Skip to Content
IKUSPUNTUA / Azaroak 25

A25: indarkeria matxista amaitzeko, borrokara

IKUSPUNTUA

Azaroaren 25aren atarian gaude berriro. Eguna urtero legez dator, gordin; baina zifrek okerrera egin dute: adingabeen kontrako erasoak, indarkeria matxista jasandako emakume etxegabetuak, eraildakoak. Matxismoak geure barruak astindu beharko lizkiguke. Sutu egin beharko ginateke gure aurka oldartzen diren bakoitzean bikotekideak, etxejabeak, enpresariak.

Aurtengoa hauteskunde-lehia betean tokatzen da. Aurreikusgarria zen bezala, ezkerreko alderdi instituzionalek faxismoaren mehatxua zabaldu dute, eta emakumearen auziaz baliatu dira botoa erakarri nahian. Kezka erreala da, basakeria matxista normalizatzen ari delako eta eskuinak eta ultraeskuinak neurri atzerakoiak mahaigaineratu dituztelako.

Hala ere, azken urteetan argi gelditu da instituzio kapitalisten baitan ezinezkoa dela emakumeon aurkako indarkeria gelditzea. Gobernu aurrerakoia buru, emakume langileen bizi baldintzak kaskartu dituzte, kaleak hustu, eta matxismoari aurre egitea lehentasunen agendatik kendu dute. Horrela, ideia matxistak nahierara hazi dira eta faxismoa elikatu dute.

Era berean, egia bat frogatu dugu: matxismoaren eta faxismoaren aurkako jarduna lehen lerroan jarriz, posible dela posizio erreakzionarioek aurrera ez egitea, eta erasotzaileen inpunitateari aurre egitea. Eguneroko lanak gazte belaunaldiak eta, orokorki, langile klasea guztion babesean eta berdintasunean hezten ditu; sozialismoaren aldeko borroka gaurdanik ari baita zapalkuntzarik eta erasorik onartuko ez duen gizarte berri baten oinarriak ezartzen.

Indarra erakutsi behar du indarkeria matxistaren aurkako borrokak Azaroaren 25 honetan. Kontzientziazio lana egiten eta antolakuntza iraultzailea hedatzen jarraitu behar dugu, gero eta emakume eta militante gehiago baikara matxismoa amaitzeko borroka muturrera eramateko prest gaudenak.