Agerraldi jendetsu bat egin dute Zumaian (Gipuzkoa), Etxape Zentro Sozialista eta bertan martxan dauden proiektuak arriskuan daudela salatzeko. "Duela hilabete batzuk jakin genuen Etxape eta bertako proiektuen jarraikortasuna kolokan zeudela, espazioa salerosi eta gu bertatik botatzeko asmoa baitzuten lokalaren aurreko jabeak [Eroski] eta jabe berriak [promotore bat]", azaldu du Urola Kostako Kontseilu Sozialistak. "Abenduan bertan saiatu ziren gu botatzen, kontratua amaitzen zela aprobetxatuta, baina tinko mantendu ginen eta gaur arte espazioan jarraitzea lortu dugu, gure jarduera politiko eta sozialari segida emanez".
Denbora horretan guztian, espazioa birkalifikatzeko lanak martxan jarri nahi izan ditu promotoreak, bere asmoa baita gaur egun Zentro Sozialista dagoen lekuan etxebizitza tasatuak eraikitzea eta horri esker aberastea, Zumaiako udal-ordenantza batek horretarako aukera ematen diolakoan.

"Espazioak inoiz baino bizi gehiago du"; promotorearen heldulekua zalantzan
Kontseilu Sozialistak argitu duenez, dena den, udal-ordenantzak ez lioke aukera hori bermatuko. "Ordenantzaren helburua da aktibitaterik ez duten eta hutsak dauden lokalei erabilera bat ematea, eta ez gaur egun jarduera martxan duten horiek hustea", seinalatu du: "Etxaperen kasuan begi-bistakoa da espazioak inoiz baino bizi gehiago duela, eta horren erakusle dira azken urteetan aurrera eramandako jarduera, ekimen eta proiektuak". Horiek horrela, Kontseilu Sozialistako kideek adierazi dute Zumaiako Udalak (EH Bildu) ez lukeela promotoreak bere proiektuarekin aurrera egitea "baimendu beharko".
Duela hiru urte baino gehiago hartu zuen eraikina Urola Kostako Mugimendu Sozialistak, eta "krisiak gogorren kolpatu dituen langile-klaseko sektoreen pobretze orokorrari aurre egiteko" proiektu eta lan-lerro ugari dituzte martxan ordutik: elkartasun-bilketak (arropa eta eskola-materiala kasu), hainbat arlotako errefortzu-eskolak adin guztietako pertsonentzat, gimnasioa, etxebizitzari eta soldatapeko lanari lotutako aholkularitza... Horrez gain, askotariko egitarauak prestatzen dituzte bertan, hitzaldiak, tailerrak, erakusketak eta proiekzioak besteren artean.

Promotorearen asmoa: etxebizitzaren negozioari esker aberastea
"Eraiki nahi dituen etxebizitzen ustezko izaera soziala azpimarratu arren, promotoreak benetan bilatzen duen bakarra higiezin honekin negozioa egitea da, eta asmo horrekin erosi du lokala: etxebizitzak eraiki eta epe laburrean bertatik etekin ekonomikoa ateratzeko esperantzarekin", salatu dute Urola Kostako kideek: "Hori edozein preziotan egin nahi du, baita horretarako jardun sozial eta politiko aktiboa duen espazio bat desalojatu behar badu ere". Horren kontra, Etxape Zentro Sozialistaren defentsa berretsi dute Urola Kostako Kontseilu Sozialistak eta bertan abiatutako proiektuetan parte hartzen duten herritarrek. "Espazioa babesteko eta desalojo-mehatxuen aurka elkartasuna antolatzeko deia egiten diogu Zumaiako zein inguruetako langileriari".