburuz politikaren autonomia: euren ahalaren oinarrian zegoen plusbalio tasa edo soldatarekin batera zenbait antolakuntza eredu, alderdi edo instituzioren eragin esparru erreala galdu egiten da, baina hauek, kapitalaren harremanak adierazten duen joera historikoa besteratu ezin badute ere, klase-borroka baldintzatzeko ahalmena izan zezaketen oraindik.

Orohar ezinezkoak diren berehalako helburuak zehazten dituzten programa politikoek izan zezaketen eragin sozialaren bitartez antzeman dezakegu Gramscik definitu nahi izan zuen politikaren dimentsio hau7. Programa hauek zuzentzen dituzten subjektu politikoek, bestalde, ezin izaten dute euren helburua egikaritu; sinetsi eta aldarrikatu arren ezin gauzatu daitezkeen jo-mugak baitira zehazten dituztenak. Hauen ekintzek beraien jatorrizko intentzioekin aurreikusi ezin zitzaketen bestelako ondorio eta emaitzak sortzen dituztenez langile-aristokraziaren aktibitate politikoa baloratzeko orduan, adibidez, lanaren eta kapitalaren arteko gatazka politikoa era inkontzientean burgesiaren mesedetara baldintzatu dezaketela presente izatea ezinbestekoa da. Marxek laburbildu zuen: ez dakite, baina egin, egiten dute (Marx; 2016a: 105). Fundamentu ekonomikorik gabe geratu eta beren helburu aitortuekiko indargabeak diren subjektu politikoek, jakitun izan barik, nagusi den arrazionaltasun politikoaren logika eta eginkizunak eurenganatu egiten dituzte (Lukács; 2013: 180). Hala langile-aristokraten programa politikoak irrazionalak izan ohi dira, baina kapitalaren balorizazioari lagungarriak zaizkio eta lanaren esplotazioaz bizi diren burgesen asmoekiko arrazionala da oso aristokraten izaera anti-politikoa. Izan ere klase ertainaren egituraketa sozio- ekonomikoak berekoi bilakatzen ditu langile-aristokrata gehienak eta, era berean, estratu horietan dominazio burgesaren aurkako politika antagonisten sorrera eragozten du: bizirik iraun ezkero kapitala defendatzen baitute. Langile-aristokratek gainontzeko langile edo proletarioekiko duten jarrera horrela laburbildu daiteke: soldatapeko langileen artean erosoen bizi dira hauek eta euren pribilegioak ziurtatu eta garatu nahi dituzte, proletarioek jasaten duten zorigaitzaren mehatxu pean baitaude beti. Burgesiarekin duen harremana aitzitik horrelakoa da: lan-postuetako klase-interesen talkari dagokionez burgesenganako subordinazio osoa eta, horrez gain, kapitalaren ongizatea bere betebehartzat hartzen du langile-aristokraziak. Langile-aristokrata gehienek isilpeko ametsa dute-eta, burges txiki izan nahia; ondorioz ondare zabalak pilatzea posible egiten duten alderdi eta politikekin lerrokatzen dira eta kapitalistekin batera jabetza pribatuaren printzipio eta fundamentuak defendatzen dituzte; euren eginkizun nagusia langileriaren baitan plusbalioaren ekoizpenari komeni zaizkion baldintza-sozialen antolakuntza izan delarik.

Botere politikoa, 1848. urtean Marxek Alderdi Komunistaren Manifestuan idatzitako definizioaren arabera, klase batek bestea menperatzeko duen botere antolatuan datza (Marx/Engels; 2016: 43). Halatan langileria klasearen subjektibitatea bi botere politiko ezberdinen, eta hauen antolakuntza eredu eta instituzioen, gorpuzkera kontraesankorra da: opresioen eta indar emantzipatzaileen arteko lehia, kapitalismoa ala komunismoa, gaizkia eta ongiaren guda modernoa alegia. Barne urradura honetan burgesiaren menpekotasuna ekoizten eta inposatzen duten soldatapeko morroiek (funtzionarioek esate baterako) proletalgoaren ongizatea mugatu egiten dute eta, gainera, iraultza komunista antolatzen dabiltzan militanteak zigortu eta zapaltzen dituzte, desagerrarazi arte. Lanaren eta kapitalaren arteko klase borroka bi botere politiko sustantiboren gatazka izan arren, une historiko bakoitzean egituraketa sozial ezberdina izan ohi du. Hemen, burgesiaren botere politikoa nola egikaritzen den ulertarazteko, behin behineko etsaitasunaren teoria ahul bat erabili beharrean gaude eta horretarako klase-etsai eta etsai-politiko kategorien bitartez mugarritu daitezkeen langile eta burgesen arteko harremanei erreparatuko diegu. Alde batetik burgesia dugu, langileriaren lana esplotatuz bizi den klase soziala; burgesia langileriaren klase-etsai estrukturala dela esan genezake (Marx; 2009: 35), bere fundamentu historikoak soldatapeko esklabutzan adierazten baitira eta langileriak pairatzen dituen opresioek bertan aurkitzen baitute euren printzipio amankomuna. Klase-etsaia iraultzaren objektua da, lanaren emantzipazio gauzatu dadin erasotu eta suntsitu beharreko hori hain zuzen ere. Alabaina aurretik aipatu dugun kapitalaren despotismoak soldatapeko lanaren eta kapitalaren arteko egiturazko antagonismotik haratago hedatzen du klaseen etsaitasuna; izan ere prozesu tragiko honek dominazioaren fundamentuen erreprodukzioa langileek beraiek burututako aktibitate sozial bihurtzen du. Ondorioz langileen eta burgesen arteko klase-etsaitasuna barne gatazka legez bere egiten du langileriak. Klase-etsaia hortaz dominazio kapitalistaren eta bere baldintza historikoen subjektibazioa da, hots klase-borrokaren fundamentuak eta lanaren esplotazioaz bizi den klase soziala, eta langileriaren estai-politikoa aitzitik klase- etsaiak (dominazioaren subjektuak) garai eta une historiko bakoitzean bere boterea egikaritzeko garatzen duen antolaketa eredu sozial zehatza da. Jabetza pribatu burgesa, hau da langileen desjabetze sistematizatua, eta dominazioaren alderdi juridiko hori eraberritzen duen diktadura ekonomikoa bermatu daitezen lanaren dibisio sozial determinatuak sortzen ditu kapitalak, garai zehatzetan langileriaren estratu batzuk inplikazio zuzenarekin politika burgesaren agente bilakatzen dituelarik. Rosa Luxemburgek zioen klase dominazioan oinarritutako gizarteek ekoizpen indarren garapen maila jakin bat inplikatzen dutela (Luxemburgo; 2015: 188), ekoizle zuzenek eurak bizitzeko behar dituzten baliabideak ekoizteaz gain lan egiten ez duten, eta ekoizpen bitartekoen jabeak diren, horien bizi-baliabideak ere ekoizten dituzte-eta. Etsai- politikoaren beharra edo klase dominazioaren antolaketa politikoa bera pluslan denbora (2015: 189/Marx; 1971: 266) izendatu izan den ekoizpen gaitasun honen zehaztapen demografikoan azaleratzen da, aberastasun sozial orokorra ekoizten duten horiek munduko biztanleriaren gehiengoa baitira eta lanaren esplotazioaz bizi direnak ordea gutxi batzuk besterik ez8. Beraien klase-etsaiaren interesak barneratu eta defendatzen dituzten horiek osatzen dute zapalduon etsai-politikoaren lehen lerroa, ete egitasmo iraultzaileek euren eragozpenarekin egiten dute topo lehenbizik.

Langileriaren klase osakerak berekin ditu burgesiaren botere politikoaren antolakuntza ereduak eta hauen funtzionamenduak. Honenbestez etsai-politikoa kapitalaren balorizazioari dagokion lanaren esplotazioa eta bere ordena finkatu zein jabetza pribatuaren klase fundamentuak leheneratu egiten dituen subjektibitate burgesaren hedapena da; alegia burgesiaren izaera historikoaren premiekin bat datorren arrazionaltasun politikoa langileriaren subjektibitate bilakatua, bere klasearen muga materialak gainditu dituelarik. Bestalde, bada etsai-politikoa osatzen duten langile estratu, lan esparru zein lanbide, instituzio eta prozesu politikoak gainontzekoengandik bereizten dituen ezaugarri taktiko bat: proletalgoaren indar iraultzaileekiko erreakzionarioak dira eta hauei zuzenean aurre egiten diete (Lenin; 1961: 699). Programa taktiko komunista pentsatuko duen organo proletarioak langileriaren klase-konposizioari erreparatu behar dio gauzatu nahi duten ekimena osa dezaketen baliabide sozialak antzeman ditzan, baina era berean langileriaren sektore erreakzionarioek berena egin duten logika politikoa aztertzea komeni da, horrela langileriaren baitan ageri diren joera burgesak borrokatzeko elementu negatiboak jaso daitezke-eta. Egin behar ez den hori ez dadin egin, hau baita Zer egin? galderari erantzuteko aukera zuhurrena gehienetan. Menpekotasun burgesak langileriaren subordinazioa bermatu dezan lanaren esplotazioa zer nolako bizimodu eta instituzio ereduren bitartez antolatzen duen pentsatzea ezinbestekoa zaigu langileriaren izaera subjektiboan aurki daitezkeen elementu politikoak sailkatzerako orduan (Panzieri; 1961). Izan ere lan banaketa sozial kapitalistak eta honen antolaketa instituzionalak, hau da mundu mailako plusbalioaren ekoizpen prozesuaren kokapen territorial eta kudeaketa formalak, langileen soldatapeko ardura bilakatzen dute dominazio burgesaren egonkortze prozesua: soldatapeko erregimena dominazioaren mekanismo soziala da, horregatik berau funtzionarazi, babestu eta betikotzen duten lan-postu, instituzio eta antolaketa eredu politikoak identifikatu beharrean gaude, honen arrazionaltasun politikoa ulertu eta deuseztatzeko (Tronti; 2001: 87).

Honen harira esan genezake azken sei hamarkadaz langile aristokraziak bilakatu izan duela hegemoniko “mendebaldeko” ongizate-estatuetako langile estratu ezberdinen artean, eta orohar langileriaren baitan, burgesiaren programa politikoa. Bada aurrerakuntza teknologiko eta instituzionalen poderioz mundu mailako plusbalio erlatiboaren9 ekoizpena baldintzatu dezakeen abangoardia tekniko eta intelektuala10 ordezkatzen duen lan-indarra ondo ordaindu izan du burgesiak bere leialtasuna ziurtatzeko asmoz; halaber lan-indar kualifikatu horren eraketarako burutu behar diren ekoizpen prozesuetako langile gehienek ere soldata altuak jaso izan dituzte, eta jasotzen dituzte oraindik. Langile-aristokrazia fenomenoaren arrazoi politiko nagusietako bat da hau, izan ere burgesiak bere botere politikoaren fundamentuarengan eragin zuzena duten ekoizpen esparruen kontrola eta bertan lan egiten dutenen subordinazioa ziurtatu behar ditu. Hortaz burgesen bizimodua desiratzen duten eta aldaketa iraultzaileen beldur diren langileen adierazpen ekonomikoa da langile-aristokrazia, beraien lan-indar kualifikatua eta ekoizpen baliabideak direla-eta kapitalaren balorizazioa errotik baldintzatu dezaketen herrialdetan domeinu kapitalistaren eginkizun politikoa bere egin duen jendartearen printzipioa hain zuzen ere. Kapitalismoaren ongizatea euren ardura bilakatu duten heinean aristokratek eurek bultzatuko dute proletarizazioaren koiuntura berri honetan plusbalioaren ekoizpena eraginkorra izan dadin beharrezkoak diren baldintza-sozialak egonkortuko dituen prozesu politikoa. Proletarioek klase-ertainaren antolakundeekiko autonomia politikoa (Marx/Engels: 2016: 398) garatu ezean aristokratek bakarrik artikulatuko du langileria, burgesiari egun komeni zaion forma politikoaren arabera gainera. Hemen Marxek langileak eta burgesak antzinaroko erregimenaren azken alderdien kontra borrokatu zireneko garaiaz Manifestuan idatzi zuen hura gogoratu dezakegu: egoera honetan langileen bateratze masiboa ez da euren batasunaren ondorio, burgesiak sortu eta batzen ditu bere interesen arabera eta, ondorioz, garapen maila honetan langileek ez dituzte euren etsaiak borrokatzen, euren etsaien etsai direnak baizik (2016: 30). Esan berri dugun modura proletariotzak antolakunde politiko propiorik ez badu proletariazio prozesuak eragin ditzakeen lanaren eta kapitalaren arteko talka guztiak langile-aristokraziak kudeatuko ditu eta honenbestez lanaren esplotazioak izango duen klase-osaketa berriaren zehaztapenean ez du inork proletarioen interesik babestuko. Aristokratek kontraesan politiko berrietan esku-hartu bezain pronto iraultzak gaurkotasuna gal lezake, klase-borrokari kapitalista partikularren arteko konpetentzia- lehia gainjarri egiten baitzaio.

Sumindu arren langile-aristokraziak legalitatearen mugak errespetatuz egiten du lan, eta langileriak ekoizpen prozesu orokorrean duen posizio subjektiboarekin koherentea izan daitekeen ekimen politikoa pentsatzea ere galarazi egiten du. Alegia, aristokraten aktibitate politikoa klase-kontzientziaren ezeztapena da (Lukács; 2013: 172). Beraien praktikak bestalde zuzenbide burgesaren eta honen printzipioen asimilazioa dakar, praktika hori burutzen dutenek errealitatearen klase-osaketaren egia esperimentatu eta ezagutu dezaten beharrezkoa den elementu iraultzailea ez baita ageri klase-ertainaren programa politikoetan: plusbalioaren ideia. Soldata gainditu ezin daitekeen injustizia baten emaitza gisa azalarazten du ekonomia politikoaren kritikak eta ondorioz lanaren eta kapitalaren arteko botere harreman antagonikoa suntsitzea helburu duen logikaren arabera antolatzen dute euren burua indar iraultzaileek (Marx; 1987: 120), langile- aristokratek berriz soldatapeko erregimenaren klase izaera ukatu egiten dute euren ekintzekin eta, haatik, ez dakite langileriaren une historikori dagokion konpromezu iraultzailea zertan datzan. Lanaren esplotazioa dominazio sistema lez: ekoizpen-indarren garapen modernoa sortarazi duten ekoizpen-harremanek, eta hauen botere sozialak, balorearen legeari erantzuten dion lanaren esplotazioa dute fundamentu politikotzat (Heinrich; 2008: 103-107); bada langileon zapalkuntzaz elikatzen diren gizarte honen printzipioetan sostengatzen ditu langile aristokraziak bere programa politikoaren azken helburuak, behintzat hori adierazten digute beraien ekintzek, eta horren poderioz jabetza pribatua zilegiztatu egiten du. Formazio sozial kapitalistaren oinarrian dagoen bidegabekeriak ostera klase borrokaren arrazionaltasun etikoaren berri ematen digu eta honi erreparatu ezean arbitrario eta oportunista bilakatu daiteke ekimen politikoaren eustazpian dagoen etsaitasun harremana. Langileriaren memoria politikoa hondatu besterik egiten ez duten aristokraten ekimenen aurrean keinu leninista sendo bat egin beharra dauka proletariotzak: ongizate-estatuetako gizarteetan klase-borrokaren konposizio politikoa zein den aztertu eta burgesiak (klase-etsaiak) bere domeinua egikaritzeko garatu duen forma sozialaren zentsua identifikatu. Lanaren eta kapitalaren arteko antagonismoa da klase borroka antolatzen duen pentsamendu arrazionalaren abiapuntua (Marx; 1987: 81) eta, horrez gain, antagonismo horrek, bere posizio subjektiboa dela medio, etika iraultzaile latza inposatzen dio langileriari. Lanaren emantzipazioaren aldeko borrokan termino humanistak ez dira zuzenak, bere potentzia komunistaren arabera epaitu behar ditugu langileok bai pertsonak eta bai prozesu politikoak. Beste edozer erreparatzea hipokrita da. Esate baterako aristokratak dira pragmatikoak izan nahi eta blokeo egoera hau eragin dutenak; esperientziaren gorazarre egiten duten norbanako akritiko eta irrazionalak; burgesen logika politikoaren morroi eta komunistak eta zuhurtzia euren espazioetatik kanporatzen dituzte.

Koiuntura honetan langile-aristokratek moldatuko dute politikoki “mendebaldeko” herrialdeetako lan-indarra mundu mailako plusbalioaren ekoizpen- baldintza berrien beharretara; ondorioz langileriaren konstituzio subjektiboan lanaren esplotazioari dagozkion interes burgesek hartuko duten izaera soziala zein den argitu beharrean gaude. Bestalde, langileriaren subjektibitatean langile-aristokraziaren laguntzaz burgesiak duen eragin eta boterearekiko jarrera taktiko hau ziurtatu behar dugu komunistok: plusbalioaren ekoizpena eta bere programa politikoa langileriaren forma sozial orokor bilakatu dezakeen giza-baliabide burgesak, hau da langile-aristokraziak, dominazioaren printzipioarekiko izan ditzakeen adiskidetze jarrerak eragotziko dituzten lan-ildo antagonistak egikaritu11. Burgesiak bere desagerpenaren armak sortzen dituela idatzi zuen Marxek (Marx/Engels; 2016: 28), baina horrela izan dadin langileriak berak hartu behar ditu eskutan arma horiek (Panzieri; 1961): langileok botere-burgesaren ahuleziei, hau da lanaren esplotazio kapitalistak eta honen forma politikoek euren burua egonkortu eta eguneratzeko ahaleginetan aurkitzen dituzten zailtasun eta aurkaritzei, estrategia komunistaren baitan izaera positiboa esleitzean langileriaren klase antagonismo erreala hezurmamitu genezake. Kapitalaren balorizazio ezintasun legez adierazten den krisitik hortaz, botere-burgesaren alderdi negatibotik alegia, ekimen iraultzailea ahalbidetu dezaketen elementu taktikoak lor ditzake proletariotzak. Krisiaren teoriak ekoizpen eredu kapitalistaren muga historikoaren egitura izan du ikerketa objektutzat (Grossmann; 1979), horrez gain komunistok gure borondate iraultzailearen objektibotasuna dakusagu krisian (1979: xxi) eta formazio sozial kapitalistaren ahulezia orotan proletalgoaren diktaduraren aukera. Izan ere estrategia iraultzailea diseinatu eta burutzen dutenek, kapitalaren harremanak sortutako klase-borroka modernoa pentsatzerako orduan, ez diete soilik klaserik gabeko gizartea posible egin eta iraultza komunistaren arrakasta ziurtatu dezaketen indar produktiboen aurrerapen teknikoei erreparatzen. Gizarteen dekadentziaren historia izendatu dezakegun hori egikaritzeko premia baitu proletariotzak soldatapeko erregimenean: formazio sozial batean gailendua ageri den boterearen subjektuak oharkabetu ditzakeen guneetan gizarte horren desagerpena, eta hurrengoaren agerpena, eragingo duten bizimodu berrien baterakuntza. Lanaren esplotazioaren krisiak eta plusbalioaren ekoizpen baldintzen birmoldaketak, orohar dominazio burgesaren printzipioaren egokitzapenak, utz ditzakeen aztarna material eta objektiboak hartu ohi ditugu aintzat posibilitate taktikoak hausnartzean; halatan krisiak, eta honen eraginez langileriaren erresistentziak ere, sortzen dituen testuinguru objektibo eta baliabide materialak kapitalaren balorizazio egituran esku hartzeko, hau da plusbalioaren ekoizpena eta bere gauzapena eragozteko, bitarteko negatiboak bihurtu daitezke antolakunde iraultzaileen agindu pean (Marx; 1987: 121). Lantegiak atzerrira eraman eta, esate baterako, hutsik geratu diren pabilioiak birjabetu ditzakete proletarioek; edo balizko desindustrializazioaren arrazoiz hustuak izan diren langile-auzoak, etxebizitza partikularrak eta edonolako eraikin hutsak militante komunisten aktibitatea sostengatzeko okupatu daitezke, etxebizitza eta bestelako oinarrizko beharrak ziurtatuak izan ditzaten adibidez. Kapitalak bere ekoizpen prozesutik kanpo utzi dituen produkzio-bide zaharkituek osatzen dute, klase-borrokaren defentsa- fase honetan (Lukács; 2014: 87), estrategia komunistaren aukera logiko zein historikoa.

1859. urtean Marxek argitaratutako Ekonomia politikoaren kritikari ekarpena (Zur Kritik der Politischen Ökonomie) liburuaren prologo ezagunean iraultzen ordena dialektikoaren azalpen abstraktu bat irakur genezake; hau ekoizpen indar sozialen eta ekoizpen harremanen arteko gatazka lez aurkeztu zuen autoreak. Bertan borondate iraultzailearen bideragarritasunari beharrezkoak zaizkion baldintza historiko-materialen nolakotasunaren berri ematen digu Marxek eta, era berea, borondate horren gauzapena ekoizpen eredu berri baten garapen historikoa dela adierazten digu: “Una formación social jamás perece hasta tanto no se hayan desarrollado todas las fuerzas para las cuales resulta ampliamente suficiente, y jamás ocupan su lugar relaciones de producción nuevas y superiores antes de que las condiciones de existencia de las mismas no hayan sido incubadas en el seno de la propia antigua sociedad” (Marx; 2008: 5). Zentzu honetan ekoizpen indar sozialen eta ekoizpen harremanen kontraesan iraultzailea ekoizpen indar iraultzaileen, hau da kapitalismoan ekoiztutako botere sozialaren antolaketa politiko proletarioaren, eta ekoizpen harreman kapitalisten, soldatapeko erregimena eta plusbalioaren ekoizpenaren, arteko talkan datza; betiere, ekoizpen indar iraultzaileak formazio sozial kapitalistaren baitan garatutako eta plusbalio erlatiboaren ekoizpenak sortutako ekoizpen indarren klase konposizio (eta hortaz teknikoa ere) aldatuko duten ekoizpen harreman eredu berri bat diren heinean (Marx; 1987: 81). Horregatik ekoizpen indar sozial eta ekoizpen harremanen arteko gatazka iraultzaileak bi definizio analitiko izan ditzake: a) antolaketa politiko proletarioaren eta balorearen legearen arteko lehia; eta

b) kapitalaren klase konposizio eta bere forma politikoen eta ekoizpen harreman komunisten arteko klase borroka. Aurreko parrafoan aipatutako kondizio objektibo eta baliabide materialak dira kapitalismoaren garapen maila historiko jakin baten ekoizpen eredu komunistaren agerpena ahalbidetzen dutenak. Halaber ekonomia politikoaren kritikak bere jatorriari zor dion lexiko tekniko zein ekonomizista darabilen arren (Heinrich; 2008: 50), bere kontzeptuek formazio sozial kapitalistaren klase konposizioari eta, hortaz, langileen eta burgesen arteko botere harremanei egiten diete erreferentzia; bada, ekoizpen harreman eta ekoizpen indar komunistez mintzatzean langileriak klase borroka egiteko garatu dezakeen antolaketa politiko komunistaz ari gara12, zeinari une estrategiko eta forma instituzional ezberdinak esleitzen zaizkion bere garapen mailaren arabera: Partidu Komunista eta, ondoren, Proletalgoaren Diktadura adibidez. Ekoizpen eredu komunista orain indar iraultzaileak egikaritu daitezen beharrezkoa den lanaren dibisio militantea da, ez dugu mekanikoki sortuko den aberastasunaren ekoizpen eta banaketa eredu ekonomiko huts eta soil batekin nahastu behar.

Kapitalismoan langileriak garatu ditzakeen ekoizpen harreman efektiboek beren existentzia baldintza objektiboak inplikatzen dituzte, lehendik ekoizpen-bide zaharkitu batzuk hartu izan ditugu adibidetzat. Ostera, baliabide material hauek programa taktiko baten indar iraultzaile izan daitezen Partidu Komunistaren arrazionaltasunaren menpe egon behar dute, proletalgoaren klase posizio subjektibotik ondorioztatzen den logika politikora txertatuko dituen kontzeptu pean hain zuzen ere, honek ekimen politikorako dagokien forma soziala eskainiko baitie (Magri; 1975: 60). Halatan bada harreman militante hauek ebazteko hausnarketa objektu bereiztu eta ahaztu bat: garaian garaiko langileen arteko harreman sozialak edo plusbalioaren ekoizpenerako garaiaren arabera egonkortu izan den lanaren antolaketa sozialak eragiten duen langileriaren klase osaketa subjektiboa (Negri; 2004: 37). Langileen sozializazio ereduen gaitasun taktikoarengan ere pentsatu beharra dugu, langileon arteko harreman zehatzek antolaketa politikoaren eraginez programa taktiko iraultzailean ezartzeko ahala adierazten dute-eta. Proletarizazio prozesua langileriaren bizikidetza eraldatzen ari den honetan, langileen elkarren arteko dependentzia areagotuz batez ere, erreprodukzio unitate sozialetan merkatuaren bitartekaritzarik gabe langileok bizi gaitezen norbanako partikularrek burutzen dituzten aktibitateetan, eta geure arteko harremanetan, pentsa genezake esate baterako. Langileon arteko erreprodukzio harremanak klase batasun kontziente bilakatu ote daitezkeen frogatu beharra dago, lortzekotan langileriaren menpekotasun egoeraren premia politikoekin koherentea den forma soziala eskainiko baitzaie halabeharrez era espontaneoan eta inertziaz garatu diren harreman hauei (Lebowitz; 2005: 254).

Plusbalioaren egokitzapen produktiboa dela-eta lan-indar merkantziaren erreprodukzio aktibitate askok bere izaera merkantila galdu dute, egun ezin daitezke diruarekin erosi eta horren poderioz langileen elkarrekiko dependentzia zuzena indartu egin da. Orain langileek euren bizitzak erreproduzitu daitezen beharrezkoak diren aktibitate horietako asko elkarri lagunduz gauzatzen badituzte ere, orohar hauek elkarren indiferentziaz eta mekanikoki egonkortu ohi diren erreprodukzio harremanak dira eta ez dute arrazionaltasun politikorik. Horren ondorioz, ez baitute kapitalaren harremana erasotzen, plusbalioaren ekoizpenari dagokion forma soziala garatzen dute erreprodukzio harremanek eta langileek bizirik irauteko lan-postutik kanpo betetzen dituzte gainontzeko “lan” horiek lan-indar merkantzia kapitalisten kontsumorako erreproduzitzen duten ordaindu bako aktibitate lez egikaritzen dira (2005: 196).

Langileek ezin dituzte euren diru-ordainarekin lan-indarraren erreprodukziorako beharrezkoak diren produktu eta aktibitate guztiak erosi. Nahiz eta kapitalistek ordaintzen dieten diruarekin merkatura jo dezaketen eta garaiaren arabera merkantzia kantitate jakin bat eskuratu (2005: 86), orohar langileen soldatek ukan dezaketen erosketa gaitasunak ezin du lan-indarraren erreprodukzio osoa ordaindu. Lan-indarraren erreprodukziorako nahitaezkoak diren beste eginkizun asko ere bada ordea, soldatarekin ezin daitezkeenak erosi eta kapitalistek ordaintzen ez dituztenak beraz13: merkatuan erositako produktuak lan-indarraren erreprodukziorako baliabide bilakatu daitezen hauekin burutzen den lan oro adibidez (195); sukalde lanak, etxeko higiene neurriak, bolanteari helduta ematen ditugun orduak… Soldata ez da lan-indar merkantziaren eraberritze edo ekoizpen prozesuan metabolismo osoaren, hau da lan-indarraren kontsumoa beraren, baliokidea dirutan, garaiaren arabera merkatuan erosi ditzakeen merkantzien baturaren neurria baizik. Marxen iritziz lan-indar merkantziaren prezioa ezaugarri historiko eta moralengatik ere baldintzatua dago (Marx; 2016a: 230), hori dela-eta soldatarekin ordaindu daitekeen baliabide eta aktibitate sozialen (zerbitzuen) bataz-bestekoa garaiaren eta lekuaren araberakoa litzateke. Ongizate-estatuetan lan-indarrak bizi duen debaluazioaren poderioz soldatarekin ordaindu daitekeen merkantzia kantitatea murrizten ari da eta egoera honek dakarren trantsizio kulturala, langileriaren erreprodukzio harremanen eta merkatuaren urradura unea hain zuzen ere, programa taktiko komunista indartzeko aukera izan daiteke14. Arrazionaltasun komunistaren mendean har dezagun langileriaren zorigaitza; langileen bizimoduen halabeharra da-eta klase gisa, gerora burgesek euren lana esplotatu dezaten, lan-indar merkantziaren biziraupena ziurtatzea eta ondorioz, hil ala biziko auzia izaki, barneratu eta egokitu egiten ditu etsita bere errutinaren baitan lan-indar merkantziaren prezioak izan ditzakeen oszilazio guztiak.

Proletarizazioaren eraginez erreprodukzio unitate sozialak zabaldu eta gertukoenen erreprodukzioaz arduratzen direnek elkarrekiko indiferentziaz, edo politikoa ez den beste edonolako motibazio pertsonalei jarraiki, jokatu ohi dute. Alabaina lan- indarraren erreprodukzio unitateetan langileek garatzen dituzten elkar-laguntza sareak ahalmen handiko harreman politikoak izango lirateke programa taktiko komunistaren, eta hau burutzen duen militantziaren, beharren arabera antolatuko bagenitu. Langileek euren lan-indarra erreproduzitu asmoz sortzen dituzten elkarren arteko lotura sozial instituzionalizatuek, berriz, arreta lanaren esplotazioaren efektuei jartzen dieten izaera ideologiko ezberdinak izaten dituzte (gurasoen betebehar morala edo seme-alabekiko maitasuna, laguntasun harreman leialak, karitatea…) eta, arazoaren jatorria suntsitzeko ahalmenik ez duten neurri horien eraginez, lan-indar merkantziaren debaluazioak eragindako albo-kalteak arindu besterik ez dira egiten maiz, burgesiaren erantzukizun zuzena zuritzen delarik (Marx/Engels; 2016: 464). Horren da kafkiarra langileon bizimodua, ezen gure hautuek kapitalaren harremana ahuldu ezean gure arteko elkar- laguntza harremanek lan-indarra lan-indar merkantzia gisa ekoiztuko duten, eta ondorioz plusbalioaren ekoizpenari komeni zaizkion lanaren esplotazioaren erreprodukzio baldintzak egokitu eta orekatu ere (Tronti; 2001: 76). Klase borroka baretzea dakar honek, izan ere lanaren eta kapitalaren arteko antagonismoa ez da ekoizpen eredu kapitalistaren elementu immanentea, antagonismoa ager dadin antolaketa politikoa garatu behar du-eta langileriak bere lan-indarraren erreprodukzio prozesuan: besteak beste, soldatapeko erregimenaren dependentzia murriztea ahalbidetuko duen antolakuntza politikoa esleituz lan-indarraren erreprodukzio premiek sortu dituzten harremanei. Hau da, langileok gure lan-indarraren erreprodukzio merkantilera bideratzen ditugun ahaleginak gure klase posizio subjektiboari dagokion zentzu politikoaren indar bilakatu, eta lan-indar merkantziak sortzeari utzi, militante komunisten ekoizpen esparru izan daitezen lan- indarraren erreprodukzio unitate sozialak. Hona hemen adibide xume bat: militante askok euren eginkizun politikoa dela-eta ez dute zortzi orduz soldatapeko lanean jarduteko betarik, diru-ordain txikiak izaten dituzte edo gurasoen diruaz bizi dira; garraiorako beharrezkoa zaien dirua adibidez edozein motatako aitzakia pean lortzen dute gurasoak engainatuz eta azaldu ezin daitezkeen bizimodu horiek sortzen dituzten egoera familiarrak jasangaitzak bilakatu daitezke; zein ezberdina litzatekeen, ahal izatekotan, seme-alaba militanteen bizimodua errespetatu eta elkar-laguntza harreman kontziente eta politikoak garatuko balira euren artean. Estrategia komunistaren eginkizunetako bat baita hamarkadetan zehar sistematizatu diren langileen arteko erreprodukzio harremanak burgesia erasotu dezakeen politikoki antolatutako klase elkartasun bilakatzea (Lukács; 2014: 81). Eta eginkizun honek gaurkotasun nabaria bereganatu du proletarizazio prozesua lan-indarraren erreprodukzioaz arduratzen diren unitate sozialak zabaldu baitu. Merkatuaren bitartekaritzatik aldendu diren aktibitate hauek programa taktiko iraultzailera subordinatzean proletalgoak bere klase independentzia garatzeko boterea eskuratuko dezake; izan ere horrela langileek beraiek euren klasean txertatzen dituzten interes burgesen eragina murriztu daiteke eta, ondorioz, kapitalarekiko dependentzia subjektiboa txikiagotu ere. Proletalgoaren programa taktiko iraultzailea lanaren dibisio sozialista edo militantearen antolakuntzan datza, langile-boterearen eraikuntzan alegia; optika horrekin begietsi ditzakegu lanaren debaluazioak sortuko dituen langileen arteko nahitaezko harreman berriak.

Militante komunistei ohore, krudela da gure etorkizun oparoa.



Oharrak:

 

1 Langile aristokraziaren behin-behineko kontzeptua darabilgu hemen, orohar aipatu legez langileriaren estratu jakin bat adierazteko, gaitasun ekonomiko-merkantil handiena duen sektorea hain zuzen ere. Langile-aristokraziaren fenomenoari azalpen desberdinak eman nahi izan zaizkio (Marx eta Engelsek, Leninek eta Zinovievek…), baina testu honetan estratu horren existentzia onartu besterik ez dugu egiten, kapitalaren akumulazio eta krisiaren teorien posizio determinatuak gure egin gabe; zuhurtzia dela-eta.

2 “La escuela filantrópica es la escuela humanitaria perfeccionada. Niega la necesidad del antagonismo; quiere convertir a todos los hombres en burgueses; quiere realizar la teoría en tanto que se distinga de la práctica y no contenga antagonismo. Ni qué decir tiene que en la teoría es fácil hacer abstracción de las contradicciones que se encuentran a cada paso en la realidad. Esta teoría equivaldría entonces a la realidad idealizada. Por consiguiente, los filántropos quieren conservar las categorías que expresan las relaciones burguesas, pero sin el antagonismo que es su esencia y que les es inseparable. Creen que combaten firmemente la práctica burguesa, pero son más burgueses que nadie” (Marx; 1987: 80-81).

3 “…si la dirección capitalista es dual por el proceso, […] también es despótica por su forma. […] Igual que el capitalista se despliega primero del trabajo manual tan pronto como su capital alcanza ese mínimo con el que se inicia la verdadera producción capitalista, también vuelve a ceder ahora a una clase especial de asalariados la función de vigilar directa y continuamente a los obreros aislados y a los propios grupos de obreros” (2016b: 30).

4 “…en el curso de nuestro autoproducirnos, no solo consumimos valores de uso, sino también las relaciones sociales bajo las cuales son producidos esos valores de uso” (Lebowitz; 2005: 203).

5 “Dada la existencia del individuo, la producción de la fuerza de trabajo consiste en su propia reproducción o conservación. Para su conservación, el individuo vivo necesita cierta suma de medios de vida. […] el valor de la fuerza de trabajo es el valor de los medios de subsistencia necesarios para la conservación de su poseedor” (Marx; 2016a: 229).

 6 “La clase obrera debe organizarse conscientemente como elemento irracional dentro de la racionalidad específica de la producción capitalista. La creciente racionalización del capitalismo moderno debe encontrar un límite irrebatible en la creciente irrazonabilidad de los obreros organizados, es decir, en el rechazo obrero a la integración política dentro del desarrollo económico del sistema” (Tronti; 2001: 86).

7 “En tales modos de pensar no se tiene en cuenta el factor tiempo y en última instancia ni la misma economía, en el sentido de que no se entiende cómo los hechos ideológicos de masa están siempre en retaso con respecto a los fenómenos económicos de masa y cómo, por lo tanto, el impulso automático debido al factor económico es en ciertos momentos demorado, trabado y hasta destruido momentáneamente por los elementos ideológicos tradicionales. No se entiende que por ello debe haber una lucha consciente y preparada para hacer comprender las exigencias de la posición económica de masa que pueden estar en contradicción con las directivas de los jefes tradicionales. Siempre es necesario una iniciativa política apropiada para liberar al impulso económico de las trabas de la política tradicional, o sea para cambiar la dirección política de ciertas fuerzas que es preciso absorber para realizar un bloque histórico económico-político, homogéneo, sin contradicciones internas” (2018: 30).

8 Eta ez soilik langileriaren aurkako borrokan: “La burguesía vive en lucha permanente: al principio, contra la aristocracia; después, contra aquellas facciones de la misma burguesía cuyos intereses entran en contradicción con los progresos de la industria, y siempre, en fin, contra la burguesía de los demás países. En todas estas luchas se ve forzada a apelar al proletariado, a reclamar su ayuda y a arrastrarle así al movimiento político” (Marx/Engels; 2016: 31).

9 “…las dos formas de plusvalía, la absoluta y la relativa -si se las quiere considerar a cada una para sí, como existencias separadas (y la plusvalía absoluta precede siempre a la relativa)- corresponden a dos formas separadas de la subsunción del trabajo al capital, o dos formas de producción capitalista separadas, de las cuales la primera es siempre precursora de la segunda, aunque la más desarrollada, la segunda puede constituir a su vez la base para la introducción de la primera en nuevas ramas de producción”. (Marx; 2009: 60).

10 “…con la producción de plusvalía relativa (para el capitalista individual, en la medida en que toma la iniciativa acicateado por la circunstancia de que el valor = al tiempo de trabajo socialmente necesario que se ha objetivado en el producto; estimulado por el hecho de que consiguientemente el valor individual de su producto está por debajo de su valor social y de que, por ende, se le puede vender por encima de su valor) se modifica toda la forma real del modo de producción y surge (incluso desde el punto de vista tecnológico) un modo de producción específicamente capitalista, sobre cuya base y al mismo tiempo que él se desarrollan las relaciones de producción -correspondientes al proceso productivo capitalista- entre los diversos agentes de la producción y en particular entre el capitalista y los asalariados” (2009: 59).

11 “El proceso de composición unitaria del capital a escala internacional puede convertirse en la base material de recomposición política de la clase obrera, y en este sentido en momento estratégico positivo para la revolución, únicamente si es acompañado por un crecimiento revolucionario, no sólo de la clase, sino de la organización de la clase” (Tronti; 2001: 95).

12 “Las condiciones económicas transformaron primero a la masa de la población del país en trabajadores. La dominación del capital ha creado esta masa una situación común, intereses comunes. Así, pues, esta masa es ya una clase con respecto al capital, pero aún no es una clase para sí. Los intereses que defiende se convierten en intereses de clase. Pero la lucha de clase contra clase es una lucha política” (Marx; 1987: 120).

13 Zehaztasun osoz hitz egingo bagenu ezingo genuke esan kapitalistek ezer ordaintzen dutenik, langileek lan-indar merkantziaren salmentan lortzen duten diru-ordaina aurreko ekoizpen prozesuetan kapitalistek langileei lapurtutako “lanaren” salmentan lortutako diruarekin ordaintzen da-eta (Marx; 1971; 417-418).

14 “Aquí una estrategia de rechazo total de la sociedad capitalista debe encontrar las formas tácticas positivas de agresión más eficaces contra el poder concreto de los capitalistas. No basta entonces con rechazar la colaboración para resolver las dificultades coyunturales: es necesario remitir estas dificultades a su lugar de origen, que se halla en las estructuras productivas, y evitar que se resuelvan en el mercado, bloquear así las diversas políticas anticoyunturales posibles, desencadenar en todas partes luchas obreras como respuesta a la petición de tregua, impedir por esta vía la estabilización” (Tronti; 2001: 104-105).

 

Bibliografia:

 

-Arrighi, Giovanni; El largo siglo XX, Madrid: Ediciones Akal, 2014.

-Arrighi, Giovanni, Hopkins, Terence K., Wallerstein, Immanuel; Movimientos Antisistémicos, Madrid: Ediciones Akal, 2012.

-Astarita, Rolando; El capitalismo roto, anatomía de la crisis económica, Madrid: La linterna sorda, 2009.

-Claudín, Fernando; Eurocomunismo y socialismo, Madrid: Siglo XXI Editores, 1977.

-Dobb, Maurice; Estudios sobre el desarrollo del capital, Madrid: Siglo XXI Editores, 1973.

-Dussel, Enrique; La producción teórica de Marx, un comentario de los GRUNDRISSE, México,

D. F.: Siglo XXI Editores, 2016.

-Fontana, Josep; Por el bien del imperio, una historia del mundo desde 1945, Barcelona: Ediciones de Pasado y Presente, 2018.

-Gramsci, Antonio; Notas sobre Maquiavelo, sobre la política y el estado moderno, Granada: Editorial Comares, 2018.

-Grossmann, Henryk; La ley de la acumulación y del derrumbe del sistema capitalista, Madrid: Siglo XXI Editores, 1979.

-Heinrich, Michael; Crítica de la economía política. Una introducción a El Capital de Marx, Madrid: Escolar y Mayo Editores, 2008.

-Lenin, V. I., Obras escogidas en tres tomos I, Moscú: Editorial Progreso, 1961.

-Lebowitz, Michael A., Más allá de El capital, La economía política de la clase obrera en Marx, Madrid: Ediciones Akal, 2005.

-Lukács, Georg; Historia y conciencia de clase, Buenos Aires: Ediciones ryr, 2013.

-Lukács, György, Táctica y ética. Escritos tempranos (1919-1929), Buenos Aires: Herramienta Ediciones, 2014.

-Luxemburgo, Rosa; Introducción a la economía política, Madrid: Siglo XXI Editores, 2015.

-Magri, Lucio; Problemas de la teoría marxista del partido revolucionario, Barcelona: Editorial Anagrama, 1975.

-Marx, Karl; Contribución a la crítica de la economía política, Madrid: Siglo XXI Editores, 2008.

-,El Capital, Libro I – Tomo I, Madrid: Ediciones Akal, 2016a.

-,El Capital, Libro I Capítulo VI (inédito), Madrid: Siglo XXI Editores, 2009.

-,El Capital, Libro I – Tomo II, Madrid: Ediciones Akal, 2016b.

-,El Capital III, México, D. F.: FONDO DE CULTURA ECONÓMICA, 2000.

-,Elementos fundamentales para la crítica de la economía política 1 (Grundrisse), Madrid: Siglo XXI Editores, 1971.

-,Miseria de la filosofía, México, D. F.: Siglo XXI Editores, 1987.

-Marx, Karl, Engels, Friedrich; Obras escogidas Vol. 1, Madrid: Ediciones Akal, 2016.

-, Obras escogidas Vol. 2, Madrid: Ediciones Akal, 1975.


-Mattick, Paul; Crisis económica y teoría de la crisis, un ensayo sobre Marx y la “ciencia económica”, Madrid: Maia Ediciones, 2014.

-Negri, Antonio; La fábrica de la estrategia, Madrid: Ediciones Akal, 2004.

-Panzieri, Raniero; Sull´uso capitalistico delle macchine nel neocapitalismo, Milano: Quaderni Rossi n. 1 (53-73), 1961.

-Silver, Beverly J.; Fuerzas de trabajo, los movimientos obreros y la globalización desde 1870, Madrid: Ediciones Akal, 2005.

-Tronti, Mario; Obreros y capital, Madrid: Ediciones Akal, 2001.