EFEMERIDEAK / Errepresioa

Urriak 28: 'Pandora II' operazioaren baitako 24 atxiloketa

2015eko urriaren 28an, Espainiako Poliziak mugimendu libertarioko hamar lagun atxilotu zituen Madrilen, Bartzelonan, Palentzian eta Granadan.
Urriak 28: 'Pandora II' operazioaren baitako 24 atxiloketa

EFEMERIDEAK

Gaurko egunez, duela 11 urte, Espainiako Poliziak hamar lagun atxilotu zituen Madrilen, Bartzelonan, Palentzian eta Granadan, 2015eko urriaren 28an. "Erakunde terrorista bateko kide" izatea leporatu zieten pertsona horiei. Eremu horietako Informazio Brigadarekin elkarlanean aritu zen Polizia, eta Pandora II operazio gisa egin zen ezagun mugimendu libertarioaren aurkako errepresio kasu hura.

Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, eta Terrorismoaren Aurkako Legea baliatuta, polizia-autoan agenteek adierazi zuten "Talde Anarkista Koordinatuetako" kideak atxilo hartzea eta ikertzea zutela helburu, agiri horretan, ikerketapean zeuden pertsonak ezein ekintza konkreturekin lotzen ez baziren ere. Hala ere, autoan zera ere egotzi zieten poliziek: "sabotajeekin eta lehergailuak jartzearekin harremanduriko delitu-ekintzen antolaketa". Horrez gain, egun hartan miaketak egin zituzten Madrilgo La Quimera CSOA eta Vallekasko 13-14 gune autogestionatuetan, baita bertako materiala lapurtu ere. Hori dela eta, miaketek eragindako istiluetan, beste hamalau lagun eraman zituzten atxilo polizia-etxetara, "erresistentzia" egotzita.

Urriaren 28an atzemandako pertsonen artean, batek hainbat aste igaro zituen kartzelan, behin-behineko espetxealdian. Azkenerako, bederatzi lagun ikertu zituzten, eta zortzi hilabete beranduago, 2016ko ekainean, artxibatu egin zuten kasua. Horretarako, epaileak ondorioztatu zuen "ikertzaileek" zortzi hilabetean erakutsi ahal izan zuten bakarra zela inputatuek elkar ezagutzen zutela eta elkarrizketa politikoak eduki ohi zituztela. 2021ean, atxilotuetako batek tratu txarrak eta bizipen horiekin loturiko trauma salatu zituen.